Arima Soulek dagoeneko bi aldiz jo du Jazzaldiako edizio honetan. Lidia Insaustik eta Mikel Unzurrunga Makalak azken saioa eskainiko dute Frigo Gunean, 21.30ean.
Jazzaldian egoteak zer suposatzen du zuentzat?
–Lidia: Lehenik eta behin, ohorea, plazera. Zorionez ez da lehen aldia, eta beti pozez hartzen dugu halako berria. Noski, oso aukera ona iruditzen zaigu publiko berria ezagutzeko.
Oroimen onak dituzue baita ikusle moduan ere.
–Mikel: Bai, nik irratian egiten dut lan, disko jartzailea naiz eta betidanik lortu izan dut kazetari moduan joateko agiria. Urtero ahal dudan kontzertu guztietara joaten ahalegintzen naiz.
Lidia: Bai, nik uste urtero zerbait ikustera joateak merezi duela. Bai ordainduta izan ala dohainik, artista pilo bat deskubritzeko aukera izaten da eta sorpresa bikainak daude. Hainbat artista Jazzaldiaren bitartez ezagutu ditut nik, eta oraindik jarraitzen ditut.
Hiru eszenatoki desberdinetan arituko zarete: Nauticool eta Txikijazzen, eta (gaur) Frigo gunean. Zer eskaintzen duzue bakoitzean?
–Mikel: Arima Soul 2020an sortu genuen une beretik oso argi geneukan oso egitasmo malgua izango zela. Nauticoolen eta Frigo gunean biok bakarrik gaude, ni platoetan eta bera abesten. Aldiz, Txikijazzen zazpi musikari egongo gara, gure disko berriarekin, Gaua (uztailak 25ean izan zen). Ni baxuarekin eta beste sei musikari: saxo jolea, flauta, bateria, perkusioa, gitarra, teklatua eta Lidia abesten. Arima Soulen oso malguak gara, oso anitzak, asko gustatzen zaigu bestelako formatuekin probatzea eta esperimentatzea. Nauticoolen zerbait lasaiagoa egingo dugu, leku horrek musika lasaia eskatzen baitu (uztailak 23an egon ziren). Gure errepertorioan guk sortutako abestiak egoteaz gain, gustuko ditugun beste hainbat bertsio ere baditugu. Horiek nik pintxatu eta Lidiak abestu. Frigo gunean, Lidia eta biok Arima Soul System bezala azalduko gara berriz, hau da, guk daukagun bikotea, ni platoekin eta bera abesten. Hor errepertorioa animatuagoa izango da, jendea dantzan jar-tzeko helburuarekin.
Arima Soulen euskarazko soula egiten duzue. Nola bururatu zitzaizuen?
–Lidia: Makala eta biok aspaldi ezagutzen genuen elkar. Ni orain dela zazpi urte Zarautzera bizitzera etorri nintzen, eta horri esker bestelako erlazio bat uztartzen hasi ginen, ideiak partekatuz. Horren harira, nire asmoa hasiera batean ingelesez sortutako musika lantzea zen, zeren nik momentu horretara arte hizkuntza horretan sortzen bainuen soula, rocka eta funka. Momentu batean zerbait pertsonalagoa edo nortasun gehiago zeukana egin nahi genuela erabaki genuen eta Makalari okurritu zitzaion: Zergatik ez egin gure sustraietan dagoen musika, soul afroamerikarra, baina gure hizkuntzan?. Horrela suertatu zen eta formula ona izan dela iruditzen zaigu, geroz eta garapen handiagoa izaten ari delako. Publikoarentzat zerbait kuriosoa dela esango nuke, Euskal Herri mailan eta baita Euskal Herritik kanpo ere. Exotiko puntu bat ematen dio, baina, aldi berean, zuk ezagutzen duzun genero bat da.
"Garai eta estilo bakoitzean baditugu gure erreferenteak. Nagusienak? James Brown, Etta James, Aretha Franklin, Stevie Wonder…"
Nolakoa izan da harrera hemen? Eta Euskal Herritik kanpo?
–Lidia: Nahiko ona izan da orain arte. Esate baterako, Girando por salas ekimenarekin Galizian, Katalunian eta Madrilen egon gara. Ez genekien erreakzioa zer nolakoa izango zen, baina nahiko positiboa izan zen. Askotan jendeak ingelesez ere ez du ulertzen, batez ere helduagoa den publikoak. Orduan, musika ona baldin bada eta erritmoa eta esentzia baldin badauzka, hizkuntza ez da hain garrantzitsua.
Zeintzuk izan ziren zuen influentziak? Euskarazko soula ez zen existitzen.
–Mikel: Guri asko gustatzen zaigu musika afroamerikarra, Estatu Batuetatik etortzen dena. Erreferentzia asko daude, ez bakarrik artistak, baita estiloak ere. Gospelarekin hasita, bluesa, jazza, soula, funka, disko, house, musika beltza deitzen dena… Estilo horiek guztiak asko maite ditugu. Garai eta estilo bakoitzean baditugu gure erreferenteak. Nagusienak? James Brown, Etta James, Aretha Franklin, Stevie Wonder… Guzti horiek oso ezagunak dira eta guri asko gustatzen zaizkigu. Gero, ni, disko jartzaile naizenetik, beti saiatzen naiz bilatzen ezezagunak edo ezohikoak diren artistak, gaur egunekoak…
Orain dela bost urte sortu zenuten Arima Soul, pandemia garaian. Horrek nolabaiteko eraginik izan zuen proiektuan?
–Mikel: Jakina. Justu urte horretan konfinatu ginen. Momentu horretan Lidia eta biok gure lehen abestien zirriborroak egiten ari ginen. Konfinamendua bukatzerakoan gure lehen erronka zerbait grabatzea izan zen. Gure lehen EPa Beasaingo estudio batean grabatu genuen, Pottoko Studioan. Han bost abesti plazaratu genituen, nondik nora joan nahi genuen erakusteko. Egia da abesti horiek bazutela kutsu lasai bat. Momentu hartan kontzertu bat egiten genuenean jendeak eserita egon behar zuen, ez baitzen dantza egiteko aproposa. Orduan, esan genuen: Goazen maite dugun soul musikaren beste estilo lasaiago bat egitera.
Arima Soul proiektua formatu desberdinetara moldatzen da. Zeintzuk dira formatu horiek?
–Lidia: Txikienetatik hasita, lehenik eta behin Arima Soul System, lehen aipatu dugun bezala, dj eta ahots formatuan. Gero, laukotea dugu. Hor adibidez elektronikarekin jolasean gabiltza, baseekin eta perkusioekin. Bertan, baxua, gitarra, ahotsa eta baseak ditugu. Gure abestiak egiten ditugu baina beste modu batean. Gero boskotea daukagu. Kasu horretan, baxua, gitarra, bateria, teklatua eta ahotsa. Hori anitzagoa da, batez ere teklatua kontuan hartuta. Eta, azkenik, zazpikote moduan, Jazzaldian egongo garen bezala, elementu guzti horiek gehi haizezkoa eta perkusioa. Kasu horretan, efektu oso potentea lortzen da, batez ere zuzenekoetan. Soularekin oso ondo funtzionatzen du. Beti horrela izatea nahiko genuke, baina aurrekontuaren edo eszenatokiaren arabera formatuekin moldatu beharrean izaten gara.
Lidia, zuk lehen ingelesez sortzen zenuen eta orain euskaraz. Bi hizkuntzen arteko sormen prozesuan ba al da desberdintasunik?
–Lidia: Bai. Adibidez, ingelesez esaldien estrukturak egiterakoan soinua zeharo desberdina ateratzen da, fonetikoki agian politagoa da belarrirako. Aldiz, euskararekin, metrikak, baita aditzen egiturak eta esaldien estrukturak ere, exijentzia maila handiagoa dute. Istorioa kontatzeko momentuan fonetika gehiago zaindu behar da. Hitzak kontu handiarekin hautatu behar dira, metrikan batez ere efektu oso desberdinak dituztelako ingelesarekin konparatuta. Adibidez r eta k hizkiak euskararen ezaugarri nagusienetarikoak dira, eta melodiaren doinua gogorra izan ez dadin tentu handiz ibili behar izaten dugu. Orduan, prozesuan mezuaren motatik edo gai nagusitik hasten gara, bertatik abiatzeko eta agian hitz konkretu batzuk erreserbatzeko, horien arabera esaldiak sortzeko. Ingelesaren kasuan esaldia sortzea azkarrago datorrela esango nuke.
Zein dira Arima Soul proiektuaren etorkizuneko planak?
–Lidia: Birarekin amaitzea.
Mikel: Hori da. Bira luzea daukagu. Gure diskoa maiatzaren 8an plazaratu genuen Madrilgo Subterfuge records diskoetxearekin. Orain, batez ere, Euskal Herri mailan ari gara mugitzen eta udako kontzertuetan murgilduta gabiltza, jaialdiak… Zein den gure helburua? Disko honekin bira egiten jarraitzea. Urte honetan beste 14 edo 15 kontzertu baditugu, eta hurrengo urtean gure helburua Estatu mailan kontzertuak egitea izango da. Lidiak lehen aipatu du Girando por salas ekimenean hautatuak izan ginela, Espainiako areto batzuetan jotzeko. Gure helburua esperientzia hori errepikatzea da.