Sakonki ezagutzen du Wilhelm von Humboldten (1767-1835) pentsamendua Iñaki Zabaleta EHUko Filosofia Saileko irakasleak eta Joxe Azurmendi Katedrako koordinatzaileak. 1998an filosofo humanistaren inguruan defendatu zuen bere doktorego tesia Koloniako Unibertsitatean eta harrez gero liburu bi argitaratu ditu: Wilhelm von Humboldt: hezkuntza eta hizkuntza (Jakin, 2005) eta Wilhelm von Humboldt eta Euskal Herria (UPV/EHU, 2017). Hirugarrena, Nazioa eta hizkuntza Humboldten pentsamenduan, gaur, asteazkenarekin, kaleratu da. Liburu berria, Joxe Azurmendi Katedrak eta Jakin Fundazioak bideratutako Ur-jauzia bildumaren emari delarik, Carlos Santamaria liburutegiko Txillardegi aretoan aurkeztu dute. Bertan izan dira, egileaz gain, Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Agustin Erkizia, campuseko Euskararen eta Kulturaren arloko zuzendari Beronika Azpillaga, Foru Aldundiko Estrategia zuzendari Sebastian Zurutuza, Jakin Fundazioko zuzendari Lorea Agirre eta Ur-jauzia bildumaren editore Xabier Eizagirre.

Prusiarrak erlazio estua izan zuen Euskal Herriarekin. Bitan etorri zen gure artera, 1799an eta 1801ean, eta hemen bizitakoak eta ikasitakoak eragin zuzena izan zuen bere pentsamenduan. “Nazioaren inguruko auzia beti dago presente Euskal Herrian, zuzenean edo zeharka, baina auzi hori ez da gurea eta gaurkoa soilik eta, alde horretatik, probetxu handikoa izan dakiguke Wilhelm von Humboldt bezalako pentsalari bati arretaz erreparatzea”, azaldu du Zabaletak, EHUk helarazi duen prentsa-oharrean. Filosofoak “bere garaian eta bere testuinguruan” herrien identitate kolektiboez hausnartu zuen, baita estatua eta nazioa bereizten dituen mugen inguruan ere. Ildo horretatik, hizkuntzari ere erreparatu zion, “hizkuntzaren karaktere nazionalaz edota nazioaren zehaztapen linguistikoaz” idazteko.

Joxe Azurmendiren iritziz, egileak “Humboldten biografia intelektual” zorrotz, garbi eta txukuna ondu du, “euskaldunok prusiarrari aspaldi zor geniona”. EHUko errektore ohi Nekane Balluerka bat dator Azurmendik esandakoarekin: “Nire ustez Euskal Herriak horrelako lanak behar ditu”. Ziztu bizian dabilen gizartearen aurrean, Zabaletak “abiadura murriztea eta edukietan murgiltzea” proposatzen duela nabarmendu du.

Jakin Fundazioko zuzendariaren esanetan, berriz, EHUko ikertzaile eta irakasleak bi ekarpen nagusi egin omen ditu Humboldten inguruan argitaratu dituen lanekin: “Batetik, ugaria, askotarikoa eta balio unibertsalekoa izanik, Humboldten obrak itzal handia duelako antropologia, hizkuntzalaritza eta pentsamenduaren esparruetan; eta, bestetik, eta batez ere, herri, nazio eta estatuaren arteko lotura eta ezberdintasunak jorratzean edo nazioaren definizioan hizkuntzari zentraltasuna ematean, Humboldtek euskaldunoi gako garrantzitsuak eskaintzen dizkigulako euskal nazio auziaren oraina eta geroa hobeto pentsatu eta irudikatzeko”.