Lau bikote izango dira nor baino nor Azpeitiko XXII. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketan, eta jaialdi berean torneoko emakumezkoen finala eta harri-jasotzaileentzako hiru lehiaketaren amaiera ere jokatuko dira.

Txapela janzteko lehiatuko diren lau bikoteen artean, Aizkolari Txapelketa Nagusiko Julen Alberdi eta Ugaitz Mugerza bertan izango dira, bai eta txapelketa ofizialeko finalista izandako Hodei Ezpeleta txapelduna eta Joxean Etxeberria ere. Bikoteak honako hauek izango dira: Alberdi eta Suharri Rodríguez, Mugerza eta Julen Gabirondo, Etxeberria eta Patxi Mindegia, eta laugarrena Ezpeleta eta Ibai Soroa, azken horrek ordezkatuko baitu Jokin Urretabizkaia -Basozabal-. Donostiarrak ezingo du parte hartu asteazkenean istripua izan baitzuen motozerra batekin. Soroa txapeldun izan zen iaz Txomin Amundarainekin batera.

Ezpeletak eta Urretabizkaiak egin zuten finalerdietako denborarik onena (18:11), Alberdiri eta Rodriguezi (21:32), Mugerzari eta Gabirondori (23:44) eta Etxeberria-Mindegiari (25:08) aurrea hartuz.

Aizkolariek finalean egin beharreko lana hauxe izango da: 45 hazbeteko bi enbor, kanaerdiko bat, 60 hazbeteko bi enbor, zutikako 45eko enbor bat eta beste kanaerdiko bat etzanda; eta txanda librean, bi kanaerdiko, 60 hazbeteko lau enbor eta 65 hazbeteko beste bi.

Emakumezkoetan bi bikote lehiatuko dira eta bost enborreko lana izango dute. Nerea Arruti urnietarra Nerea Sorondo beratarrarekin batera arituko da Irati Astondoa bizkaitarraren eta Laiene Pikabea hernaniarraren aurka. Arrutik eta Sorondok 13 minutu eta 23 segundoko denbora behar izan zuten finalerdian, eta Astondok eta Pikabeak 15:28.

Harri-jasotzea

Jaialdian harri-jasotzaileentzako ere hainbat txapela jokoan izango dira. Gizonezkoetan, Zarauzko Mikel Lopetegi eta Xabat Olaizola lehengusuek eta Beñat Telleria urnietarrak, zilindro zaharra, harri kubikoa eta zortzi arroako esfera (100 kilo) izango dituzte aurrez aurre. 102 jasoaldiko marka bikainarekin 2021ean lortutako garaipena berresten saiatuko da Mikel Lopetegi -Urra-.

Emakumezkoen lehiaketan sei harri-jasotzaile izango dira, hiru kategoriatan banatuta. Maila gorenean, Karmele Gisasola eta Lucía Orbe bizkaitarrek 63 kiloko hiru harritzar altxatu beharko dituzte bina minutuko txandatan.

Debuta egiten dutenentzako kategorian, Lur Errekondo usurbildarra eta Lierni Osa zarauztarra lehiatuko dira 50 kiloko hiru harrirekin.

Aurrekoez gain, gaztetxoentzako txapelketan aurrez aurre izango dira Udane Ostolaza zestoarra eta Aroa Sanchez oriotarra, 50 kiloko harriarekin.