Tolosa – Xabi Zeberio musikari tolosarrak urteak daramatza musikari ibilbide profesional oparoan. Aste honetan, lehenengoz Pause izena duen bakarkako diskoa aurkeztu du. Aurkeztu berri duen diskoaz eta bere ibilbideaz hitz egin du Zeberiok.

‘Pause’ izeneko bakarkako zure lehen lana aurkeztu berri duzu, Aitor Etxebarria ekoizlearen eta Forbiden Colours disketxearen laguntzaz. Nola definituko zenuke ‘Pause’?

–Niretzat, nolabait azaltzeko asmoz, gaur egun musikari moduan naizena islatzen duen obra bat dela esango nuke. Gelditasunari apologia egiten dion diskoa da. Gaur egun bizi dugun gizarte ero honetan dena korrika egitera ohituta gaude, eta lan honekin entzulea nolabait gelditu eta barne begirada bat egitera bultzatzen duen lana egiten saiatu naiz. Eta, noski, en-tzule moduan niri entzutea gustatzen zaidan zerbait egiten saiatu naiz. Laburbilduz, oinarrira edo esentziara doan obra da Pause.

Zer esango zenioke jendeari diskoa entzun dezan?

–Besterik gabe, ikuspuntu irekia duen orok ondo hartuko duen lan bat dela esango nioke jendeari. Melodia lasaiak eta entzungarriak egiten saiatu gara Aitor Etxebarria eta biok. Berak lagundu nau 9 lanez osaturiko obra oso bat egiten. Kanta guztiek dute antzekotasun edo harremanen bat, hasieratik jarritako helburua izan da hau. Eta bestalde, 35 minutuko disko nahiko motza egin dugula kontuan hartuz, jendeari esan nahiko nioke entzuten duen orok era batera edo bestera gozatuko duela.

Kolaborazio ugari ditu lan honek. Iñar Sastre pianoan, Liam O Maonlai ahotsean eta harpa zeltiarrarekin, Markel Zeberio semea biolontxeloarekin… eta zu zeu Nyeckel Harpa, biolina, biola eta kontrabaxuarekin. Kolaborazioren bat nabarmenduko zenuke?

–Semearekin kolaborazioa egitea beti da berezia, noski, baina ez nuke kolaboraziorik nabarmenduko. Aipatu dituzun guztiez gain, aurretik aipatutako Aitor Etxebarriaren lana oso garrantzitsua izan da, bera izan baita lan hau egitera bultzatu nauena. Beste esparru batean, Ramon Zabalegi ere aritu da diseinu lanetan... argazkilariaren lana edo Jean Phocas teknikariarena ere aipatzeko lanak dira. Era bateko edo besteko kolaborazio guztiei lanerako askatasuna ematen saiatu naiz, haiek ere bere alea jar zezaten. Beraz, nire ‘bakarkako lehen diskoa’ aurkeztu dudan arren, talde lan baten ondorioa izan da, dudarik gabe.

Zuzeneko emanaldiak ere prestatu dituzu jada, eta formatu ezberdinetan eskainiko dituzu.

–Bai, hori da. Diskoaren eta zuzenekoaren arteko lana desberdintzen saiatu gara. Diskoa obra bat da, eta zuzeneko ez da diskoaren kopia bat izango, rekreazioa baizik. Gure erara defendatuko ditugu zuzenekoak.

Abenduaren 23an eskainiko duzu estreinakoz lehen kontzertua Gasteizen Antzina Folk jaialdiaren baitan, eta, Tolosako Leidor aretoan ere arituko zara bost egun beranduago, 28an. Etxean jotzea beti da berezia, ezta?

–Bai, hori da. Gasteizeko Antzina Folk jaialdian arituko gara lehengoz. Oso erlazio estua izan dut beti jaialdi honekin, aurten 11.edizioa antolatu dute, eta era batera edo bestera beti izan naiz bertan. Beraz, aukera berezia izango da. Eta Tolosan jotzea, noski, beti da oso berezia. Musikari moduan izan dudan ibilbidea osoan zehar beti izan ditut Tolosako ateak zabalik, eta zentzu horretan hitz onak besterik ez dauzkat herriarekiko. Datak ere bereziak dira, eta kontzertua baino, festa moduko bat sortzea izango da helburua.

Diskoa alde batera utzi eta zure ibilbidearen errepasoa eginda… urte mordoa daramazu musikaren munduan. Gaztetatik jakin izan zenuen musikaren munduan aritu nahi zenuela?

–Egia esanda, ez. Gaztetatik bizi izan dut musika pasioz, baina bizitzak ekarri nau bide honetatik. 4-5 urte nituela Suzuki izeneko metodo berezian biolineko ikasketak egiteko aukera izan nuen amari esker, eta bidea egiten jarraitu dut ordutik. Besterik gabe iritsitako zerbait izan da, eta egun gehien gustatzen zaidana egiten dut.

Beraz, etxetik datorkizu zaletasuna.

–Bai. Gurasoak musikazaleak ziren, eta anai-arrebei musika ikasteko aukera eman ziguten. Orokorrean, kulturak beti izan du garrantzia gurean.

Musikaren munduak hamaika lanetan aritutakoa zara. Zuzenketak, orkestrak, Oskorri... Eta azkenaldian, filmetako soinu bandak ere egin dituzu. Nola definituko zenuke zure burua?

–Ur ezberdinetan igeri egitea gusta-tzen zaidala esango nizuke. Egin ditudan guztietatik ikasi dut ikaragarri. Oskorrin egin nuen ibilbidea, adibidez, nire unibertsitatea izan zen, baina ez nuke bat nabarmenduko. Musikaria naiz, eta musika dut gustuko. Sekulako zorte izan dut proiektu ezberdinetan parte hartzeko aukera izan dudalako.

Bukatzeko, non aurki daiteke Pause?

–Denda eta plataforma digital guztietan aurki daiteke. Abenduan Durangoko Azokan ere izango gara. Gainera, CD eta biniloan atera dugu lana. l