Zure bakarkako lehen diskoa aurkezten ari zara, ‘Pause’ deitutakoa. Zergatik izen hori?
Arrazoi ezberdinengatik. Musikarekin bat datorrelako, batez ere. Proposamen lasaia da. Proiektuei titulua jartzea, normalean, dezente kostatzen zait, baina kasu honetan errazagoa izan zen eta uste dut asmatu nuela. Lehenengo maketak konfinamendu garaian sortu nituen, eta, azken finean, gelditzeko gonbitea da. Gizartearen zurrunbilotik ateratzeko balio duen diskoa.
Zerk bultzatu zintuen ‘Pause’ sortzera?
Ez zen aldez aurretik pentsatutako gauza izan. Ni beti nabil konposatzen, maketa berriak egiten. Aitor Etxeberria bilbotar konpositoreak bultzatu ninduen, batez ere. Behin, pandemiaren ondoren, orduan sortutako maketak erakutsi nizkion. Berak konbentzitu ninduen bakarkako lan bat egiteko. Alos Quartet taldearekin egiten dudan musikaren oso bestelako estetika du. Aitorrek ekoiztu zuen Pause eta bere estudioan urtebetetik gora aritu ginen lanean. Oso prozesu lasaia izan zen. Hilean behin kanta bat hartu eta bueltaka ibiltzen ginen. Alegia, modu ezohiko batean sortu genuen.
Hilabete batzuk badaramatzazu, leku askotan diskoa aurkezten. Nolakoa izan da harrera?
Urtebete inguru badaramagu dagoeneko. Egia esan, guztiz txundituta geratu naiz. Hasieratik, ideia nagusia material berria kaleratzea zen, eta ez nekien gero zuzenekoak egingo ote nituen. Behin kaleratuta, zuzeneko taldea sortu nuen: Iñar Sastre pianoarekin, Eñaut Zubizarreta txeloarekin eta Aitor Etxeberria soinu diseinuarekin. Pixkanaka-pixkanaka ibilbide izugarria egiten ari gara. 25 emanaldi inguru egin ditugu. Jaialdietan, antzokietan... Espektatiba guztiak gainditu ditugu. Diskoak oso harrera ona izan du, baina are hobea zuzenekoak, zerbait berezia baitu. Jendea eremu desberdin batean murgiltzen da. Musika lasaia da, eta askok eskertzen dute klima hori. Oso ondo funtzionatzen ari da.
Zuzenekoak beste lau pertsonekin prestatu dituzu. Nola egin duzue?
Oso gertuko jendea da. Diskoa hasieratik Aitor Etxeberriarekin landu nuen, eta berak pisu handia du sorkuntza prozesu guztian, baita Iñar Sastrek ere. Piano zati gehienak berak grabatu ditu. Biek barru barrutik ezagutu dute prozesu guztia. Eñaut Zubizarreta aspaldiko lankidea da. Gero, musikaz aparte, Itziar Garaluceren efektu bisualek ikuskizunari beste dimentsio bat ematen diote. Bere zuzeneko bideo sorkuntza itzela da. Horretaz aparte, orain dela gutxi, harizko orkestra batekin bertsio berri bat estreinatu dugu. Hurrengo hilabeteetan zuzenekoetan orkestra desberdinekin ibiliko gara. Esate baterako, irailean Getxo Folk festibala bertako orkestrarekin zabalduko dugu.
Martxoak 14an Tabakaleran izango zara. Nolakoa izango da ikuskizuna?
Formatua ez da beti berdina. Egoeraren arabera hiru modu diferentetan moldatzen gara: duoan, laukote moduan, eta orain esku artean dugun formatu handia, orkestra batekin. Horretarako, leku handiak behar dira. Tabakaleran, berriz, duoan izango gara Iñar eta biok, Itziar Garaluceren proiekzioekin. Bizi ala Iraun zikloaren barruan izango gara. Espazio oso txikia da eta ezinezkoa zaigu talde osoa sartzea. Oso proposamen intimista denez, leku aproposa da. Bilbon, aldiz, formatu handian egongo gara Loraldi jaialdian martxoaren 20an, harizko boskote batekin Sociedad Filarmónica areto ederrean. Izugarria izango da. Bilbora gerturatzen direnek gozatuko dutela esango nuke. Boskote baten laguntza jasoko dugun lehenengo aldia izango da.
Soinu bandetan ere ibilia zara lanean. ‘Pause’ batzuetan film bateko musika dela dirudi.
Azken urte hauetan izan dut zinerako musika lantzeko aukera. Soinu banda asko konposatu ditut, baita antzerkirako eta dantzarako musika ere. Oso lotuta dago dena. Pause oso musika zinematografikoa da, askotan irudiak gogora ekartzen ditu. Pertsona askok esan didate. Ez da nahita egindako gauza bat, baina azkenean gustatzen zaizuna egiten duzu.
Zure familia musika munduari oso lotuta dago. Zure seme Markelek ‘Pause’ diskoan parte hartu du.
Hemezortzi urte ditu eta musika munduan hasten ari da. Berak gustura egin du eta oso polita izan da elkarlan hori. Ikasteko esperientzia onak izaten dira horrelako grabaketa txikiak.
Alos Quarteteko kideek ere hartu dute parte diskoan.
Bai. Alos izan da azken urteetako nire proiektu nagusia. Pasa den urtean 25 urte bete genituen eta, noski, diskoan derrigorrez egon behar zuten. Kantu batean sartu dituzte sokak, Urak dakarrena izeneko abestian. Orain, paraleloki, bi proiektuak aurrera eramatea tokatzen zait, Pause diskoan arreta pixka bat gehiago jarrita bada ere. Hori bai, hemendik bi hilabetera material berria aterako dugu Alosekin.
Disko osoan abestua den kanta bakarra irlanderan dago, ‘Ò Chuas Anoir’. Liam Ò Maonlaí abeslari irlandarrak jarri dio ahotsa. Nola sortu zen kolaborazio hori?
Liam musikari ikaragarria da. Amaia Elizaran dantzariari esker ezagutu nuen. Amaiaren hiru ikuskizunetan neuk landu dut musika. Berak ezagutu zuen Liam Irlandan eta bere azken ikuskizuna harekin egin du. Hala, Liam ezagutzeko aukera izan nuen eta oso jatorra iruditu zitzaidan. Kantari handia da, eta kantu hori egitea proposatu nion. Bere lagun baten omenez egin zuen letra. Oso abesti berezia da. Grabatzeko momentua magikoa izan zen, etxean, afari baten bueltan. Diskoari mistizismo apur bat ematen dio.
Zein da Alos Quartetekin egin duzun lanekin desberdintasunik handiena?
Alosen bi eremu lantzen ditugu. Batetik, musika alaia, dantzagarria. Bestetik, eremu minimalistagoa. Eremu askotan Pauseko eta Aloseko kantek antzekotasun handiak dituzte. Zure sorkuntza bi alde diferentetan banatzea oso zaila da. Desberdintasun nagusiena estetikoa da. Aloserako idatzitako kantak hari laukote baterako pentsatuta daude, eta horrek mugatu egiten zaitu. Baditu bere alde onak eta txarrak. Baina, kasu honetan, hortik atera nahi nuen, beste instrumentu batzuekin jolastu: ahotsa, harpa, pianoa… Esperimentu polita izan da.
Harkaitz Canok disko intimista eta barea dela dio, eta Oteizaren hutsuneekin ere erlazionatu dute. Zer iruditzen zaizu?
Ados nago. Horretatik asko duela iruditzen zait. Askotan badirudi musika lasaia edo minimalista egitea erraza dela, aldaketa gutxiko musika delako. Baina badu zailtasun handi bat: gutxirekin asko esatea. Diskoak hori lortu duela esango nuke. Elementu eta informazio eskasarekin bidaia handi bat egitea. Aitor Etxeberriarekin elkarlanean egin nuen: elementuak kendu, hustu… Normalean, estudioan, osagaiak gehitu egiten dira. Guk justu kontrako bidea egin genuen. Beharbada, diskoaren sorkuntzan lan horixe izan zen zailena.
Zeintzuk dira zure planak etorkizunerako?
Alosekin kantu berri bat plazaratuko dugu aurki, grabatu berri duguna. Pause, egia esan, uste nuen baino gehiago luzatzen ari da. Datorren udazkenerako hainbat emanaldi lotuta dauzkagu. Luzera begirako proiektua da. Urrian Alemaniara noa Alosekin, baita Pause aurkeztera ere. Proiektu oso politak ditugu esku artean, oso kontzertu bereziak ateratzen ari dira eta pozik gaude. Aurten behintzat horrekin jarraituko dugu. Alosekin zerbait berria aterako dut, baita Pauserekin ere. Ez naiz aspertuko.
Orduan, ‘Pause’ ez da disko bakarra izango?
Nik uste dut ezetz. Espero baino askoz harrera hobea izan du. Horrek aurrera jarraitzeko bultzatzen nau. Jendearen berotasuna ikusten duzunean, horrek indarra ematen dizu aurrera jarraitzeko. Niretzat pentsaezina zen horrelako disko batek horrenbesteko emanaldi kopurua egitea. Orduan, zergatik ez jarraitu? Presarik gabe. Kantu berri batzuk baditugu gainera, zuzenekoetan egiten ditugu baina ez daude diskoan. Beste disko baterako materiala badago, beraz. Presarik gabe, baina pausarik gabe, gauzak egiten jarraituko dugu. Batez ere taldekide apartak ditudalako; zorte handia da horrelako musikariek nire musika zuzenean jotzea, eta hori aprobetxatu egin nahi dut. Uste dut bide luzea egin dezakedala. Gehienbat kanpora begira. Momentuz hemendik ibili gara, baina kanpoan etorkizuna duela uste dut, eta harrera ona izango duela. Hortxe jarraituko dugu beraz, lanean.