Primera división femenina

Eibarren ahaleginak emaitzarik ez

iberdrola liga Talde armaginak lan ona egin zuen Tenerifen, baina 83. minutuan sartutako golak berdinketa saihestu zuen

15.02.2021 | 01:31
Noko Matlou Granadillako jokalari batekin borrokan, atzo Tenerifen. Argazkia: LaLiga

Granadilla2

Eibar1

UD GRANADILLA DE TENERIFE Aline Reis, Aleksandra, Pisco, Sara López (Ana González, 64.min), Natalia Ramos, Estella, Pleuler, Paola Hernández (Silvia Doblado, 64.min), Ange Koko, María José (Kayla, 64.min) eta Martin-Prieto (Raissa Feujio, 85.min).

EIBAR Noelia Garcia, Ane, Noko Matlou, Queralt, Jimena, Adule (Jujuba, 46.min), Sara Navarro (Llompart, 68.min), Morera (Arola Aparicio, 46. min), Sheila (Arene, 83.min), Mar Torras (Kuki, 83.min) eta Thembi.

Golak 0-1, 5. min: Thembi. 1-1, 31. min: Martín-Prieto. 2-1, 83. min: Martín-Prieto.

Epailea Maria Romero Navarro (Valentziar Elkargokoa). Gorria, bi txartel hori atera ondoren armaginen Noko Matlouri (45.min) eta Llomparti (94.min). Txartel horiak Granadillako Kaylari, eta Eibarreko Aduleri eta Arola Apariciori.

Jazoerak Atzeratuta geratu zen Primera Iberdrolako 17. jardunaldiko partida; La Palmera udal zelaian jokatu zen 320 ikusleren aurrean.

Eibarrek ez zuen saririk jaso atzo Tenerifen Granadillaren aurka lan ona egin arren. Kanariarrak aurtengo denboraldian punta puntan dabiltza, seigarren postuan kokatuta, hirugarrenarengandik hiru puntura. Talde armaginak gol bakar bateko aldearekin galdu zuen (2-1), eta azken gol erabakigarria 83. minutuan jaso zuen. Urtarrilean atzeratutako partida zen, Tenerifeko taldean covid-19ko bi positibo izan zirelako.

Erreginaren Kopa jokatzeko sailka zezaketen hiru puntuak lortzeko asmoarekin ekin zion partidari talde gipuzkoarrak –lehen itzulia amaitzean lehenengo zortzi postuetan daudenak sailkatzen baitira–, eta merezi ere izan zuen, baina azkenean ezin punturik lortu.

Iker Dorronsororen taldeak aurrea hartu zuen bosgarren minutuan Thembiren gol bati esker (hegoafrikarra denboraldi bikaina egiten ari da, eta bederatzi gol sartu ditu jada), kontraerasoko jokaldi bikain batean.

Eibarrek, gainera, ez zuen batere sufritu 22. minutura arte; orduan iritsi zen etxekoen lehen aukera, baina Noeliak geldiketa ona egin zuen berdinketa saihestuz. Minutu batzuk geroago, Thembik beste aukera bat izan zuen, baina Aline Reis atezainak bigarren gola ongi eragotzi zuen, erasotzaile eibartarrarekin buruz burukoan geldiketa ona eginda.

Granadillaren lehen gola 31. minutuan etorri zen. Korner jaurtiketa batean errematea eginda lortu zuen Martin-Prietok berdinketa. Lehen zatia amaitzeko bost minutu falta zirenean, berriro ere Thembik aurrea hartzeko aukera izan zuen, baina ez zuen asmatu atezainaren aurrean. Eta epaileak lehen zatiaren amaiera agindu baino segundo batzuk lehenago, Noko Matlou atzelariak bigarren txartel horia ikusi zuen, eta hori, noski, erabakigarria izan zen norgehiagokak aurrera egin-ahala.

Bigarren zatia berdinduta hasi zen, baina armaginek ahalegin handia egin behar izan zuten jokalari baten falta antzeman ez zedin. Eta, egia esan, gogor saiatu eta lan dotorea egin zuten Dorronsororen neskek. Ondo merezitako puntua Gipuzkoara ekarriko zutela zirudienean sartu zuen Granadillak gola Martin-Prietoren bitartez 83. minutuan. Ezin, beraz armaginek punturik lortu Tenerifera egindako bisitan. Dena den, Dorronsororen neskak azken minuturaino borrokatu ziren, etsi gabe, baina ezin saririk eskuratu.

Noko armaginak bigarren txartel horia jaso zuen atsedenaldiaren atarian, eta jokalari bat gutxiagorekin jokatu zuten bigarren zatia