Amesteko leku ona

Tokikotik abiatuta etorkizuna irudikatzeko leku berri bat errealitate bihurtu da. Iragana eta etorkizuna elkarrizketan jartzeko topagunea da, kulturatik oraina eraikiz

15.07.2021 | 12:01
Tokikotik abiatuta etorkizuna irudikatzeko leku berri bat errealitate bihurtu da. Iragana eta etorkizuna elkarrizketan jartzeko topagunea da, kulturatik oraina eraikiz

Arkitekturek gure mugak ezartzen dituzte, gure bizitzak mugatu edo aberastu, gure nahiak bete edo oztopatu. Gure ametsak proiektatzen edo suntsitzen edo elikatzen dituzte. Edo askoren aukerak baldintzatzen dituzte. Aukeren artean gure bizitzak hobeak egitea litzateke, bizi ditugun espazio, leku edo tokiak bizigarriak izatea. Baliteke utopikotzat hartzea hitz hauek, eta batzuetan nik ere etorkizun oso urrun batean kokatzen ditut aukera horiek, baina beste batzuetan egingarriak direla uste dut.


Utopiak irudikatzen ditugunean aurrera egiten dugu, eszenatoki berriei eta ustez ezinezkoei kabida emanez. Gure inguruan txertatzeko aukera aurreikusiz, ariketa material hau beharretatik eratorritako etorkizuna irudikatzeko eta eraikitzeko lanabes garrantzitsua bilakatzen da. Bide honetan, Zirrriborroak eta gero (Azala) egitasmoak bidai eder eta interesagarria planteatzen dute. Zirriborroak eta gero alternatiba eta utopien etorkizuna irudika-tzen duten ipuin laburren bilduma da. Egun dauden herri esperientzia zehatzetatik abiatuz, etorkizuneko habitatak eraikitzen dituzte. Bidaia espazial eta arkitektonikoa, irudimena ardatz eta bidelagun duelarik. Eraikinak izatez etorriko denaren isla edo proiekzioa da izan behar dira, edo eszenatoki berriak ezar-tzeko bidea eman behar dute. Arkitektura batzuk ariketa hau modu xumean jorratzen dute, eta honakoa adibide izan daiteke.


Orain dela hilabete batzuk ireki ditu ateak ia utopikoa izan zitekeen Lekuona eraikinak. Errenterian (Gipuzkoa) kokatzen den eraikinak vaumm-en sinadura darama. Estudioaren hastapena jende ezberdinaren kointzidentziaren emaitza da, eta 2002. urtean hasi zuten ibilbidea Marta Álvarez Pastor, Iñigo García Odiaga, Jon Muniategiandikoetxea Markiegi, Javier Ubillos Pernaut eta Tomás Valenciano Tamayok. Beraien hitzetan proiektuetan kontzepzio erreflexiboa garatzen dute. Hau da, eraikin eta espazio ezberdinen elaborazio arduratsuan oinarritua, diseinu garaikide eta eraikuntzaren arteko elkargunea ikertzeko asmoa dute. Hasieratik izaera eta indar bereziko lanak jorratu dituzte (kuxkuxeatu weba), lekuari ondo lotuta eta espazioak bizigarriagoak izateko helburu dutelarik. Garai hauetara aurreratu direla susma daiteke, hala ere batzuetan erdibideko proposamenak izan direlakoan nago.


Oiartzun ibaiaren alboan dagoen fabrika, egun, beste bokazio batekin dator. Lekuona eraikina kultur ekosistema antolatzeko tresna izan nahi du eta etorkizuneko beharren katalizadore. Esperimentu bat da, etorriko denaren aurrekari posible bat. Administrazio eta komunitatearen arteko zubiak eraikitzeko sortu da, etorkizuneko elkargune berriak irudikatzearen ondorioz. Fabrika berrituaren filosofia espazioak sormenerako nahieran eraiki ahal izatea da, eta horretarako baliabide material eta humanoak jarri dira.


Memoria kolektiboan leku garrantzitsua hartzen du fabrikak, herrian presentzia eta protagonismoa izan baitu bere historian. Ogi-tailerra zena herriaren erdialdean kokatzen da, distantziara ikusgarria dena, irisgarria da eta ongi konektatuta dago. 70eko hamarkadako eraikina da, eta bere gorputz nagusiari gorputz trapezoidal bat erantsi zaio, alde batean. Erantsitako gorputza programaren bizkarrezurra izango da, komunikazio bertikaleko ibilbide eta nukleoen lotune izango baita.

Eraikin zaharra modu naturalean hazi zen bezala gauzatu da eskuhartzea. Hau da, sortzen ziren fabrikazio premietara egokitzeko eranskinak gehitu ziren eta logika horretan ulertzen da ezarri zaion gehigarria. Hala ere, elementu trinkoa da, zurruna. Zaharra eta berriaren arteko kontrastea materialtasunean ere ematen da, modu honetan esku-hartzearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute eta egileek iragan-etorkizunaren arteko solasaldia planteatzen dute. Barrualdean, aldiz, akaberako material berdina erabili da, eraikina osotasun batean tratatu delarik.


Lekuonan, lehendik zeuden espazioen potentziala baliatu nahi izan da, eta nahi horri ekosistema kulturala osatzeko eskakizunak gehitu zaizkio. Hiru solairutan antolatu da programa kulturala, txukun. Konfigurazioari plus bat emanez erabiltzaile eta erabilerak nahastu dira, espazioetan belaunaldien arteko interakzioa uztartuz. Edukiontzi malgu handi baten modura pentsatuz, hierarkia posible guztiak hausteko asmoa du proiektuak; bai funtzio eta bai erabilera aldetik, baita ere konfigurazio eta erlazio aldetik.


Utopia bat bezala planteatu zitezkeen erabaki eta planteamenduak orainera ekarri dira. Ikusiko da zer etorriko eta aterako den hemendik. Bien bitartean, argi dut, amesten duen herri bat ez dela inoiz hilko.

noticias de noticiasdegipuzkoa