Prosaz, poesiaz, testu laburrez eta gogoetez osaturiko Paradisuaren kanpoko aldeak. Idatzi komikoak eta tristeak liburua argitaratu berri du Bernardo Atxagak, berriro ere, Pamielaren eskutik, 2018. urtean eleberrigintza alde batera utziko zuela iragarri ostean. Donostian izan da aurkezpena eta, haren erretorika jasoari zor dion legez, Atxagak artearen historiako pasarte bat ekarri du gogora. XV. mendea amaitzear zela, Michelangelok La Pietà lanaren kalitate eskultorikoa goraipatzen zutenei honakoa esan omen zien: eskultura harkaitzaren marmolaren barruan zegoela, hark soberan zegoen harria bakarrik kendu zuela. Zentzu berean, Atxagak bere literaturaren ibilbidean “muina” topatu nahi izan du, berak ere, sobera zitzaizkionak alboratuz: “Nire helburua da masa edo harkaitz horretan zeuden obrak azaleraztea”. Horren emaitza da, hain zuzen, Paradisuaren kanpoko aldeak liburukia. “Konparazio bat da, ez dut La Pietà-ren parekorik aterako...”, broma egin du.

Sormenaren geografia berrietan murgildu bada ere, Pamielako editoreen ustez, Atxagaren azkenak badu izan zenetik asko. Etiopiaren “haizeak” topa litezke bertan, baita ere Henry Bengoa inventariumen “oihartzunak”, Paradisua eta katuaren “umorea”, Txoriak kolpekaren “dramatismoa” edo Markak saiakeraren “hausnarketak”. Mehatzari lan horretan, autoreak “horrelako muin bat” bilatu nahi izan du, liburu bat non bere esperientzia literarioan “pentsatutakoak” eta gauzatu zituen “testurik onenak” biltzen diren. “Ez da gogoeta liburu bat, ezta filosofia liburu bat ere. Narrazio, testu labur, idatzi labur eta ez hain laburrez osatutako nukleo bat da Paradisuaren kanpoko aldeak”, azaldu du.

Hori guztia lortzeko, periferietara jo du idazleak. Hau da, emari berria paradisuaren kanpoan kartzelatutakoekin elkarbanatutako esperientzien ondorioz jaiotako lana da. Hain zuzen ere, hainbat espetxetan izandako literatur-irakurketek bultzatu zuten Atxaga bilduma hau osatzera. Frantzian barrena egindako bidaiaren lehen geldialdia, Mauzac-eko kartzela isolatuan izan zen -gerora etorri ziren, Neuvic sur l’Isleko espetxea eta château, Saint-André-d’Allas herria eta Martuteneko kartzela-, bertan sortu zitzaion liburua sortzeko ideia. Oso preso mota “bereziak” topatu zituen. Irakurraldirako prestatutako karpetan, Itoizen Desolatio zeraman. Baina nola irakurri, bataz beste, 15 urte baino gehiagoko espetxealdiko kondena zuten presoen aurrean atsekabeari buruzko poemarik? “Zertan etorriko da kanpoko bat hori gogoraztea?”, galdetu zion bere buruari. Pentsamendu horren atzetik beste hausnarketa bat etorri zen; “literarioa”, kasu honetan. Hainbestek entzundako abestiaren letrak, kartzelako patioan “intentsitate” berezi bat hartuko zuelakoan, errezitatzeari ekin zion, “lekuak eta entzuleek poema osatu” egiten baitzuten. Beraz, Paradisuaren kanpoko aldeak aurrean duenak, ez du irakurlearen bakardadean irakurriko, aurretik esperientzia horietan parte hartu duten lekukoek lagunduko baitiote: “Presoekin eta herritarrekin batera irakurriko duzu, nahi eta nahi ez, narrazioaren bidez leku horietara eraman nahi zaitudalako”.

Zentzu berean, liburuko beste bi ertz ere aipatu ditu Atxagak. Testu gehienak, “dramatikotzat” jo ditu, Martuteneko espetxean gertatutako esperientzia kenduta. Bertan, euskal literatura zaharraren inguruan mintzatu zen. Presoak, ordea, ez zeuden oso adi, lehen aldiz patioan, ohikoan erlaziorik ez duten gizonen eta emakumeen moduluetako kideak bildu baitziren. Azkenik, idazleak azpimarratu nahi izan du, testu horietan “periferiako” jendearengan, pobreengan, jarri nahi izan duela begirada, literaturak askotan ahaztu izan dituenak.

Memoria batzuk, bidean

Bere bizitzaren harkaitzean lanean arituta, memoria batzuk ere prestatzen ari dela iragarri du Atxagak. Hori bidean omen da, eta horiek lirateke harri horrek gordetzen dituen eta bildu nahi dituen “bizipen sail batzuk”. Horiekin batera, “horrelako pentsamendu liburu bat” ere etorriko dela aurreratu du idazleak. Gaiekin, ezustean, “topo eta talka” egin ohi duela esan du eta, horiei buruzko hausnarketak korrika batean idazten dituela. “Ez dakit asko eskatzen ari naizen denboraren jabeari baina hori ere aterako da noizbait”, esan du.