Durangoko Azokak ateak itxi dituen arren, edizio honetan aurkeztu diren 950 nobedadeak aurrerantzean ere lortzeko aukera egongo da. Horietako bat: Nerabeek Mugikorra izate bidean laguntzeko helduentzako gida da. Gizartean bogan dagoen gaia eta azken hilabete hauetan zabaldu den kezka bati erantzuten dion euskarria da: Noiz eta nola eman behar diegu nerabeei lehen mugikorra?

Eta, hain zuzen ere, horixe izan zen 58. edizioan jorratu den gaietako bat, eta joan den abenduaren 6an doako gidaren aurkezpenak harrera beroa izan zuen. “Jendeak asko eskertu zuen asteazkenean Kabian egindako aurkezpena. Ikusten da behar orokorra dela; jendea zerbaiten bila ari dela, eta esku artean horrelako gida bat edukitzea oinarri bat da. Guraso talde batek esan zigun gure ametsa horrelako euskarri bat izatea zela”, gogoratu du Yaiza Arrizabalaga Izarkom-eko komunikazio arduradunak.

Adituek diotenez, 16 urtetik aurrera lortzen du gure garunak halako gailu bat egoki erabiltzeko heldutasuna. Beraz, gomendioa: 16 urtetik gora eta ahal den neurrian, 18 urtetik gora. Utopia bat gaur egungo gizartean. Izan ere, gaur gaurkoz Euskal Herrian batez beste 12-13 urterekin erosten zaie haurrei lehen mugikorra. Gauzak horrela, zer egin daiteke? “Gida hau ibilbide-orri bat da, eta mugikorraren erabilerarekin lotutako hainbat gai biltzen ditu, baina, batez ere, sakelakoa emateko bide horretan zer egin dezakegun sakontzen du. Hori da proposatzen dena: mugikor horren ematea ahalik eta gehien atzeratzea, baina bitartean bide bat eta lanketa bat egitea eta lanketa hori egiteko proposamenak ematen dira”, azaldu du Arrizabalagak.

Erabilera hitzarmena

Helduentzako gidak adierazten duen bezala, azken 15 urteetan analogikotik digitalerako jauzia eman ostean, modu digitalean heztearen erronka ez da makala. “Lehenengo sakelakoa emateko bidean behetik gorako ibilbidea egin behar da” eta gidan fase bakoitzean eman behar diren argibideak daude, baita erabilera hitzarmen bat (mugikorra erabiltzeko baldintzak adosten duen dokumentu bat). “Azkenean mugikorra ematea edo nerabeen eskuetara mugikorra iristen denean -oso adin txikikoak- inolako hezkuntza edo heziketarik gabe egiten denean hortikan datoz erabilera desegokiak eta ondorio negatikoak. Emate progresiboa edo mailakatua izan behar du, adin-tarte bakoitzean dauden beharretara egokitua”, defendatzen du euskarriak.

Duela urtebete hasi zuen Izarkom-Euskal Herriko Telekomunikazio Kooperatibak sortzeko lana, eta hainbat adituren laguntza izan du gida osatzeko. Etorkizunari begira, “gida hau bizirik dagoen dokumentu bat da, ekarpenak eta aldaketak jaso ahal ditu eta ahalik eta gehien zabaltzea da gure helburua; behin Azoka amaituta, edozeinek eduki ahal izango du gure webgunean, eta aurrera begira, bigarren gida bat ateratzea aurreikusten dugu, kasu honetan 0-3 tartean hasita; teknologiei, mugikorrei, tabletei eta abarri buruz egiten dugun erabileraren inguruan” aurreratu zuen Arrizabalagak.

Argi dago lehenengo mugikorra emateko bidea urtetako ibilbidea dela. “Gaur egun, pantailen erabilpena oso normalizatua dago. Hori dela eta, helduok kontuan eduki beharko dugu zein erabilera egiten uzten diegun, horixe izango baita haien aurrekaria”, irakur daiteke gidan.