Bernardo Atxagak ez du atzera begira egoteko ohiturarik, “amorrua” ematen omen dio iraganeko testuak berrikusi beharrak. Halere, Asun Garikano itzultzaile eta lankide fidelarekin Bi anai (1985) eleberriaren hitzak eta formak orraztu ditu, Ereinen eskariz. Hain zuzen ere, irudizko Obaba agertzen den Atxagaren lehen nobelaren hirugarren edizioa kaleratu berri du argitaletxeak , gaur egungo euskararen arauetara moldatuta. Obaba hori, idazlearen Asteasu jaioterriko trasunto hori, bere ibilbidearen “berme gunetzat” du Atxagak. Horrela adierazi du gaur, ostiralarekin, Donostiako Gastronomiako Euskal Anaiartean Ereinek kazetarientzat eskainitako gosari-informatiboan. Idazleak, idazle den heinean, bere praktika aurrera eramateko garaian, atzean aldarte “politiko bat” edo “ideologia bat” behar duela iritzi du orain gutxi argitaratutako Paradisuaren kanpoko aldeak liburuaren autoreak. Zentzu horretan, Obaba “estigma” baten kontra sortu zuela gogora ekarri nahi izan du, konkretuki euskal landa munduaren estereotipo “homogeneizatzailearen” aurkako “borroka” bezala planteatu omen zuen. Landa-eremuko herritarrak, “balioaren mapa batean, ertzetan agertuko” lirateke: “Gure jendea ezjakina zen, superstiziosoa, oraindik karlista, kosmopolitismoaren aurkakoa...”. Kontrako ezaugarri edo “begiratu goxoen” aurka ere egin nahi izan zuen, “barojismoak” Euskal Herriren inguruan inposatutako horien kontra.

Errealismo magikoan hain ondo errotutako alegiazko herria nola jaio zen gogoratu du. 1982. urtean, irrati nobeletako gidoiak idazten zituen. Eta horretan zebilela, Obaba bezalako unibertso baten beharra sentitu zuen. Hori bai, irratirako eskaini beharrean bere golkorako gorde zuen lehen ideia hura eta, azkenean, Obabakoak bilduman argitaratu zuen, Camilo Lizardi erretore jaunaren etxean aurkitutako gutunaren azalpena ipuinean.

Aurretik, ordea, kontakizun horren “arnasarekin”, aipatutako estereotipoei aurre egiteko lehen hurbilketa aurkeztu zuen Bi anai eleberrian. Asmatutako Obaban kokatuta dago Paulo eta Daniel anaien kontakizun laburra. “Psikologiarik” gabeko eleberria sortzera jo zuen, aurretik “narrazio naturalista” bat aurreikusi bazuen ere. Hori bai, oso propioa zuen ingurune horretan, landa eremuetako erlijio katolikoaren pisua ere azaleratu nahi izan zuen. Horretarako, Jainkoaren figuraren ordezko bat sortu zuen, Mintzoa deritzona. Izaki “gupidagabe” hori, hain zuzen, Obaba inguruan dauden txori, katagorri, antzara, izar eta sugeei mintzatzen zaie, bere nahia bete dezaten. Hau da, zelatan edo, Paulo, Daniel eta beste hainbat pertsonaiei segika ibiltzen dena, haiek egiten dituztenak erregistratzeko eta, honenbestez, irakurleari aldiberekotasunez deskribatzeko. Animalia horiek guztiak dira kontakizun kaleidoskopiokoaren narratzaileak, pentsamenduak ere ezagutzen dituztenak. Horrek ez du esan nahi, ordea, Atxagak adierazi bezala, ekintzen epai edo arrazoiketa psikologikorik dagoenik, idazleak haietatik ihes egin nahi izan zuelako.

'Bi anai', zenbait aldaketa

Atxagak ondoan izan du gaur edizio lan berria zuzendu duen Garikano. 1988. urtean Obabakoak argitaratu zuenetik elkarrekin ari dira. “Bakarka ez nintzen iristen nahi nuen lekura”, aitortu du idazleak, lankide eta bikote ere badenaren ekarpena goraipatuz. “Gogo txarrez” bada ere, esan du broma eginez autoreak, Garikanoren aholku eta proposamenak jarraitu omen ditu. Testuan egindako aldaketa asko “automatikoak” izan direla azaldu du edizioaren arduradunak, hizkuntzaren araudiek zuzenean ekarri dituztelako. Beste hitz edo lokalismo batzuk ere kendu egin dituzte, irakurlearen ulergaitasuna ahalbidetzeko asmoarekin, kontzeptu aldrebesek irakurlea narraziotik atera dezaketelakoan.

Gainera, hirugarren edizio honetan, lehen aldiz, atal bakoitzak izenburu propioa du, bakoitzak bere narratzaileari sarrera ematen diolarik. Beste azken aldaketa bat ere egin dute, amaieran konkretuki. Bere garaian, atzerriko kritiko batek Bi anai laudatu zuela ekarri du gogora Atxagak, hori bai, idazle europarrek zuten “arte eta saiakera” moldeetan, amaierak ez omen zuen nahi beste asetzen. Hori hobetzeko intentzioarekin, azken pasadizoa ere orraztu egin dute idazleak eta edizioaren arduradunak. Hori bai, aurreko bertsioren bat irakurria duenak bakarrik antzemango dio zein den testu honetako berritasuna.