- Pandemiaren eraginez, denboraldi-aurreko lehen bi lagunartekoak ateak itxita jokatzea erabaki du Super Amara Bera Berak. Talde donostiarrak uztailaren 27an ekin zion denboraldi-aurreari, eta bihar bertan Zubileta Evolution Zuazo izango du aurkari Gasca kiroldegian; larunbatean, berriz, Santanderreko Balonmano Peredaren aurka jokatuko du Bidebietan.

Bizkaitarrek zein kantabriarrek Iberdrola Guerreras Ligako A multzoan jokatuko dute Super Amara Bera Berarekin batera.

Datorren asteari begira, Imanol Alvarezen neskek Valladoliden aurka jokatuko dute asteazkenean Lerinen (Nafarroa), eta larunbatean Granollersen aurka Zaragozan.

Lagunarteko partida hauez gain, abuztuko azken astean Super Amara Bera Berak txapelketa batean parte hartuko du Bilbon, Zuazo, Liberbank Gijon eta Merignacekin batera.

Talde donostiarraren helburua denboraldiko lehen partida ofizialera ahalik eta baldintza onenetan iristea izango da. Super Amarak irailaren 3an egingo du debuta Erreginaren Kopan, Malagako Alhaurin de la Torre herrian, Elxen aurka (12.15). Gipuzkoarrak elxtarrei nagusitzen bazaizkie, handik bi egunera finalerdia jokatuko dute, Aula de Valladolid eta Atletico Guardesen arteko partida irabazten duen taldearen aurka.

Finala irailaren 6an izango da, 17: 45ean. Erreginaren Kopa honetan, eta Bera Berari ez dagokion beste giltzan, Malaga, Rocasa, Liberbank Gijon eta Granollers lehiatuko dira.

Iberdrola ligaren hasiera berriz, irailaren 12rako dago aurreikusita.

Bestalde, Bidasoa-Irunek lagunartekoa jokatuko du larunbat honetan Orioko Karela polikiroldegian, Bada Huesca taldearen aurka (13:00etan).