Atlantikoa zeharkatuko du lehen aldiz Alos Quartet hari-laukoteak. Gaur bertan hartuko dute hegazkina, asteartearekin, Kolonbiara bidean. Momentu berezia izango da Xabier Zeberio (nyckelharpa, biolina eta konposizioa), Francisco Herrero (biolina), Lorena Núñez (biola) eta Alejandro Saúlentzat (biolontxeloa). Izan ere, bihar bertan Ameriketan hasiko duten bira, taldeak 25 urte betetzearekin batera iritsi baita. Etxepare Euskal Institutuaren laguntzari esker, Bogotako Teatro Mayor Julio Mario Santo Domingo antzokian izango da lehen geldialdia. Segidan, berriro hegazkina hartu eta Kubara egingo dute jauzi, han hiru kontzertu eskaintzeko: abuztuaren 10ean La Habanako Teatro del Museo de Bellas Artes antzokian izango dira; abuztuaren 11ean, Matanzas hiriko Teatro Jose White antzokian; eta, azkenik, abuztuaren 15ean, La Habanako Fábrica de Arte Cubano aretoan amaituko dute bira –gainera, Kubako kontzertuetan, Ernesto Oliva pianista gehituko zaio laukoteari–.

Zeberiok ezagun du Bogotako antzokia, bertan izan baitzen 2022ean Amaia Elizaran koreografo eta dantzari tolosarrarekin, Etxeparek bultzatutako Ventana vasca ekimenean parte hartu zuenean. Hain zuzen ere, Kolonbiako kontzertua programa beraren baitan antolatu dute.

Alos Quartet: ausaz sortutako taldea

Alos Quartet “ausaz” sortutako laukotea izan zen. 1999an Niko Etxartek banan bana deitu zituen Zeberio, Herrero, Pello Ramirez eta Cristina Izkue –lau horiek izan ziren lehen taldekideak–. Elkar apenas ezagutu arren, formulak ongi funtzionatu zuen: “Han grabaketa bat egiteko elkartu ginen, ez talde bat sortzeko. Nikoren diskoa grabatu eta berehala, Dulce Pontesen deia jaso genuen”. Hasiera-hasieratik kolaborazio lanak egin izan dituzte. Pontesekin “urte mordoxka” egin zituzten, baita Oskorrirekin ere. “Bideak berak eraman gintuen taldea sortzera eta, agian, horregatik iraun dugu 25 urte”, dio Zeberiok. Kolaborazioen autobidetik talde-proiektua ere egonkortu egin zuten 2004an kaleratutako taldearen izen bereko diskoarekin –taldearen errepertorioa Zeberioren sorkuntzekin osatuta dago, nagusiki–.

Alos Quartet-en soinu propioa lortzeko bilaketari ekin eta, lehen disko hura egiterako garaian ez zekiten “nondik tira”. Formakuntza klasikotik etorritako musikariak ziren eta hariko laukote bat, hain zuzen, musika klasikoan oso ohikoa den comboa bada ere, Alos-ek muga horiek ere gainditu egin nahi izan zituen. “Urteak kosta zaigu gure sorkuntza bidea topatzea, eta lehen diskoa garaikideagoa izan zela esan genezake. Pausoak emateko lehenengoa eman behar da beti, eta gurea huraxe izan zen. Bigarren diskorako jada gure soinu propio hori topatu genuela uste dut”, aipatu du.

“Ez zen aurrez pentsatutako gauza bat izan, bideak eta lanak ekarri gaitu honaino. Ez da irautea bakarrik, martxan jarraitzea ere bada”, gaineratu du, eta gero argi esan du taldea osasuntsu dagoela, esku artean dituzten proiektu guztiak aurrera eramateko sasoiarekin.

Silvio Rodríguez

Azken mende laurdenean taldearen sei disko propio argitaratu dituzte, kolaborazioei muzin egin gabe. “Joan-etorriko miresmenak” ahalbidetu izan ditu beste artistekin izandako hartu-emanak. Alor horretan, Kepa Junkera, Silvio Rodriguez, Benito Lertxundi, Ken7, Carlos Nuñez, Oreka TX, Ken Zazpi, Esne Beltza, La Buena Vida, Los Piratas, Bide Ertzean eta Angel Unzuren bidaide ere izan dira Aloseko musikariak.

Elkarlan horien guztien artean kolaborazio bereziren bat hautatzea zaila egiten zaiola onartu du Zeberiok. Halere, gogora ekarri du nola jarri zituen kontaktuan Juan Carlos Cambas pianista argentinarrak Alos Quartet eta Silvio Rodríguez. “Silviorentzat moldaketa bat prestatzea goia jotzearen modukoa izan zen niretzat. Bira honetan, Kuban berarekin berriro egoteko aukera izango dugu, eta ilusio handia egiten digu”, esan digu ezpainetan irribarrea zuela tolosarrak.

Azken aldian, soinu bandak

Azken urteotan, “buru-belarri” dabiltza zinemarako soinu banden konposizioan. Parte hartu duten azkenetarikoa, Jon Garaño eta Aitor Arregiren Marco pelikula izan da. Datorren irailean Veneziako jaialdian lehiatzekoa da: “Proiektu politak sortu zaizkigu gure ibilbide honetan, eta biziki eskertzen ditugu”.