- Datorren irailaren 6an, Elkanoren Lehorreratzea "Bira bat, 100 mundu" lelopean ospatuko da. Hala iragarri du bertako Udalak. Gainera, aurten 100 urte beteko dira lehen aldiz egin zenetik eta 500 lehen mundu bira osatu zenetik. Urteurrenak aitzakia hartuta, jatorrizko data berreskuratuko du ekitaldiak: irailaren 6a.

1922an lehen aldiz antolatu zenean, Elkano eta hiru urteko bidaiari eutsi zioten gainontzeko tripulazio kideak Sanlúcar de Barramedara itzuli ziren eguna errespetatuz antolatu zen -aurrerago abuztuan egiten hasi bazen ere-. Orain, egun hau jaiegun izendatu da Euskal Autonomia Erkidegoko egutegian, eta beraz, orduan egingo da Elkanoren Lehorreratzea.

Ez dira izango horiek aurtengo Lehorreratzeak jasoko dituen berrikuntza bakarrak. Joan den urteko irailetik abendura bitartean elkarrizketa gune desberdinak antolatu zituen Getariako Udalak herritarrekin, getariarrek ekitaldia nola bizi eta sentitzen duten jakiteko, baita etorkizunean nola egin nahi duten hausnartzeko ere. Ondorio txostena prestatu dute jada, eta bertako proposamenak jasoko ditu ekitaldiak. Hala nola, kontakizuna, an-tzezpena, parte-hartzea eta parekidetasuna, ezagutzaren pedagogia eta sozializazioa, baita logistika kontuak ere.

Etorkizuneko norantza horrekin bat eginda, aurtengo Lehorrera-tzean zer eta nola txertatu daitekeen zehaztea izango da hurrengo pausoa. Horretarako, berrikuntzak erabaki eta lantzeko, talde bat osatu da, orain arteko parte-hartze prozesuan aritu den bizilagunekin. Udaletik iragarri dutenez, hilabete honetan hasiko dira biltzen eta 2022ko ediziorako "urratsak" ematen. Moldaketak "gradualak" izango dira, baina "ausardia punttu bat" ere eskatu dute elkarrizketa foro desberdinetan parte hartu duten herritarrek, mezua helarazteko momentuan.

Euskadik Fitur Nazioarteko Turismo Azokan duen gunean aurkeztu zuen atzo Getariako Udalak, Lehorrera-tzea. Bertan izan zen Haritz Alberdi alkatea edizio berezia ezagutzera emateko sortu diren irudia eta leloa aurkezten. Ane Pikaza ilustratzaileak egin ditu irudiak, Julen Larruskainen zuzendaritzapean.