Literatura Unibertsala bildumako 187. eta 188. zenbakiak argitaratu berri ditu Igela zigiluak. Ahmadou Kouroumaren Independentzien eguzkiak eta Karel Capeken Arrabioen gerra, hurrenez hurren.

Gurean “oso ezagunak ez diren” bi lan hauek aurkeztu dituzte gaur, asteartearekin, Donostiako Liburutegi Nagusian. Bertan izan dira Erein eta Igelaren ordezkari Inazio Mujika Iraola, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko zuzendari Manu López, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustapenerako zuzendari Aitziber Atorrasagasti, Koro Navarro eta Aiora Jaka itzultzaileekin batera.

Berariaz bi lanen artean antzekotasunik bilatu ez badute ere, zenbait paralelismo nabari badituzte. Biak ala biak “agintearen aurka” idatzitako eleberriak dira. Hizkuntzaren aldetik, gainera, “askatasun” handiko prosa darabilte. Arrabioen gerraren kasuan, jatorriz txekieraz idatzi zuen Capekek; Kouroumak, aldiz, malinkeraz pentsatu arren, hizkuntza frantsesa erabili zuen Independentzien eguzkiak idazterako garaian.

Azkenik, bi liburuek badute hirugarren kidetasun bat, moduren batera edo bestera, “hormaren beste aldean” ezagunak izan dira. Capekena Bigarren Mundu Gerraren osteko Soudete eta Poloniako hezkuntza sisteman asko zabaldutako parabola izan da. Kouroumarena, berriz, kolonialismoak eta, bereziki, post-kolonialismoak Afrika beltzean izandako bilakaera negargarriaren eredutzat jo izan da.

Bi best-seller”

“Bi liburuek best-seller beharko lukete izan, zoragarriak dira”, esan du Navarrok, testuen kalitate azpimarragarriari erreferentzia eginez. Capekek idatzitako azken eleberria izan zen, hain zuzen ere, Navarrok itzuli duena. Idazle txekiarrak 1936an eman zuen argitara. Handik bi urtera, naziek Soudetak inbaditu baino zertxobait lehenago, Pragan zendu zen idazlea, 48 urte besterik ez zituela. Zientzia-fikzioan espezializatutako autorea izan zen. Izan ere, hari zor zaio “robota” terminoa, berak erabili baitzuen estreinakoz 1920. urtean idatzitako R.U.R. Erroboten lantegia antzezlanean.

Arrabioen gerra Karel Capeken obra gorentzat hartu izan da. Autorea Europako abangoardietan lerrokatua zegoen, eta konkretuki Surrealismoaren zantzuak nabari daitezke haren lanean. Antifaxista porrokatua ere bazen, eta jarrera hori sarritan txertatu zuen bere idazkietan. Zentzu horretan, 1930ko hamarkadan kontinenteak bizi zuen nazismoaren gorakadaren testuinguruan ulertu behar da Arrabioen gerra. Halere, bere iritziz gaurkotasunik ez duela galdu esan du Navarrok, nobelan, pandemian jasandakoak edo Ukrainako gerran gertatzen ari direnekin zenbait antzekotasun badirela azaldu baitu.

Capekek gizarteratutako musker antropomorfiko eta inteligenteei buruz idatzi zuen Arrabioen gerran. Testu ezberdinen collagea bailitzan, narratzaile ezberdinek musker horiek gizarte zibilizatuan duten papera deskribatzen dute, kasu askotan, ikuspegi zientifiko batetik. Lan-esku esklabo izatetik hasi eta behin ikaragarri ugaldu eta zabaldu ondoren, gizakiari aurre egingo diote arrabioek. Capekek, “umore” eta “satiraz” zipriztindutako pasartez jositako obra “interesgarria” ondu zuela iruditzen zaio itzultzaileari.

Post-kolonialismoa, auzitan

Antzekoa iritzi dio Jakak euskarara ekarri duen Independentzien eguzkiak nobelaren inguruan. Gauza benetan “gordinak” narratu zituen Ahmadou Kouroumak, hori bai, testua “irribarre keinu batekin” irakurtzeko moduan idatzi zuen.

Malinke etniako idazlea izan zen Kourouma. Afrika mendebaldeko zenbait herrialdetan bizi diren herritarrak dira malinkeak. Hain zuzen ere, eleberria Boli Kosta, Ginea eta Mali inguruan kokatuta dago, Kolonizazioan frantsesek ezarritako mugaz harago. Itzultzaileak azaldu duenez, malinkeraz eguzki hitza polisemikoa da, zeruko astroaz gain, “aroa edo garaia” ere esan nahi duelako. Eguzkiak protagonismo handia hartzen du eleberrian, “badirudi bizirik dagoela”, eta eguzkiaren aldartearen arabera “etorriko dela patua”. Eleberrian Kouroumak kritika gogorra egiten dio kolonialismoari, eta “bereziki” gerora etorriko ziren garaiei, zeinetan antzinako usadioekin talka egiten zuten lege berriak sortzen baitzituzten, artean Estatu frantsesarekin erlazio estua zuten elite beltzek.

Jatorrizkoa frantsesez sortua badago ere, Frantzian horrelakorik kaleratzeko zailtasunak ikusirik Kanadan eman zen argitara aurrena. “Afrikako narratiba erritmora egokitu nahi izan dut hizkuntza. Liburu hau afrikarrei zuzenduta dago. Malinkeraz pentsatu nuen eta frantsesez idatzi, hizkuntza klasikoarekiko naturaltzat hartzen dudan askatasuna baliatuta”, azaldu zuen autoreak berak. Hau da, malinkeraz pentsatu eta frantsesez idazteko prozesuan, hizkuntza nolabait “bortxatu” egin zuen. Nola ekarri halakorik euskarara? Zailtasunak zailtasun, Jakak jatorrizkoan agertzen ziren hainbat estruktura “arraro” mantentzea erabaki du, autoreak pentsatutakoari ahalik eta fidelen izan asmoz.