DONOSTIA - Derrigorrezko geldialdi honen ostean, Xistera abiatzera doa Xistera Masters Txapelketarekin, iazko Zirkuituko onenak izango dira bertan arituko diren pilotariak eta abuztuaren 21ean izango da seguruenik ere finala, ondoren diferituan ETBn ikusteko aukera izango delarik.

Berez interjai izan behar zuena izango da Xistera Master Interjai, formatu azkarrean, kanporaketa erara jokatu baita. Antxon-Goixerri, Gonzalez-Manci, Arbe-D.Mandiola, Aaron-Uranga, Zuloaga-Mandagaran eta Alberro-Zugaitz izango dira parte hartuko dutenak, sei bikote, iazko onenak bere postuetan

Horrela, ostiralean hasiko da ekinaldia, 19.00etatik aurrera hasiko baita jaialdia Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan. Bertan finalerdietako bi neurketak jokatuko dira. Arbe eta Danel Mandiola, Alberro eta Zugaitzen aurka jokatuko dute aurreneko neurketa eta beraiek lanak amaitzen dituztenean, Aaron eta Uranga, Zuloagaren eta Mandagaranen aurka lehiatuko dira.

Ondorengo jaialdiak ere erabakita geratu dira, nahiz eta lekua eta datak falta diren. Horrela, Markina-Xemeingo aurreneko partidako irabazleak, Gonzalezen eta Manciren aurka jokatuko dute finalerdia, eta bigarren partidako irabazleak berriz, Antxonen eta Goixerriren aurka jokatuko dute. Bi irabazleek jokatuko dute finala. Datozen egunetan bai finalerdietako eta baita finaleko lekua eta datak zehaztuko dira.