"Dozena eskas" ikasle eta ikasle-ohiek Elhuyarren hazia erein zuen Donostiako Ingeniaritza Eskolan 1972an. "Kezka berdintsua" zuten gazte talde horretan zegoen Felix Azpiroz, egunkari honekin hitz egin duen sortzailea.

Garai hartan, "euskarak oso sarrera gutxi zuen" zientzia eta teknologiako hizkuntzan. "Premia handia zegoen" eremu haietan bultzada bat emateko eta horrek "bultzatu gintuen ahalegina bide horretan egitera", gogoratu du Azpirozek.

  • Gehiago: Elhuyar, 50 urte euskara eta zientzia uztartzen

Taldearen lehenengo proiektuak bi izan ziren. Batetik, zientzia eta teknologiaren arloetarako euskarazko terminologia zuen hiztegia. Hitz horiek "guk aukeratzen genituen" eta, horretarako, lehenbizi, heurek idatziriko artikuluetan erabiltzen zituzten, "kontestuan" jarri eta "nola ulertzen" ziren ikusteko. Eta hala sortu zuten bigarren ekimena, testu horiek argitaratzen zituen Elhuyar.

Frankismoaren azken urteak izanik, askatasun falta nabarmena zen eremu batzutan. Argitaratzeko baimena lortzeko, testu guztiek zentsura pasa behar izan zuten, adibidez. Ez zuten arazorik izan, aldiz, bilerak egiteko. "Gurea ez zen gai nabarmena edo politikarekin zerikusia zuena", dio Azpirozek. Círculo San Ignaciok San Martzial kalean zuen "toki atseginean" egin zituzten elkartzeakCírculo San Ignacio.

Urteak pasa ahala, Azpiroz Elhuyarren jardunetik aldendu egin zen; 1976an industriaren munduan hasi zen, eta "ez nuen denborarik izan". Hasierako kideetako batzuk, bestalde, euskararekin lotuta jarraitu dute nolabait, "batzuk Euskaltzaindian eta beste batzuk Eusko Jaurlaritzan".

Atzera begira, 1972ko gazte horiek ez zuten aurreikusi heuren ekimenak izan zezakeen etorkizuna; "guretzat harrigarria gertatu da", aitortu du Azpirozek. Arrakastaren ardatzak "militante langintza" eta instituzioek Elhuyarren "mezua jasotzen eta ugaltzen" jakin izana direla uste du.

  • Gehiago: adimen artifiziala, makinek gizakiek bezala hitz egiteko gakoa

Ereindako haziaren emaitzak ikusita, zoriontasuna besterik ez datorkio burura. "Poztasun handia da gure seme-alabak eta bilobak euskaran txertatuta ikustea", baieztatu du.