- César Palacios Eibarreko kirol zuzendariak agerraldia egin zuen atzo udako merkatuaren balantzea egin eta talde armaginaren liga hasiera aztertzeko. Talde gorri-urdinak lau puntu baino ez ditu lortu lehen lau jardunaldiotan, baina jokalariak “ongi” ikusten omen ditu: “Lau puntu izan arren taldea ondo dago. Hazten ari gara, sentsazioak onak dira eta horri eutsi behar diogu. Lau jardunaldi baino ez dira jokatu eta liga oso luzea da. Bagenekien Huescan hastea ez zela erraza izango. Ezinbestekoa den zorte apur hori ia jardunaldi guztietan falta izan zaigu. Bide onean gaude, ordea, taldeak sentsazio onak igortzen ditu. Golak jaso eta egiterako orduan eraginkortasunean hobetzen jarraitu behar dugu. Nahi dugun bezalakoak izatera iristeko bidean gaude, eta zinez uste dut gehiagora joango garela”.

Palaciosek adierazi zuenez, “klub handi bat izateaz gain, talde bikaina gara; eta hori erakutsi nahi dugu, prozesu horretan gaude”.

Denboraldi honetako jokalariekin “ilusionatuta” dagoela esan du armaginen kirol zuzendariak, bera ere karguan estreinatu den honetan, hamalau jokalari eta entrena-tzailea bera ere berriak direla kontuan izanik. “Burua sendo izan behar dugu bakarka zein talde gisa, une gozoak eta mikatzak etorriko direlako. Ilusioz gainezka gaude. Egindako lanaren fruituak etorriko dira”, gaineratu zuen.

“Ilusioari eusten jakin behar dugu”, adierazi zuen Palaciosek: “Hiru hilabeteotan ez da atsedenik izan, eta pozik gaude. Jaitsieraren denboraldi zail batetik gatoz, gainera. Ez zen lan erraza, eta orain pozik eta ilusioz beteta egoteko garaia da. Fitxaketak egiterako orduan helburuak oso argi genituen, jokalariak, pertsonak, guztia. Eta gehien-gehienak lortu ahal izan ditugu. Lanean eta taldean sinetsi behar dugu. Hiru hilabete hauetan ahalegin guztia egin da, erronka zail bezain itxaropentsu honi aurre egiteko, taldea prest egon zedin”.

Eibartarren kirol zuzendariaren ustez, “jokalari guztiak izango dira garrantzitsuak, denen premia izango dugu, Bigarren Maila oso luzea baita. Gutxien espero duzunean, zigorrak edota lesioak etorriko dira, eta eguneroko lehiakortasun horrek, bakoitzak bere rola hartuta, hobeak egingo gaitu”.

Eibar “talde ona da, eta badu ordezkorik postu guztietan. Konfian-tza itsua dut guztiengan. Eguneroko jardunean oso plantilla lehiakorra da. Guztiek ematen dute ahalik eta gehien egunero, entrenatzaileari erabakiak zaildu eta talde bezala hobeak izateko”.

Nafar futbolari ohiak “soldata mugarekin arazorik ez” dagoela argitu nahi izan du. Une jakinen batean jarduteko malgutasunik ere badugu. Merkatuari adi egon behar da beti, inoiz ez baita ixten, orain kontraturik ez duten jokalariekin edota urtarrilean, bestela. Plangin-tzan ez dugu unean-unekoa soilik antolatzen, etorkizunean ere pentsatzen dugu”.

Cesar Palacios, nola ez ba, pozik agertu zen armaginen zaleak Ipuruara itzultzearekin: “Oso garrantzitsua da Ipuruako zaleak, partidak amaitutakoan, taldearekin eta ahaleginarekin identifikatuta sentitzea. Nahiago nuke laster jende gehiago sartu ahal izango balitz gurean, gutxienez beste hainbat zelaietan adinako ehunekoan”. “Eibarko kaleetan jendea ilusioz blai ikustea izugarri gustatzen zait, balkoiak banderaz josita. Ea denboraldian zehar bandera horiek bikoiztea lortzen dugun. Erabateko konfiantza dugu klub honen lanean eta baloreetan”.

“Klub handi bat izateaz gain, talde bikaina gara, eta hori erakutsi nahi dugu”

Eibarreko kirol zuzendaria