Joseba Larratxe Joseviskyk (Irun, 1985) aitarengandik jaso zuen komikiekiko zaletasuna. Album franko-belgikar tradizionaletik hasi eta ohiko fase guztiak pasa zituela onartu du, irakurle "gourmet"-a bihurtu den arte.

Zein komiki irakurtzen zenituen gaztetxotan?

Aita izan naizenez, amak kaxoi batean topatu ditu 20 hilabeterekin esan nituen lehen hitzak: ama, aita, ogia, ura, Tintin eta Asterix. Egin kontu (barreak). Aita oso komiki zalea zen eta txikitan Tintin eta Asterixen abenturak kontatzen omen zizkidan, ipuinak irakurri beharrean. Gero faseak izan nituen. Mortadelo eta Filemon-en fasea, Dragoi Bola-rena, Spiderman-ena, Akira-rena, Moebiusena, Alita Ángel de Combate-rena, Berserk-en fasea, Hellboy-rena... Gero, Frederik Peeters eta Blutchen gauza gourmetagoak etorri ziren (barre egin du).

Komikiaren arloan maisulantzat jo izan diren obrak euskaratzen hasi dira: ‘Maus’, ‘Persepolis’ eta ‘Palestina’. Aipatutako hirurak, Harriet argitaletxeak kaleratu duen ‘Girfls Last Tour’ mangarekin batera, Elkarrek gehien saldutakoen zerrendan zeuden. Ez al dira bihurtuko euskal komikigintzarentzat konpetentzia?

Gauza bera galdetu diezaiokegu autore espainol bati. Zein da Estatuan gehien saldu den komikia? Paco Rocaren azkena? Zenbakietan mangaren bat izango da, seguru. Kontua da komiki horiek euskaraz ere behar ditugula. Are gehiago, hori niretzako hutsune handi bat zelako, eta euskal argitaletxeei errieta egiteko moduko zerbait. Asko kostatu zaie ulertzea komikiak zeinen onak eta zeinen erakargarriak izan daitezkeen. Gehiago esango dut: euskal komikigintza funtzionatzen hasi denean hasi dira euskal argitaletxeak horrelako obrak euskaratzen. Uste dut euskal autoreek dominatxo hori, gutxienez, jantzi beharko genukeela. Urteak dira komiki zaletuek galdetzen zigutela nola den posible Maus bezalako obra bat euskaraz ez egotea. Are gehiago, nola da posible Dragoi Bolaren komikirik euskaraz ez egotea.

"Guretzat beti izango da Iratxo Dordoka, ez Muten Roshi, edo San Bihotz txiki, ez Piccolo"

1980 eta 1990ean marrazki bizidunen euskarazko bertsioaren arrakastaren ondorioz, logikoa behar zuen garai horretan komikiak ere euskaratzea.

Miopia kasu handia da niretzat. Ulertzen dut animeak arrakasta izan aurretik komikia euskarara ez ekartzea. Baina gero, ikusita zer arrakasta zuen telesailak eta nola saltzen zen gaztelaniazko Dragon Ball manga, ulergaitza egiten zait. Harry Potter edo beste kultur produktu batzuk euskarara ekartzeko bista izan zuten, ez ordea, Dragoi Bolaren kasuan. Pena handia da, Euskal Herrian zale asko gaudelako komikia osorik gaztelaniaz daukagunak eta arrotz egiten zaiguna. Guretzat beti izango da Iratxo Dordoka, ez Muten Roshi, edo San Bihotz txiki, ez Piccolo.