- Bertsozale Elkarteak Bertsolari Txapelketa Nagusia atzeratzea erabaki du, datarik zehaztu gabe. Ekitaldia 2021ean jokatuko litzateke pandemiarik ez balego, baina egoerak behartuta ez da txapelketarik izango hurrengo urtean.

Bertso saio ugari bertan behera geratu dira aurten, eta bertso-eskolek zailtasunak dituzte normal aritzeko. Bertsozale Elkarteak atzo argitaratu zuen oharraren arabera, "orain pentsaezina den jende multzoa elkartzen duen kultur ekitaldia da txapelketa", eta osasun irizpideak direla eta, parte-hartzaileren bat parte hartu ezinik geratzeko arriskua dago.

Gauzak horrela, txapelketa behar bezala hasi eta bukatzeko "bermerik" ez dagoela adierazi zuen.

Erabaki hori hartzeko, aurten aurreikusita zeuden txapelketekin gertatu dena hartu dute aintzat. "Udazkenean bi txapelketa genituen jokatzekoak, eta atzeratu egin ditugu biak: Bizkaiko Bertsolari Txapelketa zein Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa elkartzen dituen Xilaba txapelketa", adierazi zuen Bertsozale Elkarteak. Lehenengoan, Udabarria Bertsotan sailkapen fasea egin ostean ondorengo pausoa ez ematea erabaki zuten. Eta bigarrenean, txapelketa eten zuten urriaren amaieran Iparraldean egoera okertu eta neurri berriak indarrean sartzearekin batera.

Halaber, 2021eko lehen hilabeteetan egitekoak ziren Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketak ere atzeratuko zirela iragarri zuten.

Hori dela eta, lurralde horietako txapelketak ez ezik, Txapelketa Nagusia ere atzeratzea erabaki dute, data berririk zehaztu gabe. "Pandemiaren bilakaeraren eta bertsolari-tzaren egoeraren arabera erabakiko dugu data berria", adierazi zuen Bertsozale Elkarteak.

Nahiz eta Txapelketa Nagusia momentuz bertan behera utzi, Bertsozale Elkarteak datorren urtean ere bertsolaritzaz gozatzeko guneak bultzatzen eta antolatzen jarraituko duela nabarmendu zuen. Osasun neurriekin bat datozen protokoloak adostu nahi dituzte kultura eta bertsolaritza seguruak izaten jarraitzeko.

Horretarako, herriz herriko bertso-eskolen eta antolatzaileen lana balioan jarri eta plaza susta-tzeko ekimena aurkeztuko du datozen egunetan.

2021eko lehen hilabeteetan egitekoak ziren Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketak ere atzeratu egingo direla jakinarazi dute