-2020an ezarritako erronkak tajuz osatzea erdietsi du Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiak eta Bilbao Arenan ospatuko den aizkolaritzaren jaialdiarekin emango dio amaiera denboraldiari.

Bilbao Arenan jokatuko dira gizonezkoen eta emakumezkoen Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finalak, azaroaren 21ean, igandez. Jaialdia estatu mailan Gol kanalak eskainiko du, eta beste zenbait herrialdetan ere ikus ahal izango da, atzo Bilbon eskainitako aurkezpenean antolatzaileek azaldu zutenez. Prentsaurrekoan bertan izen ziren Garazi Arruti eta Aitzol Atutxa aizkolariak, baita Xabi Uribe-Etxebarria Sherpa.ai Inteligentzia Artifizialeko enpresako CEOa ere.

Sailkatze proba Zestoan Finalerako sailkatzeko kanporaketak Zestoako Izarraitz kiroldegian jokatuko dira larunbat honetan, arratsaldeko 18.00etan; han izango dira nor baino nor gehiago 16 aizkolari, gizonezkoak hamahiru eta hiru emakume.

Gizonezkoen txandari dagokionez, lehen mailako hamaika aizkolarik eta Araian urriaren 17an jokatutako promozio finalean sailkatu ziren biek osatuko dute taldea. Sei enbor ebaki beharko dituzte: bi kanaerdiko (54), 60 hazbeteko bi, eta beste bi oinbiko (72). Parte-hartzaileak honako hauek izango dira: Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Yon Irazu, Julen Alberdi (Txikia IV), Aitzol Atutxa (Atutxa II), Jon Rekondo, Ugaitz Mugertza, Jexux Mujika, Julen Larrea (Larrea III), Arkaitz Jauregi, Iñaki Azurmendi eta Eloy Corchero.

Emakumezkoetan berriz, txapelketa honetako bost parte-hartzaileetatik, orain bi aste Araian parte hartu ez zuten hirurak lehiatuko dira: Karmele Gisasola (Zelai III), Garazi Arruti eta Uxue Ansorregi. Hauek egin beharreko lana, 36 hazbeteko lau enbor moztea izango da.

Zestoako kanporaketan erabakiko da gizonezkoen zeintzuk sei aizkolarik eta emakumezkoen zein hiruk jokatuko duten aurtengo Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko final handia.

Sailkapen proba horretarako eta azaroaren 21ean Bilbao Arenan jokatuko den finalerako sarrerak eskuragarri daude jada txapelketaren webgunean, www.aizkolaritxapelketanagusia.eus; helduentzat 15 euroan eta 18 urtetik azpikoentzat 5 euroren truke.

Aitzol Atutxak azaldu zituen finalaren nondik norakoak: "Jauzi kualitatibo handia da. Biziki eskertu nahi dugu sustatzailearen ahalegin ekonomikoa jauzi hau eman ahal izateko, egungo aizkolaririk onenak bertan izanik, egoitza benetan ikusgarrian eta final jendetsu bat ospatzeko ekipamendurik osoena eskura izanik. Zaleek eta ikusleek aizkoraren jaialdi handi batekin gozatzeko aukera izango dute, esperientzia zirraragarria biziz". Garazi Arrutik ere hitza hartu eta aitortu zuen: "Oso eskertuta gaudela aizkolaritzaren urteroko jai handian egon ahal izateagatik; eta ea gure parte-hartzearekin kirol hau XXI. mendeko errealitatera egokitzen laguntzen dugun".