Iñaki Iurrebaso (Legazpi, 1967) soziologoak eta Garikoitz Goikoetxea (Elduain, 1989) kazetariak kaleratu berri duten Esnatu a la hil liburua aurkeztu dute Donostiako Elkar dendan. Gaur egun euskarak Euskal Herrian bizi duen egoerari buruzko diagnosi ulerterraza eskaintzen du lanak. Iurrebasok 2023an aurkeztu zuen doktorego tesian oinarrituta, datuak eguneratu eta hiru atal nagusitan antolatu dituzte egileek: hizkuntzaren ardatz nagusiak (gaitasuna, atxikimendua, erabilera), bilakaera historikoa eta demografikoa (transmisioa eta aldaketa populazionalak), baita ikuspegi geografikoa ere, lurralde arteko desberdintasunak ulertzeko ezinbesteko gakoa.

Aurkezpenean, Goikoetxeak argi utzi du lanaren xede nagusietako bat ideia zabalduegiak desmitifikatzea izan dela. Horietako bat honakoa da haren ustetan: erabilera dela euskararen arazo nagusia. “Azterketa lana bukatuta, euskarak izan dezakeen erabilera maximotik gertuago dago Euskal Herria ez erabiltzetik baino”, azaldu du. Bere kalkuluen arabera, gaur egun erabilera %15 ingurukoa omen da, eta gehieneko potentziala %20 inguruan legoke. Arazoa, beraz, bestelakoa da: “Ez dugu uste arazoa erabilera denik, eta hutsune handia, aldiz, gaitasunean dago”.

Goikoetxearen esanetan, azken hamarkadetan hiztun gehiago badago ere, euskaraz eroso aritzen diren pertsonen kopurua ez da igo: “Hiztun gehiago dago, baina 30 urtetan ez da euskaraz eroso aritzen diren pertsonen kopurua igo, eta %8an dago”. Horrek, gainera, testuinguru sozial zailarekin egiten du topo. “Inguruak asko egiten du, eta askotan ez da euskararentzako lagungarria izaten”, ohartarazi eta pantailen eragina ere azpimarratu zuen: “Pantailak asko baldintzatu du erabilera”.

Liburuan erabilitako irudi metaforiko batekin azaldu du gaur egungo euskaldunen egoera: “Euskaraz ari direnak eskailera mekaniko bat igotzen saiatzen ari dira, baina eskailera beherantz doa”. Horregatik, abiadura handiagoa behar da atzera ez egiteko. Arnasguneetan (euskararen erabilera %60 edo %80 gainditzen duten herrietan), eskailera norabide berean doa, baina datuek erakusten dute erabileraren joera horietan ere negatiboa dela. “Arnasguneetan ere erabilera negatiboa izan da eta joera beheranzkoa dela ikusi ahal izan dugu azken urteotan”, esan du Goikoetxeak. Eta hausnarketarako galdera hau ere luzatu du: “Izango al ditu euskarak arnas guneak urte batzuetan?”

“Azterketa lana bukatuta, euskarak izan dezakeen erabilera maximotik gertuago dago Euskal Herria ez erabiltzetik baino”

Hausnarketa

Egileek argi dute liburua ez dela atsedeneko irakurgaia, hausnarketarako eta gogoetarako tresna baizik. “Hausnarketa eta gogoeta egiteko helburua izan dugu”, azaldu du Goikoetxeak. Horregatik bereziki zaindu dute grafikoen eta irudien alorra ere: “Ilustrazioak eta grafikoak ulerterrazak eta lagungarriak izatea nahi genuen”. Guztira, ia 50 grafiko eta mapa bildu dituzte azterlanean, euskararen bilakaera eta joerak modu bisualean ulertu ahal izateko. “Liburuak egoeraren ikuspegi orokorra azaltzen du, eta oraindik ñabardura asko gehitu ahal zaizkio liburuari”.

Etorkizunari begira, Siadecok 2036rako egindako proiekzioak ere jaso dituzte liburuan. Aurreikuspen horien arabera, biztanleria zertxobait igoko bada ere, transmisioan eta erabileran beherakada sumatuko da. Goikoetxearen esanetan euskararen indarberritze prozesua sokatiran aritzearen antzekoa da: “Alde batean eskola eta familia tiraka, eta bestean kalea eta pantailak, euskararen aurka”. Bestetik, alderdi politikari erreferentzia eginez, hizkuntza politika tokian tokiko errealitatera egokitu behar dela azpimarratu du; bere esanetan, euskararen erabilera %3koa edo %80koa den herrietan neurri berdinak ezartzeak ez du zentzu handirik. “Arau eta neurriek ez dute zertan beti orokorrak izan behar”.

Goikoetxea eta Iurrebasoren helburua edozein herritar euskaldunengana iristea izan da. “Kaleko edozein euskaltzaleri zuzenduta dago”. Eta honakoa gehitu zuen: “Badirudi etsipen giroa zabaldu dela euskararen inguruan, eta guk liburu hau tresna bat izatea nahi dugu, euskararen bilakaera argiago ikusteko eta jakiteko zergatik gauden hemen. Izan ere, hori baita etorkizunean erabakiak hartzeko ezinbesteko baldintza”.