Xabier Lete, Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Lourdes Iriondo eta beste hainbat artistaren ekimenez, Ez Dok Amairu 1965. urtean sortu zen. Mugimendu abangoardista ez zen batere garai errazean jaio. Francoren diktadurak bazituen ordurako ia 30 urte, eta zentsura eta trabak ugariak ziren. Euskal kantariek askotan beste hiri batzuetara jo behar izaten zuten euren musika grabatzekotan, hala nola Bartzelona edo Madrilera.
Kulturaren berpizkundea Euskal Herrian lantegi propio baten premia zegoen, eta behar hori asetzeko sortu zen Herri Gogoa diskoetxea 1967. urtean. Ez Dok Amairuko kideek bertan aurkitu zuten beraien lekua, euren arte eta adierazkortasun guztia askatasun osoz garatu ahal izateko. Euskal Herriko historian une erabakigarria izan zen, gure nortasuna defendatzen zuen mugimendu kultural osoa eratu baitzen, eta diskoetxea funtsezkoa izan zen bide horretan.
Herri Gogoa sortu zenetik 58 urtera, euskal kultura modernoaren sustraian dagoen diskoetxea omendu nahi izan du Haatik dantza konpainiak. Aiert Beobide eta Iurre Aranburu zuzendariek 2011n hasi zuten konpainiaren ibilbidea, eta orain, garai hartan emandako pauso guztiak aztertu, ikasi eta moldatu dituzte, lan berri bat ekoizteko.
Herri Gogoan grabatu ziren berrehun lanetik gora oinarri hartuta sortu dute OTS ikuskizuna. “Herri Gogoaz aparte beste zigilu bat ere sortu zen, OTS izenekoa. Lehenengoa ez zen inoiz legala izan; bigarrenak, ordea, lortu zuen zentsura gainditzea. Era berean, OTS nola ahoskatzen den entzunda, berehala konbentzitu gintuen ikuskizunari izen hori ipintzeko”, azaldu du Aiert Beobidek.
Donostian estreinatuko dute martxoaren 8an, Egiako Gasteszenan, eta hilabete bereko 20an dFerian egongo dira. Hori bai, “aurrestreinaldi moduko” bat burutu zuten Urnietako Saroben otsailean, “dena erreala egiteko azken froga”. Hurrengo hilabeteetan, 2025. urtean zehar, Euskal Herriko hainbat herritatik pasako dira. Gipuzkoan makina bat emanaldi hitzartuta dauzkate, besteak beste, Andoainen, Tolosan, Zarautzen, Astigarragan, Hondarribian, Hernanin, Zumaian, Villabonan, Lezon edota Pasaia.
Lan osoa prestatzeko, lehenik eta behin Herri Gogoaren katalogo luzea arakatu zuten. Horretarako, Manu Gaigne musika konposatzailearekin elkartu ziren. “Hasiera batean musika mota bakoitzeko lagin batzuk atera genituen, nolabaiteko aukeraketa eginda”, baina artean lan handia zegoen egiteko.
Garai hartan bizi izandako esperientziak bertaratu nahi zituen konpainiak eta dantzaren bitartez mundu horren argazki metaforiko bat sortu. Hartara, betiko euskal dantza tradizionalaren bitartez, “euskal kulturaren garaikidetasuna aldarrikatu”. Horretarako, Aiertek eta Iurrek Jone San Martin dantzari eta sortzaile donostiar ezagunarengana jo zuten.
San Martin Euskal Herritik kanpo aritu da lanean urte askoan, besteak beste William Forsythe koreografo famatuarekin. Berak argi zeukan ez zuela nahi “musika bat hartu eta horren gainean koreografia bat jarri”, baizik eta “euskal dantzekin jolastuz, dantzari bakoitzaren esperientziak baliatu beste sentimendu batzuetara iristeko”. “Pixkanaka joan dira musika eta dantza elkarren artean aurkitzen. Askotan, musika bera izan da, sortuta zegoen mugimendu bati soinu banda eman diona”, kontatu du Aiert zuzendariak. San Martinen lanak izugarri lagundu die, proposamen honetan beste ikuspuntu berri bat sartu nahi zutelako. Elkarlan hori oso arrakastatsua izan omen da: “Iruditzen zaigu lan honekin luzerako harremana sortuko dela gure eta Joneren artean, modu batean ala bestean”.
Eszenografiarentzat “zerbait sinplea eta aldi berean indartsua” nahi zuten. Lurra gorria, eta korneta moduko bozgorailuak eszena guztian zehar “oso modu ederrean” kokatuz lortu dute nahi zutena. Inspirazio iturri Oskarbiren disko azal bat izan du Ikerne Gimenez eszenografoak. Izan ere, garai hartako diskoen irudiak artista handiei eskatzeko ohituta baitzegoen; hala nola, Oteiza, Zumeta edota Vicente Ameztoy.
Herri Gogoan ez zuten musika mota edo genero bakarra landu. Horregatik, OTS “erreportaje moduan uler daiteke, soinu dokumental bat bailitzan”, non “ikusleak gauza oso bitxiak entzungo dituen”, aipatu du Aiertek. Besteak beste, berreskuratutako lanen artean, “modu esperimentalean New Yorken grabatutako soul eta jazz estiloko euskal kantuak ere badaude. Dirudienez, bere garaian inor gutxik ulertu zuen, baina orain oso material preziatua da”.
Nahiz eta 50 urte baino gehiago duen musika izan, gaur egungo gaiak presente daude ikuskizunean zehar, Aierten aburuz: “Ez da oso lan dramatizatua, gai zehatz batekin; baina era berean gai ugari jorratzen dira, kontzeptu asko, taldeko indibidualtasunetik kolektibora doazen, guztiok bizitzen ditugunak"