Barakaldo – Euskal Herria Txapelaren seigarren edizioa datorren abuztuaren 5ean jokatuko dute Realak eta Athleticek Barakaldon. Euren arteko partidetan aurreko denboraldiko bi euskal talde onenek jokatzen dute urtero txapelketa hori, Euskal Herria Kirola elkarteak antolatuta. Sailkapen horretan talde txuri-urdina nagusitu zen.

Partida abuztuaren 5ean, ostiralez jokatuko da, 20.45ean, eta Realak egun berean Eibarren aurkako lagunartekoa jokatuko du Zubietan, 11:00etatik aurrera. Txapelketa atzo aurkeztu zuten Lasesarre zelaian, Amaia del Campo Barakaldoko alkatea buru zela, eta Jose Angel Iribar eta Imanol Agirretxe bi kluben ordezkaritzan. “Partida hori iristerako, denboraldi-aurreko lanik gogorrena eginda dago, jokalaria Liga noiz iritsiko zain egoten da, hasteko gogoz, prestaketako azken partida izango baita. Jokalariak oso motibatuta egongo dira Ligaren hasiera hain gertu ikusita, hasteko hamar egun falta direnean, eta maila handiko partida bat eskaintzeko moduan izango direla esango nuke”, adierazi zuen Realeko aurrelari ohiak. Usurbildarrak azpimarratu zuenez, “partida ofizial eta Ligako usaina duena izango da. Denboraldi-aurreko lana ia erabat eginda egongo da, lagunarteko partidak jokatuta; beraz, ia Ligako partida bailitzan egingo diote aurre. Taldeek itxura ona erakutsi nahiko dute Liga hastear dagoelako, txapela jokoan dagoelako eta irabazten hastea beti izaten delako mesedegarri”.

Euskal Herria Txapelaren hitzordua izango da, hain zuzen ere, talde txuri-urdinaren denboraldi-aurreko azken partida. Gogoratu Realak Ligako lehen partida igandez jokatuko duela, abuztuaren 14an Cadizen, Mirandilla Berriko zelaian 17.30ean hasita. Beti erakargarri izaten den Athleticen aurkako partidaren aurretik, talde gipuzkoarrak baditu hainbat lagunarteko norgehiagoka: Toulousen aurka Zubietan uztailaren 16an (larunbatez, 19.00etan); Borussia Monchengladbachen aurka hilaren 23an (larunbata, 15.30ean); Osasunaren aurka Tolosan 27an, asteazkenez (ordua lotzeke); Bournemouthi bisita egingo dio 30ean (15.00etan); eta aurrez aipaturiko Eibarren aurkako hilaren 5ekoa. – M. Tolosa