Gugeheimeko museoak Hilma af Klint artista suediarrararen eta Yoshitomo Nara japoniarraren lanak aurkeztuko ditu aurten. 2024rako programatutako erakusketen artean nabarmendu beharreko bi dira, baina beste zazpi erakusketa prestatu ditu.

Artista suediarrak arte abstraktuaren aitzindaria izan zen eta bere garaian aintzatespen handirik ez zuen jaso, eta japoniarrak haurren erretratu “maltzur zein maitagarriak” lanari sona eman dio.

Arte povera-ren erreferente den Giovanni Anselmo italiarrari inoiz eskainitako erakusketarik zabalena, Martha Jungwirth austriar margolari abstraktuaren erakusketa, eta Guggenheim Bildumako pop artearen aukeraketa, Roy Lichenstein eta Andy Warhol artista entzutetsuak tarteko direla, azpimarragarriak dira.

Aldi baterako bederatzi erakusketekin eta Guggenheim Bilbaoren bilduma iraunkorraren aurkezpen berri batekin osatu dute urteko programazioa, eta atzo eman zuten ezagu-tzera Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendari nagusiak eta bere taldekide Lucia Agirre, Marta Blàvia, Manuel Cirauqui eta Lekha Hileman Waitoller-ek.

Aurtengo erakusketa-aldia otsailaren 9an hasiko da Giovanni Anselmoren erakusketarekin. 1934an Italian jaiotako artista hori Guggenheimekin batera aritu zen erakusketa hau prestatzen, eta tamalez joan den hilean hil zenez, bere lanaren erakustaldia omenaldi ere bilakatu da.

Orain arte Anselmori eskainitako erakusketarik zabalena izango da eta maiatzaren 19ra arte egongo da ikusgai. Erabiltzen dituzten gai umilak direla eta “Arte Povera” deitzen zaionaren erreferente nagusietakoa den egile honen 40 lan baino gehiago erakutsiko dira. Artista honek, mugimendu horretatik abiatuta, edozelako etiketetatik urrun zegoen estilo pertsonala garatu zuen ondoren.

Aurtengo hurrengo erakusketa otsailaren 16an zabalduko da eta irailaren 15era arte iraungo du; New Yorkeko Guggenheim bildumako pop artearen sorta bikaina erakutsiko du, Lichenstein, Warhol, Josephine Meckseper eta Niki de Saint Phalle artisten lanak tarteko, pieza historikoak lan berriagoekin uztartuz.

Eta otsailean hirugarren erakusketa bat ere inauguratuko da, hilaren 22an. Bertan, Vinca Kruk eta Daniel van der Veldenek osatzen duten Herbehereetako Methaven artista-bikoteak, film irudiak eta ehunezko piezak uztartzen dituen instalazio bat erakutsiko du.

Iruñean 1982 jaio eta egun Bilbon errotuta dagoen June Crespo eskulturgilearen erakusketa izango da protagonista martxoaren 1etik ekainaren 9ra bitartean. Ekainaren 7tik irailaren 22ra bitartean Martha Jungwirth (Viena, 1940) artista austriarraren erakusketa eskainiko du zentroak.

Ekainaren 28an, Europan bizi den Yoshitomo Nara (1959) artista japoniarraren atzera begirako erakusketa handi bat erakutsiko da Guggenheimen. Artistarik ezagunenetakoa da bere belaunaldiko japoniar sortzaileen artean, eta nabarmentzekoak dira haren “maitagarri bezain txundigarri eta mehatxatzaileak” diren “neskatilen” margolan sonatuak.

2024an Bilboko museoak eskainiko duen beste erakusketa handi bat urriaren 18an etorriko da, Hilma af Klint (1862-1944) artista suediarraren 200dik gora artelanen bildumarekin.

Azkenik, 2024ko azaroaren 29tik, 1966an jaiotako Paul Pfeiffer artista hawaiiarraren erakusketa ikusi ahal izango dugu. Egun New Yorken bizi da, eta aitzindaria izan zen bideoa erabiltzen.