Euskal komikigintzaren loratze apalarekin batera, argitaletxe garrantzitsuenak mundu mailako bederatzigarren arteko lan gorenak euskaratzen ere hasi dira. Horren lekuko da Marjane Satrapi (Iran, 1968) artista eta zinemagilearen obra nagusiena, Persepolis. Elkarreko editore Xabier Mendigurenek eta Irene Arrarats itzultzaile eta euskaltzain urgazleak gaur, ostiralarekin aurkeztu dute Donostian, komikigile irlandarraren lan autobiografikoaren euskarazko bertsioa da, oso edizio zainduan eta frantsesetik zuzenean itzulitako eleberria da.

Satrapik, hasiera batean, 2000 eta 2003 urteen artean, atalka argitaratu zuen bere obra Estatu frantsesean, L'Association zigilu eta kolektiboaren eskutik. Harrezkero, hainbat edizio izan ditu eta horietako gehienek komikiaren lau zatiak modu integralean jaso dituzte. Edizio berri bat kaleratzekotan zirela probestuz, lehen aldiz euskarara ekartzeko autua egin eta eskubideak lortu ditu Elkarrek. Medigurenek gogora ekarri duenez, urteak daramatzate komikiak argitaratzen, bereziki euskal autoretza dutenak, baina beste jatorrietako lanak euskaratzeari ere ez diote muzin egin, nahiz eta ez duten, oraingoz, “ildo zehatzik” bide horretan jarraitzeko.

Persepolis egilearen beraren historia pertsonalean oinarritzen da, 1979. urtean Mohammad Reza Pahleví Pertsiako xah-aren monarkiarekin amaitu zuen erreboluzioa eta haren ondorio integristak hasieran haur eta gero nerabe baten begietatik narratzeko asmoarekin, beti ere, kontrapuntu umoristiko bat gailentzen delarik. Hori da, Arraratsen ustez, lanaren bertute handienetako bat, irribarre keinu batekin edo algaraka utz zaitzakeen kontakizuna izatea, bertan kontatzen diren pasadizoak berez nahiko krudelak izan daitezkeen arren. “Batasun handia dago autorearen biografiaren eta inguruko historiaren artean. Satrapiren begirada eta bizipen horiek narrazio aldetik urregorria dira, haiek kontatuz historia kontatzen digulako eta, aldi berean, historia kontatuz bizipenak narratzen dizkigulako”, esan du.

“Askatasuna garesti dago” esanez amaitzen du Satrapik bere eleberri grafikoa, eta 2007an animaziozko film batera eraman zuen -Oscar sarietarako izendatua izan zen eta Canneseko zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen-. Horixe da, itzultzailearen esanetan, komikiaren gai nagusia. Art Spiegelmanen Maus-ek influentzia zuzena izan zuen autorearengan -iaztik, euskaraz Astiberriren eskutik-. Pulitzer saridunak haren gurasoek holokaustoan bizitakoekin egin bezala, irandarrak bere gazte garaiko bizipenak kontatu nahi izan zituen, eta L'Association kolektiboko kideen gomendioei kasu eginez, binetak erabiliz bere herrialdeko historia hurbila mendebaldean ezagutzera eman zuen. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan girotuta badago ere, gaurkotasun handiko obra dela iruditzen zaio itzultzaileari: “Gaur egun irakurtzen ditugun egoera lazgarri askok zerikusi handia daukate obran kontatzen diren zertzeladekin”.

Satrapi familia dirudun, burges eta eurofilo batean jaio zen. Gazte-gaztetatik nahiko “matxinoa” izan zen, hainbat senitarteko ezkerreko mugimenduetan militatu zutelako. Horregatik, islamismo integrista Iranen finkatu zenean, gurasoek Vienara bidali zuten hamalau urterekin, Austrian hezi zedin. Amets europarra, ez zen ordea, haiek pentsatu bezain distiragarria. Iranen zapiaren erabilera inposatu, emakumearen aurkako jarrerak, fundamentalismo erlijiosoa eta gizabanakoen arteko mesfidantzak gailentzen ziren bitartean, Satrapi nerabeak Europako hipokrisia, arrazakeria eta zinismoa ezagutu zituen. Norberaren buruaren ezagutza lantzen den urte gakoetan, krisi existentziala baino ez zuen ezagutu. Guztiz deserroturik, Europan bere tokia aurkitu ezinik, kale gorrian bizitzen amaitu zuen Iranera itzuli zen arte. Bertan, Arte Ederren ikasketak burutu zituen, baina bere jaioterrian ere, arrotz sentitzen zen. Halako batean, Estatu frantziarrera alde egitea erabaki zuen “Iranen gauzak aldatu arte”. “Gauzak aldatu ez direnez, Frantzian jarraitzen du”, esan du ironiaz Arraratsek.