Koldobika Jauregi (Alkiza, 1959) “artista zen, zentzu zabalean”. Hori uste du Iñaki Irazabalbeitia lagun eta Alkizako alkateak. Besteok bezala, ezustean harrapatu du Jauregiren heriotzak. “Galera handia izan da, hutsune nabarmena utzi duena, aspektu askotan”, esan du Irazabalbeitiak. Jauregiren ibilbide artistikoa goraipatzeaz gain, Alkizarekiko atxikimendua nabarmendu nahi izan du: “Gaurko Alkiza ezin liteke ulertu Koldobika Jauregi gabe”.

Herriko semea zinegotzi izan da bost legegintzaldietan Alkizako Abertzale Ezkertiarrak herri-hautagaitzarekin. Herriarekin oso “konprometitua” zegoen artista zela gehitu du: “Alkizari asko eman dio”. Esate baterako, Jauregiren bultzadari zor zaio Fagus Alkiza interpretazio gunearen irekiera, haren “ekarpena” berebizikoa izan baitzen. Berak diseinatu zuen, adibidez, gunearen logotipoa. “Gizakia, natura eta kultura”. Horixe da interpretazio zentroaren leloa eta horixe zen eskultorearen bizitzeko eta lan egiteko arau gorena.

Herriko jaietan ere parte-hartze zabala izaten zuen. Urtero jartzen zuen sardinak erretzeko postua eta bertan izaten zen haiek banatzen. Festei hasiera emateko ekitaldian ere beti parte hartzen zuen eskultoreak.

Musukoen atzean, Elena Cajaraville, Iñaki Irazabalbeitia eta Koldobika Jauregi, Alkizako Sormenaren Kabiaren aurkezpenean, 2021ean, pandemiaren aurkako neurriak oraindik indarrean zeudenean. Ruben Plaza

Ur Mararen bihotza eta arima

Ur Mara, Jauregiren museo proiektu kuttuna ere, artistak Alkizari egindako ekarpen ederra da. Oso proiektu pertsonala zen eta aurrera begira zer izango ote den ezin jakin orain. Ur Mararen “bihotza eta arima” izan da Koldobika Jauregi. “Udalak ez du dudarik museoak aurrera jarraitu beharko lukeela eta ahalegin guztiak egingo ditu Ur Marak jarraipena izan dezan. Ikusi egin beharko da, ordea, nola jarraituko duen. Familiak ere bere zeresana izango du, noski. Momentu honetan, gure ustez, Alkizari balio erantsia gehitzen dion proiektua da Ur Mara, eta sustatzeko asmoa dugu. Nola? Denborak esango du”, gaineratu du.

Jauregi, hurbilean

Jauregiren izaera “alaia” ere gogora ekarri du Irazabalbeitiak, haren “umore berezia” eta lagunei prestatzen zizkien otordu oparoak. Oso gizon jantzia eta irakurria zela ere nabarmendu du eta, batzuetan berarekin ados ez egon arren, oso ikuspuntu interesgarriak mahai-gaineratzen zituela aipatu du alkateak.

Jauregik ez zituen gustuko hil osteko omenaldi eta errituak. Horregatik, familiak ez du hiletarik edo agur-ekitaldirik egiteko asmorik. Udalak, jakina, familiaren erabakia errespetatuko du. Halere, Jauregik Alkiza herriari emandako guztia kontuan izanda, aste batzuk pasa ondoren, moduren batean ala bestean herriak eskultorea omenduko duela esan du alkateak: “Herriak zor dio”. “Alkizak eta Euskal Herriak artista handi bat galdu dugu, artista konprometitua, euskalduna eta bere erroak non ziren oso ondo zekiena. Nahiko nituzke Euskal Herrian bera bezalako artista konprometitu gehiago”, esan du penaz Irazabalbeitiak.