- Goenatxo II.aren marka berdintzen saiatuko da bihar Aimar Irigoienek Aiako Harri Handien Euskadiko Harri-Jasotze Txapelketan hamaikagarren garaipena lortuz. Errezilgoak 2006, 2007, 2008, 2009, 2010, 2012, 2013, 2016, 2017 eta 2019ko txapelak jantzi zituen, eta bihar bilduma horretara beste bat gehitzen saiatuko da, ikuslerik izango ez duen saioan.

Txapela janzteko faborito nagusia Irigoien izango bada ere, parte-hartzaileen artean bada txapelketa hau aurrez irabazi duenik; izan ere, 2014, 2015 eta 2018an Jokin Eizmendi zarauztarra nagusitu zen.

Aimar Galarraga oriotarrak, Iñigo Eizagirre zarauztarrak eta Jon Unanuek -Goenatxo III.ak, Goenatxo II.aren semeak- osatuko dute parte-hartzaileen zerrenda. Julen Díaz arabarrak ere bazuen lehia-tzeko asmoa, baina min hartuta dagoenez ez du plazaratzerik izango.

Harri-jasotzaile bakoitzak hiru minutuko txandan lan egin beharko du harri bakoitzeko. 125 kiloko bola, 150eko kubikoa, 175eko zilindroa eta 175eko laukizuzena jaso beharko dituzte.

Bestalde, igandean, Arabako Zigoitia herrian egingo du ahalegina Luis Mari Txapartegik Urrezko Aizkolari Koparako finalean leku bat lortzeko.