Idazlea

Irati Jimenez: "Jendeak asko daki literaturaz, baina sarritan dakiguna ez dugu errespetatzen"

15.01.2021 | 21:08
Argazkian, Irati Jimenez idazlea.

Irati Jimenezek, Mikel Sotok eta Esteban Montoriok Deabruaren eskola euskal literatur lanak zabaltzeko webgunea sortu dute. Tailerrak ere antolatuko dituzte

Irakurzaletasuna bultzatzearen gogoak bultzatuta,Mikel Sotok eta Irati Jimenezek euskarazko eta euskaratutako literaturari ikusgarritasuna emateko leihoa sortu dute. Esteban Montorio diseinatzailearen laguntza izan dute.

Zer irakatsi asmo du Deabruaren eskolak?

Eskola izena jarri diogun arren, irakurzaletasuna bultzatzea da gure asmo nagusia, eta irakatsi baino, guk geuk ikastea. Salamancako leizezulo batean Axular bera ere deabruaren ikasle izan zela zioten, pentsa besteok.

Nola sortu zen proiektua? Zein beharrak bultzatuta?

Egia da sistema apur bat baxu dagoela eta badagoela irakurzaletasuna bultzatzeko beharra, baina esango nuke gogoa izan dela gehiago bultzatu gaituena. Plazerez, irabazi asmorik gabe eta diru-laguntzarik gabe abiatu dugun proiektu pertsonala da Deabruaren Eskola. Modu naturalean jaio zen. Irakurketa eder askori esker, Mikel Soto eta biok liluratu edo birmaitemindu egin ginen literaturarekin, eta pentsatu genuen testu horiek mesedegarriak izan zitezkeela beste askoren-tzat ere. Esteban Montorio diseinatzailearekin harremanetan jarri, eta berari esker lortu dugu Deabruaren Eskolari itxura ematea. Ia 200 testu ditugu, denak ilustrazio, marrazki edo argazki ederrekin hornituak eta pozik gaude, iruditzen zaigu lortu dugula gauza eder bat.

Literaturaren ezagutza zabaltzeko asmoz sortu duzue Deabruaren eskola. Ezagu-tza urria ala aberatsa da euskaldunona gure literaturarekiko?

Ez dakit ez ote zaigun gure iraganaren ikuspegi oso murritza eman. Daukagun sentsazioa da hasiberriak garela, oso txikia dela gure literatura eta iraganeko idazleak denak zirela apaizak. Hori esatea gehiegi esatea da. Gure literatura idatzia intermitentea izan da, baina ez gara hasiberriak. Beste batzuren aldean, urria da euskarazko literatura, baina mugagabea bere edertasunean; eta abade gehiegi izan ditugu, baina gaur egungo irakurle fedegabe batzuk literatura horretan topatu dugu erromantizismoa, adiskidetasuna, sobrenaturalismoa eta beste hainbat gauza, apur bat ezezagunak direnak.

Literatura adierazpide desberdinak biltzen dituzue, gainera; 'era guztietako testu zati ederrak'. Zergatik behar da biltegi bat?

Behar ote zen, denborak eta jendearen erantzunak esango du. Biltegiak egon badaude -hortxe Armiarma, Klasikoen Gordailua edo Basque Poetry-, baina uste dugu badagoela espazioa literaturarekiko pasioa, maitasuna eta lilura oinarri dituen proiektu batentzat. Sentimendu horiek eta sortzaileen zein irakurleen arteko harremanak izan dira literatura gaur arte bizirik mantendu dutenak.

Eta sorkuntzak badu lekurik? Nola?

Aldez aurretik argitaratutako lanak dira proiektu honen oinarria, ez bertarako nahita sortutakoak. Hala ere, horrek ez du esan nahi sorkuntzak lekurik ez duenik, alderantziz: irakurlezaletasunerako gogoa piztea da gure asmoa, eta gogo hori sugarretan dagoenean sor-tzen da literatura. Idazle handiak beti izan dira irakurle sutsuak.

Biltegi bat baino gehiago izango da webgunea, eta literatura tailerrak emango dituzue. Zer ikasiko edo landuko da tailer horietan?

Hain da ezohikoa bizi dugun egoera oraindik ezin dugula zehatz ezer aurreratu. Datorren urteko lehen seihilabetekoan saiatuko gara Deabruaren Eskola saretik kanpo zabaltzen, eta gure asmoa literaturaren ezagutza zabaltzea litzateke. Gure ustez, jendeak asko daki literaturaz, baina sarritan dakiguna ez dugu errespetatzen, eta hori kontuan izan nahi dugu. Esaten digute liburu bat eskasa dela eta gustatzen zaigunean pentsatzen dugu gustu txarra dugula. Edo alderantziz, esaten digute zerbait ona dela, eta kontrakoa irudituta ere, onartu egiten dugu hori. Ahalduntzea gehiegi erabili dugun hitza da agian, baina lagundu nahiko genuke literatura-ariketa uler-tzen eta egiten, irakurtzea eta idaztea maite dutenak ahalduntzeko.

Webgunea elikatzeko erreportajeak ere prestatuko dituzue. Zer da landuko duzuena?

Aker Larrea atalean euskal literaturak jorratutako gaiak landuko ditugu. Gernika, jazza eta prostituzioa gai hartuta egin ditugu aurrenekoak, eta emaitza ikusgarria dela esango nuke.

Sormena eta literatura saretik kanpora nola zabalduko duzue?

Konfirmatu gabe daukagu, baina filosofia argi dago: irakurtzeko gogoa piztea. Denoi gertatu zaigu testu aspergarri bat irakurri behar izatea, agindu egin digutelako edo dena delakoa, eta bukaeran gorputza bera ere motelduta egoten da. Eta kontrakoa ere pasa-tzen da. Topatzen dugunean benetan gustatzen zaigun irakurketa bat, gehiago irakurtzeko gogoa pizten digu. Sentsazio hori da, Virginia Woolfen ustez, eleberri bat ona dela jakiteko modurik onena eta sentsazio hori da egiten dugun guztian bultzatzen saiatuko garena.

Deabruaren eskolan nork parte hartu dezake eta nola? Zein ekarpen mota bilatzen duzue?

Irakurle izatea da bilatzen dugun parte-hartze modu nagusia, deabrua-reneskola.eus helbidean sartuta, bertan dagoen buletinera harpidetuta zein gizarte sareen bidez gure jardunari jarraituz. Horrez gain, eskolakide izan nahi duenak topatuko du webgunean nola jarri gurekin harremanetan; horrela, gure zerrendara apuntatzeko eta webgunetik kanpo egiten dugun guztian parte hartzeko aukera izateko.