Erloju-denda batean lan egiten hasi bazen ere, Benito Lertxundik musika zuen pasio handiena. Zarauzko denda batean erosi zuen bere lehen gitarra elektrikoa, baita berau jotzen ikasteko metodo bat ere. La voz de España egunkariak 1964an antolatutako lehiaketa batean sona hartzen hasi zen. Handik hona, 60 urte pasa dira eta sei hamarkada horietan, Orioko bardoa euskal musikagintzaren ikur bihurtu da. Orain, zuzeneko disko bikoitz baten argitalpenaren ostean, agur esan dio oholtzari.

Gaurko egunetik bada ere, saia gaitezen denboran zehar bidaiatzen. Etxean bederatzi seme-alaba zineten eta zu zinen txikiena. Zuen artean bazegoen musikarako sena zuen besterik?

—Gure etxean kantatzeko zaletasuna eta sena bazen. Guztiak belarri oneko jendea ginen, gurasoetatik hasita. Nire arrebek ondo kantatzen zuten eta herriko koroan ibiltzen ziren, eta bakarlari bezala ere ibili ziren. Anaiak, bakoitzak bere lana zuen, baina kantatzeko sen hori ere bazuten, nik bezala. Amak, aldiz, aitak ez bezala, ez zuen kantari onaren famarik.

Hori iruditzen al zitzaizun zuri ere?

—Amak bazuen horrelako ahots kaskatu bat, erre bat. Orduan ahots fin eta tinbratuak baloratzen ziren, eta amarena bezalako ahotsak, nonbait, alboratu egiten ziren. Baina ni amaren zalea nintzen.

Zergatik?

—Pasarte bat gogoan dut. Nik hiru bat urte izango nituen, ez gehiago. Negu gorria zela gogoan dut, gau izoztu batean. Eguerdiko hamarrak edo hamaikak izango ziren. Sukaldeko sua piztua zen, bero egiten zuen. Leihoaren ondoan nengoen ni eta kristalak negarrez zeudela ikusten nuen, kanpoan hotz asko egiten zuelako eta barruan, aldiz, bero. Egurrezko sehaska batean nengoen, tapa-tapa eginda, izerdi patsetan. Eta nik handik atera egin nahi nuen, bota egiten nituen tapakiak. Eta ama etorri egiten zen niregana eta han egon behar nuela esaten zidan. Konbentzitzeko, ispilu bat jarri zidan aurpegian eta hantxe ikusi nuen nire aurpegia gorri-gorri. Nonbait, gaixo nengoen. Gogoratzen dut amak Amerikara noa abestu zidala. Lehen aldiz entzun nuen momentu hura gogoan dut. Gerora ere etxean kantatzen zuen eta besteek isil arazi egiten zuten ama, kantatzen ez zekiela esanda. Niri, aldiz, hura ikaragarri gustatzen zitzaidan. Eta niretzako amaren ahotsa Tom Waits-en ahotsa bezalakoa zen (hunkitu egin da).

Zuk ere zure errepertorioan abestu izan duzu.

Amerikara noa kantuan nire ama dago.

Gitarrari ere heldu zenion, autodidakta zara gainera.

—Orioko erloju-dendan lanean nenbilela, Zarautzera joan nintzen han zegoen musika denda batean gitarra elektriko bat eta berau jotzen ikasteko liburu bat erostera. Horiek hartuta, dendako irratian entzuten nituen Elvis Presley eta The Shadows bezalako taldeen euskarazko bertsioak egiten hasi nintzen, nire gisara, jatorrizko letrek zer zioten jakin gabe eta izenburuei tiraka.

Jakina den bezala, zure lehen arrakasta 1964an lortu zenuen. ‘La voz de España’ egunkariak antolatutako lehiaketa irabazi zenuenean. Gogoan duzu emanaldi hura?

—Nik bota egin nindutela uste nuen, hamabi segundo ez dakit kantatzen pasa nituen. Baina, noski, 500 partaide ginen. Igandean izan zen saioa. Astelehenean, Hoja del lunes kaleratzen zen. Asteartean, La voz de Españan, bi orrialde handitan, letra larriz: “Un joven oriotarra se perfila como gran favorito del concurso con la peculiaridad que canta en vascuence”. Vascuence? Indioak bezalakoak ginen. Eta, bat-batean, euskararen ikur bezala hartu ninduten.

Emanaldi horren ostean Mikel Laboak deitu zizun, gerora Ez Dok Amairu izango zenaren bileretan parte hartzeko.

—Niretzat Ez Dok Amairu bataio bat izan zen. Mikel Laboa Bartzelonan medikuntza ikasten zebilela deitu zidan La voz de Españan irakurri zuelako Zarautzen bazela euskaraz kantatzen zuen gazte bat. Kataluniako Nova Canço zena imitatuz, jendea erreklutatzen hasi ziren.

Askotan galdetu izan da baina ez da inoiz erabat argitu: zergatik amaitu zen Ez Dok Amairu? Egoera politikoa izan zen guztiarekin amaitu zuena?

—Begira, pentsa daiteke edo esan ohi da, heldutasun bat zegoela, baina oso gazteak ginen. Nik, esaterako, 23 urte besterik ez nituen. Ez genuen inongo esperientziarik. Ez Dok Amairu. zerotik abiatu eta pertsona mordoa mugitzen zuen zerbait izatera pasa zen. Gainera, gure hurbileko oso jende abertzaleak guk gitarra hartu genuelako egurra emanez artikulu bat idatzi zuen prentsan. Hori zen geneukan giroa. Ez Dok Amairuk suposatu zuen eztandaren ondoren, espresio berri batzuk sortzen hasi ziren berehala. Bazen horrelako giro jaioberri bat nagusitu zena, oso korriente kultural berri bat.

Ez Dok Amairu mugarri izan zen euskal kulturaren historian.

—Gustatzen zait esatea geroztik gertatu den guztia, onerako ala txarrerako, dena Ez Dok Amairuren ondorioz gertatu dela. Batean irakurri nuen Ez Dok Amairu denboraren definizio bat zela, inflexio puntu bat.

Elvis Presley edo The Shadows taldeen bertsioak, euskal kantutegi tradizionala, kantutegi epikoa, musika zelta, Euskadiko Orkestrarekin album bikoitz bat... Sei hamarkada hauetan oso gauza ezberdinak egin dituzu.

—Ez ditut Elvis edo The Shadows musika zeltatik oso urrun ikusten, ezta pabana edo musika sinfonikotik ere. Finlandiako baso batean bizi zela eta pixka bat edateari ematen hasia zela, Sibeliusi galdetu zioten, inguratzen zuten zuhaitz handiek sortutako iluntasun horretan, ea nola inspiratzen zen musika konposatzeko garaian. Sibeliusek erantzun zuen musikaren kolore paletak argitzen zuela bera. Harritu egin ninduen, nik ere koloreak ikusten ditudalako musikan.

Sinestesikoa zara, beraz?

—Bai, batzuetan estudioan izan naizenean, lotsa eta dena izan dut koloreen inguruan hitz egiterakoan. Musikaren baten inguruan galdetuta, agian, kolore iluneko bezala deskribatu dut, edo argi gehiago behar duen musika behar dugula esan dut... “Zer koloreez ari zara?”, galdetu izan didate noiz edo noiz. Eta nik, agian, okreak ikusi ditudala erantzun dut. Momentu horietan zoroa banintz bezala begiratu izan didate. Baina, nik musikan koloreak ikusten ditut. Eta Elvis, The Shadows, pabana edo zer dakit nik entzuten dudanean ikusten ditudan koloreak paleta berekoak izan ohi dira.

Bob Dylan ere gogokoa duzun kantautorea da. Donostiako Kursaalen eman zuen azken kontzertuan izan zinen?

—Ez nintzen izan. Nire emaztea eta alaba joan ziren. Jende artean ibiltzea ez zait gustatzen. Oholtza gainean egon naizenean, beno, han nago

Berak ere, zuk bezala, sei hamarkada egin ditu oholtza gainean baina, badirudi, hura ez dagoela jaisteko prest.

—Ni ez naiz Dylan (barre egin du). Badakizu zer gertatzen den? Ziurrenik, Dylanek ez dakiela hortik kanpo bizitzen. Donostiara etortzen den tipo batek, eta Maria Cristina hotela edukita autobusetik atera gabe bizi den batek erakusten du, ez dakiela hortik kanpo bizitzen. Beharbada bere arazoak izango ditu eta horregatik egiten du hori. Niri, aldiz, bira luzeak-eta ez zaizkit inoiz gustatu. Esan behar dut, bestelakoan, Dylan gabe ezingo nukeela ulertu azken mende erdiko musika.

Nahiago izan duzu Orion, etxean, lo egin.

—Nire pribilegioetako bat neurria izan da. Nire ibilbidea Euskal Herrian garatzeko aukera izan dut. Orio izan da nire kuartela. Euskal Herriko edozein ertzetan jo izan dudanean, nire kuartelera itzultzeko aukera izan dut. Badakizu zer den hori?

Eta munduaren erpin askotan, hiriburu garrantzitsuetan, jotzeko aukera eman izan balizute?

Aspaldi utzia izango nuen nik kantagintza.