Durangoko Azokan, aurkeztuko da Xabier Lizardiren (Zarautz, 1896-Tolosa, 1933) antologia poetiko berria, Euskaltzaindiaren eskutik. Orain arte argitaratutako olerki guztiak biltzen dituen antologiarik osoena da, eta duela gutxi berreskuratu berri diren bi poemak ere jasoko ditu –Habiatxo eta Goiz-ibiltze–.

Euskaltzaindiak ohar baten bidez jakitera eman duenez, aurten ere Euskararen Akademia Durangoko Azokan izango da bere azken argitalpenak eskainiz. Aurten Lizardiren antologia nabarmendu behar, “liburu mardul eta interesgarria”, poeta eta idazle zarauztarraren lan guztiak errepasatuko dituena, orain arte argitaratu gabeko bi lanak barne.

Gainera, idatzitako euskara batuaren eredura hurbildu ditu poema guztiak Karlos Otegik, euskara batuan irakurtzera ohituta dagoenari Lizardiren testuen bertsio hurbilagoa eskaini asmoz.

Xabier Lizardik José María Aguirre Egaña zuen berezko izena; Zarautzen jaio bazen ere, umetan joan zen Tolosara familiarekin batera. Behin Madrilgo Unibertsitate Zentralean Zuzenbidean lizentziatu ondoren, Euskaltzaleak kultur erakundearen sorreran parte hartu zuen 1926an, bere izengoitia erabiltzen hasi baino urtebete lehenago. Haren poesia-lanik ospetsuenen artean ditugu Otartxo utsa, Paris 'ko Txolarre, Agur eta Urtegiroak. Horiez gain, artean gazterik, 36 urte zituela hil aurretik, liburuak, argitalpenak eta antzerki-lanak ere idatzi zituen.

Antologia berri hau larunbatean aurkeztuko dute Landakon, eta bertan izango dira Adolfo Arejita Euskaltzaindiko idazkaria, eta liburuaren editore lanak burutu dituzten Bakartxo Urruzola eta Karlos Otegi.

Beste argitalpen batzuk

Lizardiren antologiarekin batera, aurten argitaratutako hainbat argitalpen eramango ditu Euskaltzaindiak Durangora, besteak beste Margarita Nafarroako erregina (1492-1549). Antzezlanak eta gutunak (Ixabel Etxeberria); Bonifacio Echegaray, promotor y defensor del euskera (Lázaro Echegaray eta Koldo Somokueto); Euskarazko ahozko jarduna Nafarroako gaztetxoen artean: egoera eta aukera berriak (2022ko Jagon jardunaldien emaitza); Ignazio Bergara goizuetarraren gutunak. Arranbide (Arano) eta Elama (Artikutza). 1787-1811 (Patxi Salaberri, Juan Jose Zubiri eta Iker Salaberriren ikerketa-lana); Creación, traducción, autotraducción (Olga Anokhina eta Aurelia Arkotxa); eta Euskara Batuaren Eskuliburuaren bosgarren edizioa.