Benito Lertxundik (Orio, 1942) zuzeneko disko bikoitz batekin esan dio agur kantagintzari. Gaur, asteazkenarekin, Gernikako Jai Alai frontoian aurkeztu du berau, hain zuzen ere, orain dela urte bete diskoak jasotzen duen kontzertua burutu zen toki berean. Orioko bardoak onartu duenez, inoiz ez da izan bizitza publikoaren zale, halere, bere inpultso naturalen aurka edo, sei hamarkada luzez ibili da agertokiz agertoki. Bere esanetan, “artistek bizitza publikoa behar dutela” eta horregatik jotzen omen dute horretara baina, bere kasuan, “behar” horren gabeziaz jabeturik, kantagintza uztea erabaki du, betiko.
Zuzeneko agerraldietarako grinarik, jada, ez duela aipatu du Lertxundik. Are gehiago, oholtzara igotzen zen bakoitzean, sentimendu “makur” bat etortzen zitzaiola, emozioz beteriko publikoari merezi zuen erantzuna ezin eman izanagatik. “Zorretan” sentitu ohi zela esan du, baina ezin pagatu. Disko bat ordainetan, bederen, utzi die haren zaleei. Eta ez dira gutxi. “Ez nuen bilatzen (diskoa), bera bakarrik etorri da. Nork daki zergatik”, galdegin dio bere buruari.
Orain lau urte, pandemiaren etorrerarekin, hasi zitzaion agertokiak uzteko nahia. Orion, leihoak ireki, isiltasunaz disfrutatu eta nola bi txori sartu zitzaizkion gelara, ekarri du gogora kantariak. Horrek zer pentsa ekarri zion: “Txoriak hegaka ikusten ditugu baina hil, hil ere egiten dira inor konturatu gabe”. Horregatik, eta txorien moduan, inongo ospakizunik gabe, agur esan dio musikari.