Oso gaztea izan arren, oso erregularra zarela erakusten ari zara.

Bai, gauzak ongi joan zaizkit. Amaitu dena oso ona izan da, bi finaletan sartzea lortu dut, eta hori ez da oso erreza izaten. Zirkuitoko finala galdu nuen, baina Interjaikoa irabazi egin nuen. Iaztik beste pauso bat eman dut aurrera. Iaz Zirkuituoa irabazi nuen, baina Interjain hirugarren geratu nintzen.

Zirkuitoan sartuta geratu zitzaizun arantza ateratzea lortu zenuen Interjain?

Egia esan bai. Bi finaletara iristea oso zaila izaten da eta irabaztea oraindik zailagoa. Ni bietan izan nintzen, eta aurrenekoa galtzeak min egin zidan, baina bigarren bat neukan, beste txapelketa bat, eta hura irabaztea lortu nuen. Arantza behintzat aterata utzi nuen.

Nolako maila ikusi duzu Xisterako Zirkuitoan eta Interjain?

Maila aldetik oso ona. Interjain iazko onenak aritu gara eta hori nabari da. Txapelketa honek indar handia hartu du, eta maila sekulakoa da. Partida bakoitzean nabari da Txapelketa honek daukan garrantzia. Zirkuituan aurten gauza batzuk aldatu egin dituzte. Beste era batera jokatu da, eta horrek batzuei eragin egin diela uste dut. Hala ere, Zirkuituan ere oso maila handia egon da.

Zein izango da Xisterako denboraldi berrian zure helburua?

Azkenekoan langa oso goian jarri dut. Badakit bi finaletara iristea oso zaila izango dela, beti da zaila, baina azkenekoan lortu nuen, beraz nire helburua gutxienez hori berdintzea izan behar du. Horretan ahalegindu behar dut.

Profesionaletara jauzia egiteko itxaropena mantentzen duzu?

Ameriketara joatea oso zaila dago dauden baldintzengatik. Profesionaletara jauzia egite hori uste dut zestaz gabiltzan guztiok amestu dugula, baina jakinda une honetan gauzak oso zail daudela. Hala ere dauden aukerak baliatu eta gozatzen jarraitu nahi dut. Xisterak Txapelketa oso onak ematen dizkigu, eta gero hor daude Gipuzkoako edo Euskadiko Txapelketak, Herriartekoa, eta beste torneo batzuk. Badaude lehiaketak gozatzeko, eta lanean jarraitzeko modukoak.

Berez urrian 22 Urtez azpiko Munduko Txapelketa daukazu. Egoera berri honek nolabaiteko kezka sortzen dizu?

Ez, batere ez. Ez dakit kontu hau nola joango den, baina gehienez ere atzeratu egingo dute hilabete pare bat edo horrela. Urrirako espero gauzak normaltzen joatea, eta urrian ez bada ondoko hilabeteetan jokatzeko moduan izatea.

Egoera honekin nola mantentzen duzu sasoia?

Ez da erraza. Zestarekin ezin da aritu, beraz ariketa fisiko ezberdinak egin behar dira etxean. Gorputza zaindu, janarekin ere baita, ez baita komeni hau dena amaitzen denean hamar kilo gehiagorekin egotea. Ahal den neurrian gauzak egitea da helburua eta horretan ari naiz.