Jazzaldiara joaten zara ikusle eta entzule gisa?
–Bai, aukera dudanean eta sarrerak lortzen baditut. Adibidez, ondo gogoan dut Marc Riboten kontzertu bat. Eta, noski, Mikel Laboaren azken kontzertua oso berezia izan zen, hondartzan.
Zure kontzertua La Zurriolako eszenatokian izango da. Itsasoa, hondartza… Leku paregabea, ezta?
–Opari bat da. Neurri horretako eszenatoki batean jotzea ez da inoiz gure asmoa izan eta ez gaude ohituta horren neurri handiko leku batean izatera. Beraz, disfrutatuko dugu eta aukera eder bat bezala biziko dugu.
Nola ari zarete prestatzen kontzertua?
–Kontzertua aurrez egiten ari garenen antzekoa izango da. Normalean gure kontzertuetara etortzen den jendea etorriko dela pentsatzen dugu eta denok ondo pasatzea espero dut, eguraldi ona egitea, bainu bat hartu ahal izatea, zerbeza batzuk edatea…
‘Giza zarata’ diskoa atera zenuen pasa den urtean. Zer-nolako harrera sumatu duzu?
–Disko honek gauza asko eta ederrak eman dizkigu. Bira honetan jendearen oso feedback ona sentitu dugu. Ni oso gustura geratu nintzen diskoarekin. Urtebete ederra pasatu dugu atera genuenetik, kontzertu oso intentsoak egiten.
Disko hau salto bat izan dela esan duzu eta produkzio gutxikoa zuzenagoa izan zedin.
–Hogei urte baino gehiagoko ibilbide luze batean, alde batetik ikasi egiten da, baina gero desikasi ere egin behar da. Momentu batzuetan gorputzak edo zure soinu kontzeptuak gauza bat eskatzen dizu. Gero kontrakoa eskatzen dizu. Azkenean, zure lekuan egoteko pixka bat mugitu egin behar duzu. Hain justu horrexegatik aukeratu nuen Paco Loco lana berarekin sortzeko: diskoko abestiak horrelakoak izateko, produkzioaren aldetik hori bilatzeko. Kantu hauei on egin die eta momentu honetan on egin dit. Hurrengoa auskalo, agian orkestra sinfoniko batekin grabatuko dut, baina ez dut uste (barre egin du). Behin betiko leku artistikoak ez dira existitzen, eta horregatik probatzen ditut gauza desberdinak.
Diskoak gaur egungo egoera eta zenbait gai ditu hizpide. Esate baterako, hainbat kritika egiten diozu Mendelbadeari ‘Kontinente zaharra’ eta ‘Troiako zaldia’ abestietan. Zer egin daiteke arte edota musikatik gaur egun bizi ari garen egoeraren aurrean? Salatu?
–Salatzea, noski… Euskal Herriko eszenan kritikotasuna ohikoa da eta hemengo arteak beti izan du konpromiso politikoa. Batzuk, agian saiatu gara gai horietatik ihes egiten. Lehen esan dudan moduan, musika egiten urte asko pasaz gero, azkenean derrigorrez mugitu behar, gorputzak gauza desberdinak eskatzen dizkizu. Orain sentitzen dudana islatzeko saiakera izan da Giza zarata. Gainera, eszena oso politiko batek erabat formateatu zuen nire belaunaldia. Ez dakit arteak mundua alda dezakeen, baina pertsonengan eragin dezake.
“Dena suntsituko duen zerbaiten aurreko barealdi faltsua” esaten duzu ‘Bunkerra I’ abestian. Momentu horretan gaudela esango zenuke?
–Bai. Hala dirudi. Dena hautsiko den sentsazioa dago, baina argi dago parametroak aldatzen ari direla. Hori bai, parametro batzuk betikoak dira. Dirua gero eta esku gutxiagotan dago. Gu herrialde aberats batean bizi gara eta mundua mugitzen ari da. Gaur egun exodoa dago, jendeak pobreziatik, gerretatik, homofobiatik ihes egiten du. Horren garaia iritsi da. Horrek sortzen ditu gatazka intersekzionalak, gauza asko gurutzatzen dira. Momentu horretan gaude.
"Obra baten continuum-aren ideia asko gustatzen zait. Auto-erreferentzia artistikoa, zure buruari garrantzia emanez"
Adimen Artifizialeko aferaren aurrean, zer jarrera izan behar du artistak?
–Nik oso zaila ikusten dut Adimen Artifizialak Euskal Herrian eragitea. Gure eszenan norbaitek AArekin melodia bat sortu dezake, baina uste dut gure komunitatean denok ezagutzen garela. Askotan oso apokaliptikoak izaten gara gauza hauekin. Batzuk erresistitzen dute eta ni behintzat hor ikusten naiz. Esate baterako, musika eta liburuez aparte irakaslea naiz, eta bertan nire erresistentzia ordenagailua ez erabiltzeko erabakia hartzea izan zen. Liburuaren aldekoa izan naiz beti. Nire ikasleek idazlanak eskuz egiten dituzte, gelan, eta ni horretan oso egoskorra izan naiz. Ez nuke esango euskal kulturaren etsairik handiena Adimen Artifiziala denik, beste gatazka asko ditugu, hizkuntzarena adibidez.
2022an ‘Gari eta goroldiozko’ liburua argitaratu zenuen. Liburu horren eta ‘Giza zarata’ diskoaren artean ba al da erlaziorik?
–Bai, nik uste dut baietz. Gainera, nire buruari libreago idazten utzi nion, beste idazketa modu bat da. Adibidez, orain zuzenekoetan abesten ari naizen kantu bat liburu horren paragrafo batetik sortu dut. Beraz, nik uste dut baietz, mundu ikuskera zehatz bat badutela biek. Gari eta goroldiozko liburuak asko eman dio gero sortu nuen Giza zarata diskoari.
Azken finean, diskoak eta liburuak zure ahotsaren estiloa dute.
–Bai. Beti bizi izan dut errepikatzeko beldurra. Obra baten continuum-aren ideia asko gustatzen zait. Auto-erreferentzia artistikoa, zure buruari garrantzia emanez. Bakoitzaren unibertsoa oso propioa da eta horrela ulertzen dut nik. Aurreko kantuetako ideiak edo esaldiak ere badaude liburuan… Hasieran zalantzak izan nituen baina azkenean konturatu nintzen gauzak esateko modu hori bilatu egin dudala, beraz horrela esango dut. Horregatik, beti dago lotura egiten dudan guztiaren artean.
"Ikasi aurretik gutxiago dakizunez, nire lehen abestiekin dudan erlazioa nahiko txarra da. Asko kostatzen zait abesti zahar horiek zuzenean jotzea"
Liburua idaztea nolabaiteko askapena bailitzan sentitu zenuen?
–Bai, erabat. Normalean, abesti bat sortzerakoan, gehiegi idazten dut. Horregatik, kantua testu horren sintesia da. Liburuak, aldiz, infinituraino garatzeko aukera ematen zidan. Gainera, nik disko bat sortzen asko sufritzen dut. Oso espazio gutxi daukazu, maketei moldatu beharra… Aukera asko dituzu, eta bat aukeratu behar; bakarrik abestu edo hogei pertsona jarri abestia jotzen. Liburua, aldiz, prozesu lasaiagoa izan da.
‘Demoliciones controladas’ liburuan zure abestiak gaztelerara pasa zenituen. Berrirakurketen bat egin zenuen?
–Ez. Ibilbide bati eskatu behar diozun gutxienekoa ikastea da. Nik beti esaten dut bost edo sei abesti idazten dakidala. Behin eta berriro abesti horiek berridazten ditut beste modu batean. Beraz, denborarekin ikasi egiten duzu, baita ikuspuntua aldatzen ere. Ikasi aurretik gutxiago dakizunez, nire lehen abestiekin dudan erlazioa nahiko txarra da. Asko kostatzen zait abesti zahar horiek zuzenean jotzea. Orduan, Demoliciones controladas libururako nire obrarekin adiskidetu behar izan nuen. Fidela izan nintzen testuekin.
Zeintzuk dira zure etorkizuneko planak?
–Gari eta goroldiozko gaztelerara itzuli dut eta edizio lanetan ari dira. Urte honen bukaeran aterako du Pepitas de calabaza argitaletxeak. Gero azaroaren 27an Bilboko Kafe Antzokian Giza zarata diskoaren azken kontzertua egingo dugu. Disko horren zikloaren amaiera ospatzen saiatuko gara. Beste alde batetik, sortzaileek batzuetan barrura sortzeko grina izaten dute eta beste batzuetan kanporako, jotzeko eta erakusteko. Barrurako garaia datorrela esango nuke.