Bertsozale elkarteak jakinarazi duenez, 2022ko udazkenean egingo da Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 18. edizioa. Getxon abiatuko da irailaren 24an eta Iruñean bukatuko da abenduaren 18an. “Pandemiak eragindako egoera leundu den honetan, lurraldeetako txapelketak ahalik eta normaltasun handienarekin bururaino eramateko modua izango dela aurreikusi dugu”, azaldu du Bertsozale elkarteak.

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren helburua Euskal Herrian zehar, herrialdez herrialde eragitea eta bertsolaritza sustatzea da. Horren ondorioz, elkatearen arabera, saioen bidez zaletasuna areagotzen da, bertso-eskolentzat “bizigarri” dira eta “ilusio piztaile” da tokian tokiko bertsogintzan.

Gainera, finala Iruñean izateak Iruñerrian eragitea du xede, izan ere, 2005tik gaurdaino BEC-en ospatu baita. “Ez da asmo isolatua, Nafarroan bertsolaritza sustatzeko ahalegin handia egin du Nafarroako Bertsozale Elkarteak 1984. urtetik. Horren ondorio da, besteak beste, Nafarroako Gobernuak 2018an bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatu izana”, azaldu dute.