- Bidasoa zaletuak ofizialki Artalekura noiz eta nola itzuli antolatzen dabil. Huescaren aurkako lagunarteko partidaren esperientzia onaren ondoren, eta bazkideak berritzeko kanpaina hasi zenetik zenbait egun igaro direnean, pandemiak baldin-tzatutako itzulera berezi eta berri honi begira dabil buru-belarri kluba. Hilaren 18ko batzar orokorrean eztabaidatutakoaren ildotik, eta bazkide talde baten ekarpenekin eta lankidetzarekin, klubak formulario bat jarri du webgunean, “bazkideek Artalekuko partidetarako dituzten lehentasunen berri eman, eta zein bazkiderekin batera joan nahi duten ere aipatu dezaten”.

Iazko sailkapenaren arabera bi taldeak osatzeko irizpidea baztertu ondoren (aukera horrek bazkideen artean desberdintasunak sor zitzakeen eta Artalekura joan gabe aldi irregularragoak sortu); A taldean, Ademar León, Huesca, Benidorm, Cuenca, Helvetia Anaitasuna, Guadalajara, Sinfín eta Puente Genilen aurkako norgehiagokak daude. B multzoan, berriz, Puerto Sagunto, Nava, Villa de Aranda, Morrazo, Logroño La Rioja, Atletico Valladolid, Cisne eta Granollersen aurkako denboraldiko azken partida.

Bi multzo horietatik kanpo geratu dira Barçaren partida eta EHF European Handball League-koa (kanporaketari dagokiona). Irungo taldeak atzo adierazi zuenez, norgehiagoka horietarako “zozketa bat egingo da, eta bertan parte hartu nahi duten bazkide guztiek aukera berdina izango dute”. Denboraldian zehar bazkideek bertatik bertara ikus ahal izango dituzten partiden behin betiko kopurua, pandemiak eragindako murrizketen bilakaeraren (gaur egun, 600 pertsona harmailetan) eta oraindik martxan dagoen berritze-kanpainaren azken emaitzaren araberakoa izango da.

Kanpainaren hasieran 1.380 bazkide inguru zeuden. Multzoren batean, har daitezkeen baino bazkide gehiagok izena emango balu, beste multzoan birkokatuko lirateke.

Klubaren helburua argi eta garbi utzi dute: “Bazkide guztiak ahalik eta partida kopuru handienera joan daitezela Artalekura, beti ere, osasun eta segurtasun baldintzak erabat bermatuta. Beraz, irizpide nagusitzat mantenduko dugu Artalekura joateko ohitura duten taldeek (familiak, ohiko lagun taldeak, etab.) elkarrekin jarrai-tzea, ahal den neurrian familia bereko bazkideak edota lagun-taldeak (adin txikiko bazkideak barne) ez bereizteko.

Gainera, hauek osatzen dute, kopuruan, bazkide gehien dituen bigarren multzoa, eta derrigorrez, adin nagusiko bazkide batekin joan beharko dute Artalekura.