Iñaki Goikoetxea: "Xistera egiten ari den lana izugarria da"

14.03.2020 | 13:32
Iñaki Goikoetxea: "Xistera egiten ari den lana izugarria da"

Iñaki Goikoetxea txapeldun handia Tolosako Beotibar Elkarteako entrenatzaileetako bat da. Gustura agertu da lan horrekin, eta Xisterak egiten duen lana ere goraipatu nahi du, bere ustez sekulako bultzada eman baitio zestari. Hala ere, kirol honek aurrera egin ahal izateko denen artean egin behar dela lan aitortzen du.

Nolatan iritsi zen Tolosan entrenatzeko aukera?

Orain dela bi urte deitu zidaten ea nahi nuen hango umeekin aritu, baina orduan ezinezkoa zen, ezin nuen, beste konpromezu batzuk nituelako. Haiek amaitutakoan berriro jarri ginen harremanetan, eta aurrera.

Nolako bizipenak ari zara izaten?

Oso onak, oso gustura nago, eta uste dut beraiek ere horrela egongo direla, ez baidut kontrako iritzirik jaso.

Orain dela gutxi Eskola Kirolaken ekimenaren barruan, Tolosaldeko hainbat ikastetxeetako umeekin aritu zinen. Nolako goiza izan zen?

Oso aberasgarria. Ume batzuk zesta ez zuten ezagutzen, eta uste dut asko balio zuen goiza izan zela. Orokorrean denak oso gustura geratu ginen, eta ea orain bakarren batzuk zesta eskolara hurbiltzen diren.

Ez al da umeen lehentasuna zestaz gozatzea?

Dudarik gabe, nik ere horrelaxe ikusten dut. Lehenengo jolastuz ikasi behar dute zestan aritzen, eta gozatuz ere bai. Horren ostean iritsiko da emaitzei begiratzeko garaia, baina umeek lehenengo gozatu egin behar dute.

Xisteraren lana ere beharrezkoa da ezta?

Dudarik gabe. Xistera sekulako lana egiten ari da, eta bultzada handia eman dio zestari. Gaur egun afizionatuen mailan dagoen txapelketarik garrantzitsuenetakoa da. Pilotariak, gainera, txapelketa horiek jokatzeko irrikaz daude, eta Xisterak ilusio berezia ekarri dio zestari, eta hori oso garrantzitsua da.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Gazteentzat ez da erreza, Ameriketara joatea ez baita samurra. Beste irteera bat eman beharra dago. Denboraldia luzatu behar da, eta hori zabaldu behar da. Garrantzitsua da denak batera lan egitea eta zestaren inguruan gabiltzanon artean egutegi bateratu bat egitea eta hori zabaldu behar da. Garrantzitsua da telebista sartzea eta partidak ordutegi on batean ematea, baina ulertu behar dugu baita ere telebista sartzea nahi badugu, guk ere egutegi bat zehaztuta izan behar dugula, haiek ere dena zehaztu ahal izateko.

Hala ere hobekuntza somatzen da, ezta?

Nik uste dut azkeneko urte pare hauetan gora egin duela, eta hor Xisterak ere zer ikusi handia izan du. Pentsatzen dut okerrago egon dela, eta gorantza honekin jarraitu behar dugu. Horretarako, lehen esan bezala, denen artean egin behar dugu lan.