Bernardo Atxagaren Etiopia (1978) poesia liburu “abangoardistaren” azken edizioa egin zenetik 36 urte pasa dira. Urte luzez, edizio berri baten ideiak “ikaratu” egiten zuela aitortu du autoreak, gaur ostiralarekin, laugarren argitaraldia aurkezteko Donostian egindako prentsa agerraldian. Lehen aldiz argitaratu zuenean, gaur bezalaxe lengoaia iraultzeko eta “apurtzeko” asmotan zebilen Atxaga. “Hori izan da beti nire helburua”, esan du. Zentzu horretan, idazlea beldur zen ea, edizio berri bat baimenduta, ez ote zizkioten “nostalgia” zantzuak egotziko. “Ni nostalgia gabeko pertsona naiz”, erantzunez jarraitu du Obaba unibertsoaren sortzaileak. Halere, Ereingo editoreek autorea konbentzitu zuten eta, azkenean, “jantzi berriko” Etiopiarekin “oso pozik” dagoela onartu du.

Etiopia testu narratiboz, poesiaz eta hausnarketez osatutako liburua da. Horietako asko, Hautsi da anphora, Fast fatum edo Herdoilarena, esaterako, Ruper Ordorikak kantatu zituelako egin ziren ezagun, 1978an argitaratu eta berehala. Mikel Laboak, Garik edo Anarik berak ere, liburu “ulertezin” horretatik ateratako poesiak kantatu izan dituzte.

Lehen edizioa Pott Bandak sortutako Pott liburutegia zigilupean argitaratu zen, oso modu xumean. “Argitaratu zuen liburu bakarra izan zen”, broma egin du Ereingo editore Inazio Mujika Iraolak. Gerora, Ereinek hartu zuen beste bi argitaraldi berri egitearen ardura. 1982an eta 1988an eman ziren argitara, hiru poema gehigarrirekin. Baina, ia 40 urtez, ez da edizio berririk egin.

Denbora horretan, asteasuarrak idatzitako “ganberradak” fotokopien bitartez irakurri izan dituzte askok eta askok. Horien arteko bi ditugu Jon Aranguren ilustratzailea eta Anari Alberdi kantautorea. Literaturaren trafiko klandestinoak bere xarma badu ere, Ereinek idazle eta poetaren obra dadaistari “jantzi berria” josi nahi izan dio bi artista horien laguntzarekin. Etiopia berri honek Arangurenek espresuki egindako ilustrazio batzuk barnebiltzen ditu –jatorrizkoan, Jose Manuel Susperregik egindako abangoardiako argazkiak publikatu ziren–. Are gehiago, laugarren ediziorako azala ere berak egin du. Kontrazaleko testua, aldiz, Anarik idatzi du. “Literaturaren hazitegi bat balego, liburu honek bertan beharko luke”, esan du hernaniarrak. Iñaki Aldekoak idatzitako aitzin solasa ere gehitu zaio edizioari.

Bilbo, mugarri

27 urte zituela argitaratu zuen Atxagak Etiopia. Bilbon pasatako urterik gabe, halakorik ezinezkoa izango zela eman du aditzera. Bizkaiko hiriburuan Zientzia Ekonomikoak ikasi zituen garaietan piztu omen zitzaion euskal kulturaganako grina, bereziki, hiru pasarteren ondorioz. Lehenik eta behin, Bilbon ezagutu zuen abangoardiako antzerkigintzak “shock-eatu” egin zuen Atxaga. Bigarrenik, Gabriel Aresti ezagutu zuenekoa kontatu du. Sorpresaz eta miresmenez hartu zituen Atxagak, Harri eta Herriren idazleak Asteasuko Pello Errota bertsolariaren inguruan haren alaba Mikaela Elizegik idatzitako liburuari botatako loreak. Eta barrenak eragin zizkion azken pasadizoa Deustuko apopilo etxe batean gertatu zen. Bertan, beste lagun batekin, Robinson Crusoe euskarara ekartzeko lanetan zebilela, Xanpunek idatzitako Obabatxo sehaska kanta abesteari ekin zion ugazabaren emazteak, etxeko semeak audio-grabagailu berri baten aurrean zerbait kantatzeko eskatu zionean. Horrek ere, biziki astindu zuen idazlea, moduren batean edo bestean, bere jaioterriarekin konektatu arazi zuelako. “Asteasutik hurbilago zegoen Bilbo, Donostia baino”, esan du Atxagak probokazio punttu batez. Horrela izango da, agian. Dena den, argi dagoena da, autore asteasuarraren bitartez, behintzat, Euskal Herria Arthur Rimbaud poetaren Etiopiatik inoiz baino hurbilago dagoela, gaur ere.