MUTRIKU. Bigarren fasea amaitzeko kinielen jardunaldi bat eta finala falta dira, eta final horretan izateko azkeneko txartelak Mutrikun banatuko dira. Larunbatean 16.00etan hasiko da jardunaldia, eta bertan mutilen Xistera Zirkuituan ari diren hiru mailak arituko dira eta bakoitzean bina kiniela jokatuko dira. Lehen eta Bigarren mailan 15era kiniela bakoitza eta Hirugarren mailan 10era.

Lehen Mailan ezer erabakitzeko dago. Sorozabal doa aurrelarien artean lehenengo 49 punturekin, baina ez da Mutrikun izango. Arbe eta Antxonek ere aukerak izango dituzte finalean sartzeko. Atzelarien artean, Aize Iturralde dago ongien kokatuta 49 punturekin, baina atzetik beste sei bat pilotari ere badaude aukerekin.

Bigarren Mailan txartel bat ia seguru dago, Thomas Urrutia gainditzea ia ezinezkoa izango baita, 57 puntu ditu. Gainerako aurrelariek lan asko egin beharko dute txartela lortzeko. Lau bat pilotari daude aukerak izango dituztenak finalean izateko, atzelarien artean gertatzen den moduan. Gorka Sorozabalek aukera asko izango ditu final horretan izateko, 48 tantorekin liderra da, baina beste posturako borroka handia izango da.

Hirugarren mailan, berriz, aurrelarien artean, Eñaut Urreistik ia bi hankak finalean ditu. Lider da 37 punturekin, eta Mutrikun ere izango da. Ondorioz zaila izango da bera inork harrapatzea. Beste posturako lehia handia espero da. Atzelarien artean, 10 punturen barruan bederatzi pilotari daude, eta edozer gerta daiteke.