Itzuliaren antolakuntzak Euskadi Saria irabazitako ilustratzaileari eskatu ohi dio hurrengo urteko irudia marraztea. Joseba Larratxek (Irun, 1985) iaz eskuratu zuen, Unai Iturriagak eta Harkaitz Canok idatzitako Ni ez naiz Mikel Laboa komikia ilustratzeagatik. Usurbileko Kabiene elkarlan guneko estudioan erantzun die egunkari honek egindako galderei. Aita izan berri dela kontatu du eta aurrera begira lana lasaiago hartuko duela. Halere, Asisko Urmenetarekin egindako Basolatik berri onik ez komikiaren bigarren zatia prestatzen ari da Xabiroi aldizkarirako. Aurrera begira ere, autore totala izanik, bere gidoi propioak ilustratu nahiko lituzkeela aitortu du.

Nola etorri zen kartela egiteko aukera?

Antolakuntzak Ilustrazioaren Euskadi Saria irabazi duen autoreari eskatzen die. Jakin nuenean irabazi nuela, nahi gabe, zenbait ideiari bueltak ematen hasi nintzen.

Zer bilatzen zenuen?

Gure buruan liburutegi bisual bat eduki ohi dugu eta horretan txirrindularitzak ekartzen zizkidan irudiak arakatzen hasi nintzen. Horietatik lehenengoa, txirrindulariaren esfortzu aurpegia zen. Era berean, nola Euskal Herriko itzulia den, bertan kokatu nahi nuen, bertako zerbaitekin lotu. Hemen nik txirrindularitza zerekin lotzen dudan sartzen da: zaleak mendi puntan ikurrinarekin. Zaletu horiei ere keinua egin nahi nien. Bi irudi horiek elkartu ahal nituela iruditzen zitzaidan, txirrindulariaren betaurrekoetan zaleen isla txertatuz.

Ikurrinaren koloreekin osatu duzu kartela.

Handicap bat zuen ideiak. Ikurrina sartu nahi nuen, baina oso kolore biziak dituenez, agian, ilustrazio batean horiek modu organikoan txertatzea ez da hain erraza. Orduan, marrazki guztiak ikurrinaren koloreekin egitea erabaki nuen.

Euskadi Saria irabazi ondoren lan gehiago iritsi zaizula nabaritu duzu?

Itzuliarena bai, baina bestela ez. Egia da beste kartel baten enkargutxo posible bat sortu zaidala, baina esango nuke ez dela izan Euskadi Saria irabazteagatik, Itzuliaren kartela egin dudalako baizik. Norbaiti entzuna diot, zure lan batek sona hartzen duenean horren ondorioak handik urtebetera edo urte eta erdira iristen direla, ez bat-batean. Halere, orain arteko bidearekin jarraitzearekin kontentu egongo naiz.

Joseba Larretxe arduratu da Itzuliaren kartelaren diseinuaz. Javier Colmenero

Dibulgazioaz hitz egin duzu lehenago, zuk egin dituzu Aranzadirentzako Irulegiko eskuaren infografiak.

Aranzadiko Juantxo Agirrerekin lan egiteko plazera izan dut. Duela urte batzuk Aranzadik ateratzen duen Aranzadiana monografikoaren azala egiteko eskatu zidan, eta handik sortu zen bion arteko harremana. Egoera zirraragarria gertatu zen Irulegiko Eskuarekin. Juantxok deitu eta enkargu bat egin behar zidala esan zidan. Ezin zidala besterik esan, bonbazo bat zutela esku artean: euskararekin zerikusia zuen aurkikuntza arkeologiko bat. Aranzadikoak komunikabidez komunikabide ibili ziren aurkikuntzaren berri ematen, eta horietako batera gonbidatu ninduten apunteak har nitzan. Momentu historiko bat bizitzen ari nintzela sentitu nuen.

Ilustratzaile batek diziplinak baimentzen dituen alor guztiak landu behar al ditu? Kartelgintza, logotipoak, komikigintza...

Nire kasuan nire esparrua Euskal Herria da eta, gainera, euskaraz lan egitea: komikigintzan eta ilustrazioan. Dibulgazioa ere asko gustatzen zaidan bidea da, ikastoletan maiz ibiltzen bainaiz lantegiak ematen. Dibertsifikaziora behartuta nago. Nire-nirea kontsideratzen dudan diziplina, eta hortik nator, komikigintza da. Kontua da, Euskal Herrian euskaraz komikigintzaz bizitzeko modu bakarra, egunkariren batean umorezko zintak egitea dela. Anton Olariaga Zakilixutek, Zaldieroak edo Mattinek egiten duten moduan. Ez daude hainbeste postu horretarako eta, gainera, ez dakit momentu honetan nahiko nukeen.

Zergatik?

Alde batetik, diziplina asko eskatzen duelako. Iruditzen zait, modu berean, proiektu handiagoak egiteko denbora jaten dizula. Ez dut nire burua ikusten eguneroko zintak marrazten eta aldi berean Ni ez naiz Mikel Laboa bezalako komiki bat marrazten. Gainera, zintak egiteko balio egin behar duzu: ideia piloa eduki behar dituzu, estilo oso bereizgarri bat... Umore zintak egitea gogoko dut eta noizbehinka egin izan ditut. Bi urte eman nituen Berria egunkariak ateratzen zuen Matraka gehigarrian bi astean behin zinta bat egiten. Oso maiz egiten nituela iruditzen zitzaidan (barreak). Zakilixut, Zaldieroa eta Mattin bezalakoek nire miresmen guztia dute.

"Nire kasuan nire esparrua Euskal Herria da eta, gainera, euskaraz lan egitea, bai komikigintzari eta ilustrazioari dagokionean"

Beraz, komikigintzatik bakarrik ezin autore bat bizi.

Ondo datorkit hainbat formatu lantzea, burua fresko mantentzen didalako. Agian, komikiak marraztuta bakarrik aspertu egingo nintzateke, nork daki. Esan behar da, gainera, ilustrazio lanak komikigintza baino hobeto ordaintzen direla. Askoz gehiago kobratu dezakezu afixa batengatik komiki orrialde batengatik baino. Eta, ziurrenik, komiki orrialde batek kartel batek baino lan gehiago izango du.

Komiki batek, gainera, prozesu luzeagoa eskatzen du. Urtebetekoa, agian...

Ni ez naiz Mikel Laboarekin bi urte eman nituen, 2.200 ordu. Imajinatu.

Euskal Herriaz eta euskaraz egindako komikiez ari gara, baina hemendik kanpo ere ez da erraza arte horretatik soilik bizitzea.

Badira Estatu Batuetarako lan egiten duten euskal komikigileak. DCrentzat edo Frantziako argitaletxe handientzat lan egiten duten bakan batzuk, komikigintzatik soilik bizimodua egiten dutenak. Horretarako emigratu egin behar duzu, digitalki bada ere. Nik kanporako gauzatxoak ere egin izan ditut. Adibidez DCren Vertigo zigiluarentzako zortzi orrialdetxoko komiki bat egin nuen. Oso lan polita izan zen, eta inoiz baino gehiago kobratu nuen, gainera.

Ez zenuen bide hori jarraitu, ordea.

Oso martziano sentitzen naiz bide horretan. Nire ekarpena testuinguru horretan ondo ulertzen ote den ere ez dakit. Lost in traslation-en bezala sentitzen naiz. Niretzako bide ideala, erraza ez bada ere, hemen euskaraz komikiak egitea eta horiek beste hizkuntzetara itzultzea da.

Hori ‘Joana Maiz’-ekin lortu duzue.

Izugarri poztu ginen frantsesez argitaratu zutenean. Irun eta Bilbo artean girotutako komikia da, euskaraz egindakoa eta, gero, gaztelaniara eta frantsesera itzulitakoa. Horixe da gehien interesatzen zaidan formula. Hori da, adibidez, Paul Urkijok egin duena Errementari eta Iratirekin: euskaraz egindako ekoizpenak dira, bertako jendearekin eta bertako gaiekin, eta gerora, esportatzea lortu direnak. Sentsazioa dut, kultur mailako eztabaidan ekarpenen bat egitekotan, guretik egin behar dugula. Bestela, beste norbaiten zapatetan jartzen baitzara. Egongo da beste baten zapatetan eroso sentitzen denik, ni ez hainbeste.

Egia da azken urteetan euskal komikigintzak gora egin duela.

Uste dut eskuzabala izan zarela (barreak). Egia da azken hamarkadan gora egin duela, baina eztanda azken bost urtetan izan da. Bi faktorek ahalbidetu dute hau, alde batetik, Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen Xabiroi aldizkariak eta haren koordinatzaile Dani Fanok egindako lanak. Euskal komikigileen artean komunitate bat sortzea ahalbidetu du, gure artean ezagutaraztea eta gure lanak saretzea. Sektore bat izan nahi baduzu, hori ezinbestekoa da. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak euskal komikigintza sustatzeko onartutako diru-laguntza lerroak ere hor daude. Denbora luzez eta ezin marraztu gabe kaxoi batean gordeak zeuden gidoi asko eta asko nobela grafiko bezala argitaratu ziren bat-batean. Joana Maizen kasuan hori gertatu zen. Yurrek eta biok aspalditik geneukan ideia, baina diru-laguntza hori lortu arte ezin izan genuen marraztu.

"Sentsazioa dut, kultur mailako eztabaidan ekarpenen bat egitekotan, guretik egin behar dugula"

Ekoizpenen gorakadaz ari gara, baina ba al dago irakurlerik?

Hor dago koxka. Tradizionalki ez da egon komiki irakurle masa handi bat Euskal Herrian, Estatu espainiarrean ere egon ez den bezala. Esango nuke 80. hamarkadan izan zela zaletasun orokortuago bat, fanzineekin eta Ipurbeltz, Habeko Mik eta Napartheid bezalakoekin. Baina 90. hamarkadan mundu mailan edo, gutxienez, Europan zaletasun horrek behera egin zuen. Gero, nobela grafikoaren formatuaren hedapenarekin komikia publiko zabalagora iritsi da. Hasieran komikia gizon zuri eta, bereziki, nerabeen afizioa zen. Orain, dibertsifikatu egin da, autoreak ere dibertsifikatu egin direlako. Ezin duzu jarri gizon zuri heterosexual bat emakume beltz homosexual bati buruzko istorio bat idazten haren zapatetatik. Autore anizkoitzak behar dituzu istorio dibertsoak kontatzeko eta horrela iritsiko zara publiko dibertso batengana. Olatu hori, beste olatu batzuk bezala, pixka bat beranduago iritsi da Euskal Herrira. Publikoari dagokionean, uste dut ohartzen hasi dela, komikia edozein istorio kontatzeko balio duen erreminta dela.

Mikel Laboa eta José Luis Zumeta, Joseba Larratxeren begiradatik 'Ni ez naiz Mikel Laboa' komikian. NdG

Adibidez, Mikel Laboaren biografia oso libre bat kontatzeko balio duela, ezta?

Izugarri pozgarria izan zen niretzat orain bi urteko Durangon jende pilo bat beso azpian komiki batekin zebilela ikustea. Pozgarria izan zen lehenengo aldiz azokan komiki bat mainstream bihurtu zelako, denek erosi beharreko zerbait baitzen. Esperantza daukat komiki horrek jende asko komiki irakurle bihurtu izana, ez horrekin bakarrik geratzea. Susmoa dut, halere, egileak beti joaten direla irakurleen aurretik. Bestela, ba al du zentzurik artista izateak? Artistak badaki zerbait, artista ez denak ez dakiena. Horregatik artistaren diskurtsoak ausarta eta aurrerakoia izan behar du. Hori Alan Moorek esaten du: artista magoa dela eta magoak ilusionismoaren bitartez irakurlea nahi duen tokitik eramaten duela. Magia hori, kasu honetan, irudi eta hitzekin egiten duzu.

Arteetan adimen artifizialaren afera dago mahai gainean. Zer da, aukera ala mehatxua?

Dudarik gabe, mehatxua. Teknologiaren garapenak publiko orokorrarentzako erraztasunak, baina profesio konkretu batzuentzat debakle ikaragarria ekar lezake. Adimen artifizialak ekarriko du, lan asko –afixak, logoak, herrietako jaietako lanak...– ez dituztela ilustratzaileek egingo, eta hori penagarria da. Egin behar dena da, enpresa horiei legeak betetzea exijitu irudien lapurreta masiboa galarazteko. Esperantza daukat komikigintza ez duela gehiegi zipriztinduko. Komiki irakurlea nahiko gourmeta denez, sektorea mantentzeko kapaza izango dela uste dut.