“Gaur egungo inkisidoreentzat ere bada 'Gaua' pelikula”
‘Gaua’-rekin, Paul Urkijoren hirugarren film luzearekin eta Kursaala ia beteta hasi da gaur, ostiralarekin, Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren 36. astea.
Errementarirekin (2017) eta Iratirekin (2022) lortu ostean, Paul Urkijo hirugarrenez saiatuko Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Asteko sari nagusia eskuratzen. Zinemagile arabarra Gaua filmarekin lehiatuko da. Gaur, ostiralarekin aurkeztu berri dute Kursaaleko akelarrean, lantaldeko hainbat kide lagun zituela. Gaua XVII. mendeko sorgin ehizan girotua dago. Kattalin (Yune Nogueiras) da protagonista, senarrarengandik alde egin duen emakumea. Bidean gaueko izakien eremuan sartuko da eta beldurrezko istorioak kontatzen dituen beste hiru emakumeekin egingo du topo.
‘Errementari’ eta ‘Irati’-rekin Beldurrezko eta Fantasiazko Astean lehiatu ostean, ‘Gaua’ aurkeztu zenuen atzo Kursaalean. Honekin ere, beste biekin bezala, publikoak erabakitzen duen sari nagusia irabazteko esperantza duzu?
–(Barrez) Ez dakit, ez dakit. Horretan hobeto ez pentsatu. Nork daki! Hori publikoak esango du.
Oso maitatua zara zinemaldi honetan, hori ere badakizu.
–Bai. Beti da sekulako gozamena hona bueltatzea. Beldurrezko Asteko izakia ere banaiz eta oso gustura jaso nituen publikoaren oihuak.
‘Irati’-rekin hiru antzoki bete zenituen Donostian 2022an. Oraingoan Kursaala jendez lepo ikusi dugu.
–Ohore handiz hartu dut aurtengo edizioaren inaugurazioa. Guretzako Euskal Herrian estreinatzea da garrantzitsuena. Azken batean hemengo legendei egindako omenaldia da eta, hemen, hain erakusleiho handian estreinatzea gozada bat da.
Aurretik Sitges-en aurkeztu zenuen ‘Gaua’. Han ere harrera ona izan zuen.
–Asko maite dudan jaialdia da, mundu mailako generozko festibal garrantzitsuena. Oso harrera polita izan genuen, bai publikoaren eta baita kritikaren aldetik ere.
'Gaua'-ren hasieran, Xabi 'Jabato' Lopezek antzezten duen Pellok bere emazteari, Kattalini (Yune Nogueiras), leihotik begira aritzeagatik honakoa botatzen dio: “Gaua begietatik sartuko zaizu”. Zuri ere, bere garaian, gaua begietatik sartu zitzaizun?
–Txiki-txikitatik. Beti eduki dut gauarekin, gaueko izakiekin, espirituekin, demonioekin, sorginekin edo beldurra ematen duten gauzekin nolabaiteko atxikimendu berezi bat. Film hau, haur izan nintzen horrek kondaira horiei eginiko omenaldia da.
Zergatik hartu duzu sorgin ehiza hizpide?
–Uste dut Euskal Herriko kondaira asko garai horretan sortu zirela, eta pelikula haiei eginiko omenaldia den heinean, garai horretan girotzea iruditu zitzaidan egokiena. Sorgin ipuin ezberdinen zatiekin egindako filma da. Gidoian esaldi asko, birau asko, esaera zahar asko txertatu nituen.
Iluntasunaren argia aldarrikatzen du 'Gaua'-k.
–Iluna eta beldurgarria den unibertso horretan argiak ere aurkituko ditugu. Oso garai interesgarria da. Inkisizioak sortu zituen gezur dantesko horiek oso iruditeria boteretsua eman zuten eta nik modu epikoan irudikatu nahi nituen.
XVII. mendeaz ari bagara ere, film historikoek, generozko filmek bezala, gaur egunari buruz hitz egiteko bide ematen dute.
–Beti gertatzen da. Gaurkoaren filtroaren bidezko hausnarketa egin ohi da. Gaur eguneko pertsona naizen heinean, gaur egungo arazoei nire ikuspuntua eman nahi diet. XVII. mendean inkisizioa indarrean zegoen gezurren bidez zenbait kolektibo jazartzeko. Mendietan akelarre satanikoak, sorginak eta bestelakoak zeudela zioten eta, gaur egun, beste inkisidore batzuk ere baditugu, botere guneetan. Gazan, adibidez, ikusi dugu nola sei urteko haur bati tiro bat nola eman dioten terrorista dela esanez, gezur horrekin haien ekintzak eta jazarpenak justifikatuz. Sare sozialetan ere inkisidore txikiak topa ditzakegu, zeinak jazarpena eta biolentzia birtualaren bitartez besteei oso balore kabernarioak atxikitzen saiatzen diren: nolakoa izan behar duzun, nolakoa izan behar duzun erlijioari dagokionean, espiritualki, sexualki, estekikoki... Inkisidore horiei ere zuzenduta dago filma.
Zein da bortitzagoa, XVII. mendeko sorgin ehiza al XXI.ekoa?
–Ezberdinak dira. Biak ala biak dira forman bortitzak. Gaur egunekoak globalizazioarekin duen zabalkundea izugarrizkoa da, nahiz eta jendea sutan ez erre. Beno, leku batzuetan bai erretzen dira. Beraz, esan dezakegu gaur egunekoa okerragoa dela.
Inkisizioak edo botereek zenbait kolektibo nola jazarri zituen ikusten da pelikulan: emakumeak eta queer-ak. Berez, interes erromantiko lesbiko bat aztertzen duzu.
–Oraindik jazartuak diren kolektiboak dira. Keinu bat sartu dugu pelikulan, XV. mendean epaitu zituzten bi emakumeei keinu egin diegu, Kattalin eta Maritxuren (Erika Olaizola) pertsonaiak haien izenekin bataiatuz. Askatasun guztiei eta tartean baita sexualari ere eginiko omenaldia da Gaua.
Paganismoak dakar askatasun hori?
–Ez naiz saiatu Eliza gaizki uzten. Mateo Txisturen pertsonaia elezaharretan, izatez, ez da apaiz zintzoa. Ez nuke esango film honetan paganismoa dela askatasuna dakarrena. Iluntasunak dakarren argiak ekartzen du askatasuna.
Zure hiru filmetan kristautasuna presente dago modu batean edo bestean.
–Euskal Herriko mitologian kristautasuna ere badago. Iratin Ramon Agirrek antzezten zuen Virila monjea ez zen gaiztoa, nolabait esatearren sinkretismoaren jasotzailea zen. Mateo Txistu Gauan apaiz gaiztoa zen eta legendetan jainkoak zigortu egiten zuen apaiz txarra izateagatik. Inkisizioaz hitz egiten badugu, zer esango dizut! Ez zen bakarrik Elizaren gauza, boterearen kontua zen. Apaizak ere erre zituzten, baina egia da emakumeak izan zirela gehien sufritu zuen kolektiboa.
Gauez filmatzea zailagoa da?
–Bai, filmaketa eta argiztapena nekezagoa da, hotza egiten du... Otsaila eta martxoa bitartean filmatu genuen platotik kanpo, mendi eta basoetan. Horrek izugarrizko indar bisuala ematen dio pelikulari. Halere, ez da batere erraza. Foko potente bat jartzen baduzu noche americana delakoaren topikoan eror zaitezke. Lainoa sartzen baduzu, aldiz, iluntasuna altxatu egiten da eta oso argitsua geratzen da. Guk iluntasunari sakontasuna eman nahi genion eta oso fin ibili behar izan genuen.
Amaierako akelarrea, aldiz, platoan grabatu zenuten.
–Filmaren %80-%90 lokalizazio errealetan eginda dago eta azkeneko %10 oso ahaltsu hori, platoan. Sekulako basoa sortu genuen, 170 zuhaitz baino gehiagorekin. Figurante asko genituen, arropa gutxi... hori ezin genuen platotik kanpo egin. Gainera, nik plano-sekuentzia egin nahi nuen eta horretarako guztia kontrolpean izan behar genuen.
Myriam Pérez Cazabón gipuzkoarrak diseinatu zuen akelarreko koreografia.
–Bai. Oso argi neukan zer nahi nuen, koreografiaren atalak eta zer gertatu behar zen. Myriam eta 20 dantzari profesionalek osatutako taldearekin dantza koreografiatu. Bertan, 200 figurante inguru zeuden eta dantzariek gidatu zituzten haien mugimenduak. Horrek erritualari nolabaiteko forma amorfoa ematen dio. Akelarrearen plano sekuentzia egun baten filmatu genuen eta figuranteekin egun horretan bertan entseatu genuen.
Akelarre hori askatasun sexualaren epitome edo bihurtzen da filmaren amaieran. Intimitate koordinatzailearekin landu zenuten?
–Noski. Oso esperientzia ona izan zen. Oso argi izaten dut beti planoan zer ikusiko den eta zer ez. Intimitate koordinatzaileei hasieratik erakutsi nien nola izango zen. Sexu edo amodio eszena horiek haiekin konpartitzean ulertu zuten ez zegoela lizuntasun kutsurik, askatasun horretan edertasuna da bilatzen nuena.
Nolakoa izan zen euskararen lanketa?
–Xaretako zonaldean kokatua dagoenez, eta XVII. mendean, hango euskara erabiltzen saiatu gara. Nahiz eta kutsu historikoa eman diogun tratamenduari, gaur eguneko euskaldunek erraz ulertuko dute.
Muxu beltza ere agertzen da filmean, nahiko esplizituki, gainera. Hau da, akerrari uzkian muxua emateko praktika. Latinez 'osculum infame' esaten zitzaion eta bazen deabruarekin paktua ixteko modu bat. Jendea harritu egingo dela uste duzu?
–Hori da filmaren sintesia, nola hasieran oso iluna, zikina eta nazkagarria izan daitekeela uste dugun zerbait, nola, bat batean, amodio eta argi guztizko ekintza bihurtzen den. Deabruarekin paktua egiten denean muxu hori ematen da, baina Gauan, paktua askatasunarekin da.
Iñake Irastorzak, Ane Gabarainek eta Elena Iruretak hiru sorgin-edo antzezten dituzte. Tradizio askotan sorginak hirunaka agertzen dira.
–Kattalinek bere baserritik ihes egiten duenean hiru horiekin egingo du topo. Haiek istorioak kontatzen hasten zaizkio. Hein batean bai, Patuaren hiru arrebak dira, Grayak, Moirak edo Hekate jainkosa hirukoitza bezala. Badago errima bisual hori.
Ipuingilea zarela esan genezake eta, 'Gaua', hain zuzen ipuinak kontatzeari buruzko film bat da, bere egitura ‘rashomon’-esko edo kapitularretik hasita.
–Gidoia kapitularra da. Gogo handia nuen horrekin jolasteko, panpin errusiar formako istorio batekin, non handi baten barruan beste txiki batzuk badiren. Rashomon, Pulp Fiction edo En compañía de lobos bezalako filmak ikusi izan ditut eta oso dibertigarria izan zen.
Euskal mitologian geratzen al da zinemara eramateko istoriorik?
–Bai, noski. Narratzaileak dauden heinean, istorio bera behin eta berriro konta daiteke modu ezberdin batean.
Zure istorioak euskaraz eta Euskal Herrian filmatzea izan da zure autua. Kanpotik iritsi al zaizu inoiz zerbait filmatzeko proposamenik?
–Irati egitekotan nintzela, Estatu Batuetatik deitu zidaten frankizia baten sekuela bat egiteko eta ezetz esan nien. Dirutza zen baina, jada, Iratirekin nengoen, eta hura egitea garrantzitsua zen niretzat. Harrez gero ez zait beste proposamenik iritsi. Agian jendeak pentsatuko du soilik nire gauzak filmatzen ditudala eta ez zait besterik atera. Kanpoan ere gauza gehiago gustura egingo nituzke. Halere, garrantzitsua iruditzen zait norberak ezagutzen dituen gauzei buruz filmak egitea.
