Arabako Bertsolari Txapelketaren finala nahi baino beranduago jokatu da pandemiaren ondorioz, baina itxaronaldi horrek are zirraragarriago bihurtu du Peru Abarrategiren garaipena. Bertsoen plaza berria zen Europa Jauregian, Aramaiokoa izan zen nagusi larunbatean. Oholtza gainean lagun izan zituen Manex Agirre (bigarren puntuaziorik onena lortu zuena), Oihane Perea, Iñaki Viñaspre, Xabi Igoia, eta une batzuetan urduritasunak kateatu arren, egindako lanarekin pozik egoteko moduan izan zen Paula Amilburu hasiberria. Egia esan, guztiak izan baitziren txapelketaren azken ekitaldiko protagonista, halako batean, bitan ahalegina egin eta pandemiak galarazi ondoren, udaberri honetan burutu ahal izan den lehiaketaren itxieran.

Abarrategik ezusteko handia eman zuen bere lehen txapela irabazita, eta protokoloa goitik behera irauli zuen Serapio Lopez Ortuetaren eskutik jaso zuen. Baina gauzak nola izan diren kontuan hartuta, nori axola horrek? Honez gero Arantxa Sobrino Lasa aurkezleak barkatua izango dio bizitako unea. Pasadizo horretatik haratago, egia esan, Aramaioko bertsolaria maila bikainean aritu zen une oro; umore fina eta eszenatokia dotore menderatzen duela erakutsi zituen, bere bigarren finala zela kontuan izanik.

Txapela eskura-tzeko bidea ez zion batere erraz ipini Manex Agirrek, biak izan baitziren arratsaldeko azken zatiaren protagonistak, eta Abarrategik oso mezu argiarekin itxi nahi izan zuen saioa: Araba lurralde txikia da, eta ez da ez distantziarik ez konplexurik eduki behar euskararen bidean, Aramaion ala Oionen egon. "Merezi duen moduan zaindu zazue Araba". Azpimarratzekoa da, lasaitasun harrigarriz kantatu zituela azken bertso horiek, irabazlearen izena jakitean berak eta gainerako kideek izan zuten erreakzioa kontuan hartuta. Dagoeneko lau txapel badituen eta hirugarren geratu zen Perea, apur bat hunkitu ere egin zen.

Txapelketaren finala lekuz aldatu dute aurten, eta Arabako Bertsozale Elkarteak final hau, uzten badiote, berriz ere Nagusira eramatea mesedegarri izango litzatekeela uste dugun arren - Europa jauregiak ez du behar besteko edukierarik eta ez da hain goxoa horrelako ekitaldi baterako -, Arabako Bertsolari Txapelketako finalean giro aparta bizi izan zen. Amaiera borobila eman zitzaion apirilaren 1ean Amurrion hasitako ibilbideari.

Kanpoaldean protagonista bero atmosferikoa zelarik, barruan en-tzuleek majo berotu zuten giroa, eta eskerrak horri, izan ere biltzar-jauregiko arduradunak aire egokitua jartzen tematu baitziren, goiko aldean zeuden epaileek eta kazetari batzuek jertsea ipini ere egin behar izan zutelarik. Gainerakoan, entzuleen grina ohikoa izan bazen ere, esango genuke faltan bota zirela, esate baterako, Principal antzokiko harmailak eta anfiteatroa jan-tzi ohi dituzten pankartak. l