Benito Lertxundik (Orio, 1942) oholtzak utzi dituela iragarri zuen azaroaren amaieran. Iragarpenarekin batera, Gernika zuzenean disko bikoitza aurkeztu zuen. Orioko bardoa ezinbesteko erreferentea da euskal kulturan eta kantagintzan. Datorren astelehenean, Errege egunarekin, 83 urte beteko ditu eta horietako gehienak musikari eskaini dizkio. Bere kabuz hasi zen gitarra ikasten eta euskarazko Elvis Presleyren bertsioak eginez lehiaketetan parte hartzeagatik hartu zuen fama. Halako batean, Mikel Laboa zenak Bartzelonatik deitu zion Ez Dok Amairu (1965-1972) mugimendua izango zena eraikitzen hasteko. Baga biga higa sentikariarekin zenbait urtez aritu ostean bakarkako bideari ekin zion, musika zelta, abesti tradizionalak, folka eta musika epikoa, besteak beste, onduz. Benito Lertxundiren ahots grabeak belaunaldi askoren memoria kolektiboan dirau, bere abestiak, berriz, historiara pasa dira. Bere etxeko ateak ireki dizkio kantariak NOTICIAS DE GIPUZKOAri, urte amaierarekin batera, bere ibilbidearen nondik norakoak memoriatik berreskuratzeko.
Amaitzear dagoen urte honetan oholtzatik erretiroa hartu duzula iragarri duzu.
—Egin behar zen zerbait izan zen. Noizbait etorri behar zuen, ezta? Pandemia garatik hona nire barruan egosten ari zer zerbait zen. Ez nintzen eroso sentitzen taula gainean. Urtearen hasieran hartu nuen erabakia eta nire ingurukoei adierazi nien. Eskatu ere, eskatu nuen ahal zen heinean sekretuan mantentzeko. Inork jakin gabe joan nahi izan nuen oholtzatik baina, nola diren gauzak, azkenean disko baten aurkezpenaren bueltan eman dut erabakiaren berri.
Berri horrek nolabaiteko zurrunbiloa eragin du euskal gizartean. Nola hartu duzu?
—Egin didaten elkarrizketa guztietan gai hau mahaigaineratzen da. Batzuk, berriaren ondoren, horrelako tristezia sakon bat sartu zaiela esan didate. Hasi naiz pentsatzen ez naizela oso kontziente izan nire entzuleengan hau guztia gertatzen zenik. Agian, orain hasi beharko dut sinesten.
Oholtza gainean eroso ez zinela diozu. Gernikan iaz emandako kontzertuaren grabazioaren argitalpenarekin erabaki. Han ere ezeroso izan zinen?
—Bai. Publikoa guztia emanda sentitu nuen, baina ez nik momentu horretan eskaintzen nien zerbaitengatik; aitzitik, aurretik emandako zerbaitengatik zela sentitu nuen, historiako horrelako erreberberazio bat bezala. Eta hori sentimendu makurra da. Zorretan nintzela sentituz itzuli nintzen etxera. Horri tiraka ibiltzea ere ez da batere jatorra. Esan behar dizut, bestalde, inoiz ez nuela pentsatu emanaldi horretatik disko bat aterako zenik, ezta inondik ere!
Kontzertua (eta argitaratu duzun ‘Gernika zuzenean’ diskoa bera) abesti berri batekin amaitu zenuen: ‘Ez nabil ezeren bila’. Ahapaldietako batek horrela dio: “Ez nabil ezeren bila, ikasi baitut denboraren lanbroan gaindi ibiltzen”. Egia al da hori? Benito Lertxundik lortu al du denboraren lanbroan gaindi ibiltzen?
—Bai. Zer da denboraren lanbroan gaindi ibiltzea? Erlojuak baditugu, denbora neurtzeko. Ni neu erlojugile lanean ibilitakoa naiz. Baina erlojuak eta agendak gure denborak gobernatzeko besterik ez dira. Baina denbora, tresna bezala erabiltzen dugun fikzioa da. Istant bakoitza bizitzaren katebegi bat dela, eta hori da, hain zuzen, niretzako errealitatea. Batzuk esango dute zer ote den zure etorkizunerako hobea, hau edo hura. Motxila bat ematen dizute eta motxila horretan daude zuk bizitzan erabili behar dituzun gauza guztiak, gure etika, morala, on-izatea, gai izatea... Zer gertatzen da? Motxila horretan daramazuna begiratzen hasten zarenean eta, banan bana, kanpotik etorri diren kontzeptu bakoitzaren inguruan hausnartzen hasten zarenean konturatzen zara, errealitatea deformatutako betaurreko batzuekin ikusten aritu zarela.
Zer da, orduan, ikusten duzuna?
—Errealitatea lehen aldiz ikustea bezala da. Ez da gauza bera eta, gainera, zuk zeuk ikusi duzu. Ikusi eta sentitu duzunaren agintaria zara, zure adimena da agintaria. Zentzu berean, istant bakoitza, neurtu ezina den hori, betikotasuna ere bada. Horri esaten diot nik “denboraren lanbroaz gaindi ibiltzea”. Denboraren zentzu psikologikoa da niri interesatzen zaidana. Aipatutako kantuan, tarteka, gauza horiek guztiak ageri dira.
Baina abesti hori, denbora neurtzeko tresna bezala erabili ezkero, bada epe bat bukatzeko mugarria, zure ibilbide profesionalarena, hain zuzen ere.
—Berez, ez da horretarako.
Ez da izango baina, kontua da, abestiak garai bat itxi duela.
—Nire egoteko moduaren edo nire gauzei begiratzeko moduaren adierazpen bat da eta kantu egin dut. Eta denbora bat igaro dut abestia egiten, noski. Zergatik? Ikuspegi bat kantu bilakatzeko zure estetika, hau da, lantzen zer aritu zaren kontuan hartu behar duzu. Denboraren erroetatik pasatako zure estiloa erreminta bat besterik ez da, esan nahi duzun hori besteei pasatzeko. Bestela, besteek ez lukete arretarik jarriko. Nire ariman, nire espirituan, nire gogoan eta nire psikologian eroso egoteko, orainean bizi behar dut. Orainetik begiratzen ditut nik gauzak.
Beraz, ez duzu gogoko izango grabatutako diskoak berriro entzutea, ezta?.
—Abestiak sortzen disfrutatu egiten dut, baina amaitzen ditudanean, beti, ihes egin didatenaren sentimenduak harrapatzen nau. Baina, egia da, eten egiten dut disko eta abestiekin, behin horiek bukatuta daudenean.
Oholtzara itzuliko ez zarela argi duzu, baina horrek esan nahi du musikarekin amaitu duzula?
—Ezinezkoa da nik musikarekin bukatzea. Musikak ahalmen gehiegi du, nik hura baztertzeko. Beste kontu bat da, nola erlazionatuko naizen ni musikarekin. Plazan ez dut egingo, hori argi daukat, baina beste nonbait edo beste nolabait egingo dut? Bada, ez dakit. Hain zuzen, lehenago honen inguruan aritu gara: biharkoari edo hemendik bi minutura gertatuko denari buruz ez dakit ezer. Nire egoerak esango du, momentu bakoitzean, zer egitasmo, zer egoera edo zer gogo daukadan.