Juan Bautista “Mate”-k 40 urte baino gehiago eman ditu Tolosako Inauterien batzordean murgilduta. Urtero mozorro berria jantzita, 50etik gorako bilduma dauka honezkero, eta guztiek pizten diote sentipen bereziren bat, soinean eramandako urteko oroimenak gogora ekarriz. Milaka mozorro jantzi arren, emozio bat eta bakarra du Matek: urte osoan bihotzean gordea duen zerbait, gogo betez kanpora ateratzea.

Bizitza osoa daramazu Tolosako Inauterietan parte hartzen, eta 1981etik aurrera festen batzordean zabiltza lanean. Zer dira festa hauek zuretzat?

Niretzat, urte osoan zehar bihotzean daramagun zerbait kanpora ateratzea da. 

Momentu hunkigarri ugari biziko dira inauterietan zehar. Ba al da kuttunena duzun bat? 

Tolosarrontzat bada une bat oso berezia. Igandean zortzietakoa, dianarena hain zuzen ere. Festari hasiera ematen dion momentua da, eta hortik aurrera hasten gara bertakoak mozorrotzen. Ostiral gauean norbait mozorrotuta ikusiz gero, zaude ziur ez dela bertakoa izango. 

Zure begien aurretik hainbat eta hainbat inauteri pasa dira. Zein da hasi zinenetik gaurdaino festan sumatu duzun aldaketarik handiena? 

Lehengo inauteriek eta oraingoek ez dute zerikusirik. Oraingo gazteek beste modu batera ospatzen dituzte festak, eta normala da, urteak aurrera baitoaz. Jendeak orain, ondo janztea eta dantza egitea nahi izaten du; gure garaian ordea, edozein izkinetan jarri eta edozein txorakeri egitea izaten genuen helburu, guk ondo pasa eta gainerakoei ondo pasaraziz. Denborarekin hori galdu egin da. Gaur egungoa apaintsuagoa izaten da, eta nire iritziz behintzat, neurri batean umorea galdu da. 

"Tolosarrontzat bada une bat oso berezia. Igandean zortzietakoa, dianarena hain zuzen ere"

JUAN BAUTISTA "MATE" - Tolosako Inauterietako batzordeko kidea 1981etik

Zer esango zenioke Tolosako Inauterietan sekula egon ez den norbaiti?

Ez etortzeko begira egotera, festan sartu eta murgiltzeko. Mozorroa ekarri eta ondo pasatzeko. Festa hau ezberdina da, txarangak dauzkagu, kalejirak, zezenak, sokamuturra, jauziak, dantzaldiak...

Zer behar du karroza batek ona izateko?

Karroza oso ederrak egiten dituzte gaur egun. Gure garaian ordea, beti egoten zen karrozetan norbait eroarena egiten, jendeari barrea eragin nahian. Gaur egun ordea, serioagoak izan ohi dira alde horretatik. 

Patxi Arratibelen omenezko bost minutuko isilunea zuzendu zenuen, Burgosko epaiketaren ostean aurrenetakoa izan zinen kalera mozorrotuta irteten... Zein da oroimenean iltzatuta geratu zaizun inauterietako momentua? 

Bada, bi horiek hain zuzen. Patxi Arratibel oso laguna nuelako. Eta bestea, Burgosko 1970eko epaiketarena, kalera mozorrotuta atera ginen aurrenetakoak izan ginelako, eskuak kateatuta generamatzala, emaztea eta semeekin. Bi egun horiek ez zaizkit sekula ahaztuko.

"Festa hau ezberdina da, txarangak dauzkagu, kalejirak, zezenak, sokamuturra, jauziak, dantzaldiak..."

JUAN BAUTISTA "MATE" - Tolosako Festen batzordeko kidea 1981etik

Eta egun guztiek artetik, zein da zure gustukoena?

Niretzat igandea, dianaren eguna. Astearteko goizeko seietako alborada ere gustukoa dut oso. Nik bakarra eskatzen dut, eguraldi ona egin dezala eta jendeak ahalik eta gehien disfruta dezala. Ni neu, errenka bada ere, ahalik eta ondoen pasatzen saiatuko naiz.

Horrenbeste mozorroren artean, ba al da gogokoen duzunik?

Mordoa ditut, 50 baino gehiago. Urtero mozorro berriren bat janzten genuen emazteak eta semeek. Denak dira ezberdinak, eta denekin sortzen da harreman berezi bat. Esate baterako: trumoi kapitaina, txorimaloa...bataz ala besteaz, urtero mozorrotuta.

Erraz bereizten al da tolosar bat eta bertakoa ez den bat? 

Normalean bai. Tolosan ia denok ezagutzen dugu elkar. Inauterien bueltan gabiltzanok ia beti berdinak izan ohi gara. Kanpotik datorrena erraz harrapatzen dugu, mozorrotu gabe etortzen delako, edota mozorrotuta badator, ondo dotore apainduta etortzen delako. Tolosarrok ez gara igandean zortziak arte mozorrotzen, danborradan jotzeko ez bada. Guretzat inauteriak igandean, astelehenean eta asteartean ospatzen dira.

"Nik bakarra eskatzen dut, eguraldi ona egin dezala eta jendeak ahalik eta gehien disfruta dezala. Ni neu, errenka bada ere, ahalik eta ondoen pasatzen saiatuko naiz"

JUAN BAUTISTA "MATE" - Tolosako Festen batzordeko kidea 1981etik

Zerbait aldatuko zenioke inauteriei? 

Ederki daude niretzat. Nire iritziz ez dago ezer aldatu beharrik. Gure garaietatik gaurdaino asko aldatu da festa, baina gazteek ere beraien inauteriak ospatu behar dituzte, eta nik ulertzen dut hori. 

Zer da Tolosako Inauteriek duten gauzarik politena? 

Jendearekin sortzen den harremana. Esate baterako, urte osoan zehar haserre egon zaren norbaitekin dantzan aritzea, edozer gerta daiteke. Hori da Tolosako Inauterien ezaugarririk ederrena, bata bestearekin ongi eramatea. Harreman hori ez da beste inon ikusten. 

"Tolosako Inauterien gauzarik ederrena jendearekin sortzen den harremana da. Harreman hori ez da beste inon ikusten"

JUAN BAUTISTA "MATE" - Tolosako Festen batzordeko kidea 1981etik

Festetako batzordeko kide, Iturritza Elkarteko idazkari, xake elkarteko buru ere izandakoa zara, saltsa guztietako perrexila; zein da horrenbeste istorioetan murgiltzera bultzatzen zaituen sekretua? 

Ez dut sekreturik (barrez). Hala ohitu naiz, batean edo bestean, saltsan sartuta beti. Orain lehen baino sasoi eskasagoa dut, baina burua ondo mantentzen dut, eta beraz, hortxe jarraituko dut.

Festaz eta xakeaz gain, hainbat hedabideetan idatzi izan duzu, liburu bat ere baduzu... zer eman dizu pasio bakoitzak? 

Familiari ordu asko kentzea eta, disgusturen bat edo beste ere eman dizkit. Eta Tolosan oso ezaguna izatea ere ekarri dit, Mate izena aipatuz gero, azkar asko esango dizute nor naizen. Etxean geldirik egoten ez dut sekula jakin, eta beti saltsaren batean aritzen nintzen. Egin izan ditudan gauza guztiekin, nire egin beharrak egin ditudanaren sentsazioa izan dut.