Ohikoa baino bihotz handiagoarekin jaio zen Mikel Laboa. Metafora batez ari garela badirudi ere, ez da guztiz horrela. Errealitatea eta ebokazioaren arteko orekaren bila ibili ziren Harkaitz Cano, Unai Iturriaga eta Joseba Larratxe Josevisky Sekulabelardiko kantariari eskainitako Ni ez naiz Mikel Laboa komiki biografiko arrakastatsua ondu zutenean. EHUren katedra bati esker sortutako binetak –lan honi esker lortutako Euskadi Saria jaso du gaur bertan Larratxek– erakusketa bihurtu dira orain, Donostiako Literaktum jaialdiaren baitan, abeslariaren heriotzaren 15. urteurrena betetzen dela eta.
Gaur, asteazkenarekin, Okendo kultur etxeak kantari eta neuropsikiatra donostiarraren unibertso ezberdinei eskainitako instalazioa zabaldu du, Mikel Laboa... izan liteke konstelazio, izan gabe izar... izenburupean. Bertan, komikiaren sorkuntza prozesutik ateratako 100 bat original eta, besteak beste, Koldobika Jauregik eta Jose Luis Zumetak haien lagunari eskainitako hainbat obren artean, errealismo magikotik asko duen bihotz handi baten irudia topatu ahal izango da aretoko hormetako batean. Ate bat eta pare bat leiho margotu ditu Larratxek giharrean, gogoratuz edo, bakoitzaren barnean babeslekuak ere badirela.
Kasu honetan, Laboaren sakonean “ibiltzeko” gonbita egiten du erakusketak. Horrela uste du Harkaitz Canok, behintzat. Gaur aurkeztu du lasartearrak, Larratxerekin batera, Mikel Laboa... izan liteke konstelazio, izan gabe izar... Groseko kultur etxean. Haiekin batera izan dira kantariaren hainbat senitarteko, Okendoko zuzendari Amaia Almirall, erakusketako komisario Miren Koro Campos –Koma zerbitzu kulturalak– eta EHUko kultura zuzendari Miren Ibarluzea. Idazleak azaldu duenez, Iturriaga eta Larratxerekin Ez Dok Amairuko kidearen figurara hurbiltzerako garaian, tonuarekin dudak izan omen zituzten, euskal herritar bakoitzak Mikel Laboa propio eta ezberdin bat gordetzen duelako bere baitan. Horregatik, “chaman solemnearen” eta Laboa “jostariaren” bitarteko bat bilatu zuten.
Bi aurpegi ezberdin horiekin osatu du Camposek Donostiako erakusketa. Argibide bat eman nahi izan du komisarioak hasiera hasieratik, Txoria txori famatu egin zuen artistari eskainita baldin badago ere, beste pertsona baten itzala ere nabaria baita erakusketan. “Marisol Bastida ezagututakoan sartu zen kolorea Mikelen bizitzan”, azpimarratu du komisarioak, haren emazteari ere ondo merezitako aitortza eginez. Horregatik, bihotzaren ideiarekin eta abeslariaren aurpegi ezberdinekin egin bezala, Bastidaren eragina presente dago, modu inplizituan eta esplizituan erakusketan. Are gehiago, kontuan izanik, Mikel Laboa... izan liteke konstelazio, izan gabe izar...-en ageri diren paneletako testuak kantariaren emazte izandakoari “lapurtuak” izan direla, Camposek berak barrez aitortu duenez –Bastidak bere senarrari eskainitako memoriak kaleratu zituen orain hamar bat urte–.
Geruza ugari
Gazte garaiak, Gernikako bonbardaketak Laboarengan utzitako aztarnak, medikuntza ikasketa amaiezinak, familiaren baserria, Atahualpa Yupanqui, Violeta Parra, Bertolt Brecht, Ez Dok Amairuko kideak, nova canço catalana-koak, Lekeitioak eta esperimentazioa, Zumetak diskoetarako egindako azalak, Laboarentzat sortutako identitate kromatikoa... eta beste hamaika kontu. Jatorrizko komikia abiapuntutzat hartu badu ere, komisarioak Laboa “geruza askotariko” figura zela erakutsi nahi izan du, ohiko biografia moldeetatik ihes egin nahian. Horretarako, ertz askotatik begiratu diote: kantuen izpiritua, aldartea eta, noski, umorea. Badira bi elementu, gainera, behin eta berriz errepikatzen direnak: bere gitarra –hamasei urterekin hasi zen jotzen, solfeoko ezagutzarik izan gabe– eta bere txapela ezaguna –agertokian, sekula jazten ez zuena–.
Erakusketa urtarrilaren 27ra bitarte ikusgai egongo da Okendo kultur etxean. Horrekin batera, beste zenbait ekitaldi ere antolatu dituzte, komikiaren egileen sortze prozesuan murgiltzeko asmoarekin.
Hilaren 22an, esate baterako, kultur etxean bertan, Canok, Iturriagak eta Larratxek Ni komiki bat naiz! Mikel Laboa iruditan deituriko solasaldian, benetako pertsonaia bat iruditara eramatearen abantailez eta zailtasunez arituko dira. Eta abenduaren 12an, berriz, Josevisky-k bakarrean, ilustratzailearen ikuspuntutik, bere zirriborroetatik hasi eta azken bertsiorainoko prozesua azalduko die Okendora hurbiltzen direnei.