Igelak eutsi egiten dio sona handiko nazioarteko liburuak argitaratzeari. Aste honetan bertan, bi nobela kaleratu berri ditu: Adania Shibli idazle eta antzerkigile palestinarraren Detaile xume bat, eta Zadie Smith britaniarraren Kanbodiako enbaxada. Biak ala biak, aurreko hamarkadan idatzitako obrak dira. Aitor Blanco Leoz iruindarrak ekarri du euskarara Shibliren lana eta gaur, asteazkenarekin, Ereingo editore Inazio Mujika Iraolaren lagun zuela aurkeztu du Donostiako Liburutegi Nagusian.
Detaile xume bat, idazlearen hirugarren eleberria da. 2017an eman zuen argitara, eta aurreko biak ez bezala, dozena bat hizkuntzetara itzulita dago; orain, euskararen txanda etorri da –Igelak prestatutako edizioaren aurre-solasa, Ane Irazabal kazetariak idatzi du– . Shibli oso ezaguna egin zen oraintsu zentsura kasu batengatik. Igelak euskal irakurleen eskura ipini duen liburuak LiBerartur saria irabazi zuen iaz, Afrikako, Asiako, Latinoamerikako edo Arabiako emakume idazleak hautagai dituen aintzatespena. Frankfurten luzatu behar zioten saria eleberrigileari, baina Hamasek urriaren 7an egindako atentatuak zirela eta, antolakuntzak eman gabe utzi zuen.
“Hilketa anker baten istorioa da” eleberri honetan kontatzen dena, esan du Iraolak, Irazabalen sarrerari erreferentzia eginez. “Garbiketa etniko baten sustraietara bidaia da”, bidaia izugarria, “hoztasunez” idatzia, baina kontrapuntu satirikoa ere baduena.
Bi zatitan banatutako nobela da eta bien artean antzekotasunak edo errepikatzen diren elementuak badiren arren, oso testu “ezberdinak” ere badira. “Lasai-lasai, bi liburu ezberdin izan litezke”, dio itzultzaileak, eta segidan aipatu du “kolonialismoa”-ri buruzko hausnarketa egiten duela Shiblik.
Lehenengo zatiak 1949. urtean kokatzen du irakurlea, Israelgo Estatu sortu berrian. Negueveko basamortuan Israelgo mugak zaintzen dituen destakamentu bateko ofizial bat da protagonista, hori bai, gizon “anonimoa da”: “Ez dakigu nolakoa den, zein den bere izena, ez bere adinik...”. Hirugarren pertsonan idatzia dagoela nabarmendu du itzultzaileak, formula horrek, idazkeraren “sinpletasunarekin” eta tonu “lauarekin” batera, anonimotasun “hipnotikoa” ahalbidetzen duelako, “tentsioa” ere sortu arte. Behin horrela, destakamentuak beduino talde bat “akabatu egingo du”, baina neskato bati bizitza barkatuko dio. Honek guztiak emango dio bide, aurretik aipatutako “hilketa ankerrari”.
Lehen partean fikziotzat aurkeztutako gertakari hauek, izatez, benetan gertatu ziren, eta 2003an Israelgo egunkari batean argitaratutako ikerketaren ondorioz eman ziren ezagutzera. Horri tiraka osatu du Shiblik bigarren partea.
2004. urtean kokatu ditu hurrengo pasarteak eta, horietan, egunkarian agertutako berriaren zenbait ertzekin obsesionatu egiten den emakume palestinarra da protagonista. Lurralde okupatuetan zehar bidaia egingo du Gazara iristeraino eta gertatutakoa sakonago ikertu nahian. Estiloari dagokionean ere bigarren zatia ezberdina dela gaineratu du Blancok, nahiz eta emakume horrek ere ez duen ez izenik ezta beste bereizgarririk. Hori bai, lehen pertsonan kontatua dago eta aurreko partean ez bezala Shiblik irakurleari pertsonaiaren psikologiara iristea ahalbidetzen dio. “Nobelak argi uzten digu nolakoa zen gerra hasi baino lehenagoko Palestina hura”, esan du.
Zadie Smith
Bestalde, iragan astelehenean Igelak beste eleberri bat aurkeztu zuen Donostian: Zadie Smith-en Kanbodiako enbaxada ipuin luzea eta “perla bitxia”. Kasu horretan, Garazi Ugaldek egin du itzulpena. Londresen girotua eta jatorri emigrantea duen protagonistaren eskutik, esklabotasun berriei buruzko hausnarketa egiten du liburuak.