- Neguko merkatu "zaila" eta mugimendu gutxikoa izan dela esan zuen Fran Garagarza Eibarreko kirol zuzendariak , baina "positiboa" talde armaginarentzat. Izan ere, "Eibarren plantilla orekatu eta konpentsatua" dela uste baitu.

Garagarzak azaldu zuenez, tarte honetan Eibarrek Jose Antonio Martínez, Roberto Olabe eta Damian Kadzior jokalarien irteerak bideratu ditu eta Aleix García erdilari kataluniarra fitxatu. "Taldean 25 jokalari izanda egoera ez zen batere erosoa, eta helburu nagusia irteerak gauzatzea zen".

Kirol zuzendariak adierazi duenez, "neguko merkatuaren helburu nagusia taldea arintzea zen" eta, erraza izan ez arren, hiru jokalari Estatu Batuetako, Portugalgo eta Turkiako talde banatan kokatzea lortu dute. Eta Aleix García erdilari katalanaren etorrerari dagokionez, "1997ko pibotea" libre geratu zen Bukaresteko Dinamo taldean "bere kontratuaren gora beherak medio", eta udako merkatuan ere aztertu omen zuten haren kontratazioa. "Hobetzeko tarte handia eta adin ona ditu, eta aukera ona iruditu zaigu klubarentzat, bai gaurko, eta baliteke etorkizunerako ere hala izatea". Izan ere, kontratua printzipioz denboraldi honetarako bakarrik bada ere, Eibarrek etorkizunean jokalariarekin jarrai-tzeko aukera izango baitu.

Garagarzaren ustez, 23 jokalariko taldearekin geratu izana "hobeto egokitzen da" talde armaginaren nahietara eta beharretara, eta horrekin entrenatzailea ere "erosoago" egongo omen da.

Zentzu horretan azpimarratu zuen "entrenatzaileak aukera ezberdinak ditu posizio ugaritan joka dezaketen jokalariekin, baita sistema ezberdinetarako ere. Lasai nago, taldeak ba baitaki zer nahi duen eta taldearen zuzendaritza ondo maneiatuta dagoelako. Cote itzultzea ere oso albistea ona da, jokalari bat gehiago baitugu entrenatzailearen esanetara".

Azaldu zuenez, Lehen Mailan 32 tratu itxi omen dira, iaz neguko merkatuan egindako operazioen erdiak: "Ia mugimendu guztiak maileguetan izan dira, jokalari batzuk libre, Eibarren kasuan bezala, eta oso erosketa gutxi". "Errealitatea bistan da; egoera zail honetan futbolaren industria ere ondorio latzak pairatzen ari da. Eta horri Ligaren kontrol ekonomikoa gehitzen badiogu, aurreko urteetan mugitzen ginen bezala ibiltzeko zailtasunak agerian geratzen dira", zehaztu zuen.

Fran Garagarzak onartu du Eibar ibili dela "daukaguna hobetu edo beste aukera bat eskaini lezakeen erasoko jokalarien bila, baina erabaki dugu, zeuden aukera horiek ez gintuztela hobetzen, eta ez zuela merezi aurrera egitea".

"Ez genuen itsu-itsuan ezer egin nahi jokalari kopurua gehitzeagatik; eta aukera ugari izan ditugu. Ezer egitekotan, eraso-posizioetan egin behar genuen, bertan daukaguna hobetu eta gure eskema ekonomikoan sartuko zen zerbait. Merkatuari adi egon gara, eta aukerak arretaz aztertu ditugu ", gaineratu zuen.

Ekainaren 30ean kontratua amaitzen zaien Eibarreko jokalariei dagokienez, honakoa adierazi zuen: "Hizketan gabiltza aspalditik kontratua amaitzen duten hainbat jokalarirekin, eta pausoak ematen ari gara, Eibarren ustez klubean jarraitzeko garrantzitsuak diren jokalariek bertan segitzeko aukera izan dezaten".

Kirol arloari dagokionez, Eibarrek aurreko denboraldian baino hiru puntu gutxiago dituela aipatu zuen talde armaginaren kirol arduradun nagusiak; hala ere, sailkapena "oso konprimituta" dagoela azpimarratu zuen, hamar talde baitaude sei puntuko aldearekin. Bere esanetan, sailkapenean gora egiteko edo jaitsieran sar-tzeko tartea "oso txikia da gaur egun".

Fran Garagarzak adierazi zuenez, taldea Ipuruan uzten ari den sentsazioa "emaitzak baino hobea" omen da; garbi aitortu zuen, ordea, Ipuruako zenbakiak "txarrak" direla eta ondotxo dakitela salbazioa "Ipuruako zenbaki horiek hobetzetik" etorriko dela, etxetik kanpo emaitzak "onak" direlako.