Urtero legez, abenduaren 31n korrikalariek Hondarribiko kaleak hartuko dituzte Sport Mundi San Silvestre Lasterketa Solidarioan. Aurtengoa XVI. edizioa izango da, eta beti bezala, kirola, jai giroa eta konpromiso soziala uztartuko dira.

Dagoeneko 2.000 lagunek eman dute izena. Sport Mundiko ordezkari Juanan Garciak azaldu zuenez, kopuru hori “inoiz izan den handiena” da, eta antolakuntzak 2.300 parte-hartzaileren muga ezarri du, orain arteko handiena. Garciaren hitzetan, San Silvestrea “urteen poderioz sendotu den hitzordua da, tradizioa, atletismoa eta gizarte konpromisoa uztartzen dituena”.

Ohiko ibilbidea

Lasterketak ohiko ibilbidea mantenduko du, sei kilometrokoa, eta 16,30ean abiatuko da San Pedro kaletik. Gainera, Garciak azpimarratu zuen jardunaldiaren helburu nagusia dela “ematen den pauso bakoitza kausa garrantzitsu baten aldeko laguntza bihurtzea”, kasu honetan adinekoen bakardade ez hautatuaren aurkako borrokan. Izan ere, aurten bildutako dirua Nagusilan elkartearen 'Zilarrezko Haria' zerbitzura bideratuko da,egoera horretan dauden adineko pertsonei telefono bidezko laguntza eskaintzeko balio duena.

Nagusilaneko ordezkari Arantxa Garinek eskerrak eman zizkion Hondarribiko Udalari eta Sport Mundiri elkarte hau kontuan hartu izanagatik. Azaldu zuenez, 'Zilarrezko Haria' zerbitzua duela 25 urte jarri zuten martxan, eta gaur egun 150 pertsona artatzen dituzte telefono bidez, 90 boluntario ingururen inplikazioarekin. “Lasterketa honek zerbitzuari bultzada garrantzitsua emango dio”, adierazi zuen Garinek, gogoraraziz deiak batez ere Euskadin egiten direla, baina Estatuko beste leku batzuetara ere zabal daitezkeela.

Bukatzeko, Garinek beste elkarte eta entitateen laguntza eskertu zuen: “Izugarrizko laguntza da. Izan ere, Nagusilan boluntarioz osaturiko elkartea da, ia mila boluntario ditugu Euskal Herri mailan, eta gure helburua da bakardade egoeran daduden pertsona horiei laguntzea, bai egoitzetan, baita eguneko zentroetan edo euren etxebizitzetan daudenei. Zuen babesarekin guk laguntza hori ematen jarraituko dugu”.

Urtea jai giroan bukatu

Bestalde, Lupe Queiruga Hondarribiko Kirol zinegotziak lasterketaren balio soziala goraipatu zuen, azpimarratuz urteak daramatzala Sport Mundik proba hau antolatzen eta bildutako dirua beti gizartearen ongizatearen alde lan egiten duen elkarte bati bideratzen. Queirugaren ustez, San Silvestrea “aukera paregabea da kirola egitea gustuko dutenentzat urtea jai giroan amaitzeko”, eta herritarrak parte hartzera animatu zituen.

Lasterketan izena emateko, Kirolprobak webgunea erabil daiteke. Izen-emateak 17 euroko kostua du larunbatera arte, eta hortik aurrera 20 eurokoa izango da. Dortsalak abenduaren 29an eta 30ean jaso ahal izango dira, 16:30etik 20:00etara, Hondarribiko Hondartza kiroldegian.