Andoaingo Axeri dantza berreskuratu zela 50 urte ospatu dira aurten eta 25 urte bete dira emakumeak parte hartzen hasi zirela. Gaur egun belaunaldi desberdinetako 80 herritarrek parte hartzen dute urtero San Joan egunean, ekainaren 24an, herriko festetako ekimen esanguratsuenetarikoan.
Horiek horrela, urtean zehar ekimen ugari antolatu dira bi urteurren garrantzitsu hauek goraipatzeko. Azkenekoa, larunbatean 11.00etan Bastero kulturgunean estreinatuko den Axeri dantza. Herri baten erritua dokumentalaren proiekzioa da.
Aitor Arruti herritarra arduratu da ikusentzunezkoa zuzentzeaz. “Orain dela hiru urte Axeri dantzako talde eragileko kideekin elkartu nintzen eta, azken finean herriko ezagunak direnez, beraiek bazekiten ikusentzunezkoen munduan ibiltzen nintzela eta 2025ean urteurren bikoitz bat ospatuko zutela esan zidaten. Urteurrenak ospatzeko ekitaldi desberdinak egingo zituztela urtean zehar aipatu zuten eta horien artean dokumental bat egitea proposatu zidaten”, gogoratu du Aitor Arrutik.
Errotuta dagoen tradizioa
Zuzendariak herrian hain errotuta dagoen tradizio baten inguruan dokumental berri bat egitea aukera polit bat bezala ikusi zuen. Nahiz eta dantza mundua oso gertukoa ez izan, Axeri dantzako kideek kontatu zizkioten istorio guztiekin bere motibazioa kutsatu zioten: “Hainbeste parte-hartzea duen ekimen bat dokumentatzeak bizitza errazten dizu, azken finean inertzia zaramatza”. Izan ere, 46 grabazio ordu lortu ditu hiru urte hauetan eta azkeneko hilabetetan material guztia 55 minututan laburbiltzen ibili da Arruti “buru belarri”.
Dokumentala modu kronologikoan antolatua dago eta Axeri dantzak dituen zazpi ataletan banatu du. “Kapitulu bakoitza dantza zati horrek duen musikarekin abiatzen da eta dantza pauso horren irudiekin; hasieran artxiboko irudi gehiago erabiltzen ditut iraganari buruz hitz egiten delako eta pixkanaka irudi berriagoak txertatzen joan naiz”, azaldu du. Elkarrizketa ugari daude, baita irudi hutsak dauden zatiak ere kontenplazio-moduan dantza barrutik bizitzeko sentsazioa izateko.
Dokumentalean Axeri dantzaren berreskurapena, hasierako urteak, eduki zituzten zailtasunak, emakumeen parte-hartzeak eragin zituen aldaketa eta tentsioak eta nola azken 25 urteetan barruko dinamikak eraldatzen joan diren jasotzen dira; gaur egunera iritsi arte, “noiz Axeri dantza inoiz baino parte-hartzaileagoa, parekideagoa den eta belaunaldi gazteak engaiatuagoak dauden” zuzendariaren hitzetan. Izan ere, Arrutirentzat Axeri dantzaren arrakasta belaunaldiartekotasunean aurki daiteke.
Belaunaldi ezberdinak
“Jende gazte asko dago eta beraiekin batera 40 urte Axeri dantzan parte hartu izan duten beteranoak, baita 40 urterekin lehen aldiz atera direnak ere badaude; ekimen guztiz irekia da eta parte hartzeko ez da dantzari bat izan beharrik; jolas eta txantxa bat da, dantza baino gehiago, eta entsegu batzuetan parte hartzearekin nahikoa da ekainaren 24an plazan ateratzeko”, esan du zuzendari eta ekoizleak.
Esan bezala, larunbatean 11.00etan estreinatuko da dokumentala Andoaingo Basteron eta hilaren 28an Adunan ere botako dute bi herrietako Axeri dantzek lotura handia dutelako.
“Gaia aztertzen hasi nintzenean, jakin nuen Lizar Makil dantza taldeko kideek Andoainen Axeri dantza dantzatzen zenaren berri izan zutela eta hura berreskuratzeko lanean hasi ziren”, gogoratu du Arrutik.
Adunarekin lotura estua
Galdutako tradizioa zen, baina Adunan topatu zituzten Axeri dantza dantzatu zuten bi aiton. “Ahotsez jaso zuten dantzaren historia eta pausoak eta lehenengo aldiz Andoaingo herritarrek Adunan egin zuten Axeri dantza. Kontutan izan behar da frankismo garaia zela eta herri txikietan libreago sentitzen ziren entseguak egiteko”, azaldu du zuzendariak.
Ondoren Andoainen dantzatu zuten. Hurrengo urteetan hainbat egokitzapen eta aldaketa egiten joan ziren gaur egun duen egitura izan arte. Bi herrietan oso berdintsua.
Horregatik Adunan beste estreinaldi bat egitea bete beharrekoa zela iritzi zion Arrutik, tradizio honen berreskurapenean Tolosaldeko herri txiki honek izan duen berebiziko garrantziarengatik.