Maite Larburubiolinista

Maite Larburu biolinistak 'kRak' izeneko diskoa kaleratu du

24.10.2021 | 01:29
Maite Larburu biolinistak 'kRak' izeneko diskoa kaleratu du

donostia kRak diskoa Maite Larburu biolinistak kaleratu du Zart diskoetxearekin. Hamaika abesti biltzen dituen disko-mosaikoa da, izan ere, bertako kantak proiektu desberdinetatik bildu baititu. Pitzadura ani-tzen inguruan hitz egiten dute abestiek, baina batez ere maitasunaren inguruko disko bat dela azaldu dio egunkari honi.

Noiz eta zergatik hasi zinen biolina jotzen?

–Zazpi urterekin hasi nintzen, orduan kontserbatorioa deitzen zi-tzaion Hernaniko musika eskolan. Ausaz aukeratu nuen zerbait izan zen. Egia esan, etxean ez dago musikaririk, musika zaleak bai ordea; gurasoak oso kantu zaleak dira eta kantatzea asko gustatzen zitzaien. Bestalde, nire ahizparekin eta nebarekin hamabi urteko aldea daukat eta gazteak zirenean beraiek entzuten zuten musika en-tzuten nuen. Horiek ziren nire erreferenteak. Jende gehienak garai horretan akordeoia, trikitixa eta antzeko instrumentuak aukeratzen zituen, baina nik anai-arreba pixka bat punkiak neuzkanez beste zerbait nahi nuen. Pianoaren eta biolinaren artean zalantzan egon nin-tzen eta azkenean biolina aukeratu nuen. Etxean bazegoen Vivaldiren Lau urtaroen kasete zahar bat eta ez dakit horrek bultzatu ninduen edo besterik gabe izan ote zen.

Nolako ibilbidea egin duzu kantautore gisa disko bat argitara-tzera iritsi zinen arte?

–Kantautore bezala nire lehenengo diskoa 2013an atera nuen, 2016an bigarrena eta 2019an nire izena daukan lehendabiziko diskoa kaleratu zen, baina ibilbidea luzea izan da. Biolinista klasikoa naiz eta izan naiz, antzinako musikan espezializatua. Nire lanbidea musika klasikotik egin dut eta bat-batean kantuak idazten hasi nin-tzen antzinako musika egiten zuen eta gitarra jotzen zuen bizilagun oso on bat neukalako. Elkarrekin jolastuz hasi nintzen kantuak sor-tzen eta horrela atera zen Neighborren lehendabiziko diskoa, Euskal Herrian kaleratu zena. Hortik aurrera kantuak idazten jarraitu eta gero, 2019an proiektuari izena aldatu nion. Neighbor izan beharrean Maite Larburu deitzea erabaki nuen dagoeneko ez nintzelako Amsterdamen bizi eta proiektua Euskal Herrian lekutzeko ere bai.

Zure azken diskoa da 'kRak'. Nolako abestiak eskaintzen ditu?

–Gaiak oso anitzak dira. kRak izena jarri diot nolabait badagoelako kantuen artean lotura bat zatitutako lekuak ardatz dituena. O abestia adibidez zulotxo bat da, Arrailak kantak pitzadurei buruz hitz egiten du eta badira maitasunaren inguruko kantu asko ere. Maitasunak beti egiten digu krak, zerbait hausten da gure barruan eta diskoko gaiak anitzak dira, baina maitasuna izango litzateke oinarria krak handiena horrek egiten digulako. Horrez gain, izenak erreferentzia egiten dio album honetarako proiektu desberdinetatik abesti asko bildu ditudalako. Horietako bat Amua antzezlana izan da, bertan parte hartzen dut eta diskoko kantu batzuk antzezlanerako ida-tzi nituen. Gero badira beste ba-tzuk Fruitu arraroak izeneko emanaldirako idatzi nituenak eta beste batzuk nire musikagintzaren garapenean sortu ditudanak. Beraz, disko-mosaiko bat da, zati desberdinez osatuta dagoen loron-tzi bat.

Irailaren 30ean aurkeztu zenuen Donostian. Nolako harrera izan zuen?

–Harrera ona izaten ari da. Entzun ditudan aipamenak politak izan dira, baina poliki-poliki etortzen dira. Nahiz eta diskoa aurkeztu, oraindik jendearengana iritsi behar duzu eta diskoak denbora behar du jendearen barnean sartzeko. Lehendabiziko erreakzioak onak izan dira; txarrak ere egongo ziren, baina txarrak ez dizkizute esaten. Beraz, orain arte erreakzio onak izan ditut, batzuk zoragarriak, eta ikusiko dugu nola jarraitzen duen. Nire ustez diskoak askotan entzuteko eginak dira eta gustatuko li-tzaidake gainera horrelako disko bat izatea, entzuteko gogoa ematen duena alegia. Nik baditut disko batzuk bizitzan zehar beti entzuten ditudanak, eta kRak horrelako zerbait izango balitz oso pozik sentituko nintzateke.

Harkaitz Cano idazlearekin elkarlanean aritu zara diskorako. Nolako esperientzia izan da?

–Beti da aberasgarria Harkaitz Canorekin lan egitea. Oso artista eskuzabala da, entzun egiten zaitu eta ulertu ere bai. Badaki nola piztu zure aletxo artistikoa eta oso pertsona berezia da, benetan. Altxor handi bat du bere baitan, eta nik uste dut bestearengan barruko berezitasuna pizteko gaitasuna dela.

Aipatzekoa da 'Arrailak' abestia Aldabako Arizmendi baserrian aurkitutako bertsoez osatuta dagoela. Zein istorio dago horren atzean?

Egia esan, ez dakit oso ondo. Kontatu zidaten kutxa zahar batean bertso batzuk zeudela harmonika batekin eta ez dakit ba ote zekiten hori aspaldian han zegoenik edo bat-batean aurkitu zuten. Familia daukat Aldaban eta horrela iritsi zitzaidan berri hori. Bertsoak begiratzen hasi nintzen eta irakurri nituenean txundituta geratu nin-tzen. Beraz, kRak diskoari bueltaka nenbilela, pentsatu nuen istorio horretan bazegoela beste pitzadura bat, izan ere, kontatzen da emakume bati nola etorri zitzaion bere lehen hilekoa eta pentsatu nuen emakumeok badugula pitzadura bat gu egiten gaituena. Beraz, erabaki nuen arrail horrek diskoan egon behar zuela. Horregatik, bertsoak hartu eta errepika gehitu nien pixka bat diskoaren gaiarekin lotu ahal izateko.

Lehen aipatu duzu diskoko abesti batzuk 'Amua' antzezlanerako egin zenituela. Nolako antzezlana da?

Maitasunaren inguruko gogoeta bat da, antzezlanaren bitartez gara-tzen dena. Maitasun hirukote baten istorioa kontatzen da eta protagonistaren izena Ana da, nik egiten dudan pertsonaia. Anak bi maitale ohi gonbidatzen ditu asteburu pasa Iratiko etxola batera. Hirurek ez dute 20 urtez elkar ikusi eta gainera, maitale ohi horiek ez dakite hiru izango direnik. Hor abiatzen da istorioa eta hori erabiltzen da maitasunaren inguruko gogoetak partekatzeko.

Aktore gisa lan egiten duzun lehen aldia da?

Bai, izan ere, agertoki gainean urte asko igaro ditut, baina musikari gisa. Esan dezaket badudala performancean aritzeko gaitasun bat, baina ez naiz aktorea.

Nola sentitu zara pertsonaia bat interpretatzen?

Bueno, denetik egon da. Gogorra ere egin zait, inoiz egin ez dudan zerbait izan delako. Alde batetik, ezjakintasunaren eskutik sartu behar zara horrelako zerbaitetan eta uste dut pixka bat inkontzienteki izan zela, pentsatuz musika sortuko nuela eta noizbehinka esaldi batzuk botatzen zituen pertsonaietako bat izango nintzela. Baina pixkanaka ohartzen joan nintzen protagonista ni nintzela eta momentu horretan ez nekien non sartu nintzen. Egia esan, ahotsarekin lan egitera ohituta nengoen, baina mugimenduarekin hasi ginenean erabat ezjakin sentitzen nintzen. Momentu hori gogorra izan zen, baina eskerrak koreografo bat etorri zela eta ikaragarri lagundu ninduela. Momentu politak ere badaude, zuregan ezagutzen ez zenituen alde ba-tzuk deskubritzen dituzunean batez ere.

Antzezlanean zuzeneko musika egiten duzue. Nola bizi duzu an-tzeztetik musika jotzera pasatzeko trantsizio hori?

Hasiera batean dena kostatzen zi-tzaidan. Buruan gauza berri asko nahastu behar nituen eta uste nuen asko kostako zitzaidala antzerkitik musika egitera pasatzeko salto hori egitea. Baina egia esan, nahiko erraz suertatzen zait, katarsi moduko bat baita niretzat. Badago gozamen bat antzerkia egiten dudanean, baina niretzat gozamenik handiena musika egitea da. Beraz, batetik bestera joatea asko eskertzen dut.

Diskoa aurkezteko kontzertuak programatuta al dauzkazu?

Pixkanaka ari dira etortzen. Irailean lau kontzertu egin ditugu disko berriarekin. Estreinaldi ofiziala irailaren 30ean izan zen, baina aurretik beste hiru kontzertu ere egin genituen aurrestreinaldi moduan. Hurrengoa Usurbilen izango da azaroaren 13an eta hor gabiltza datak hitzartzen. Zart izeneko diskoetxe berri batekin atera dut diskoa eta bertako pertsona bat hartu dugu kon-tzertuak mugitzen laguntzeko.

"Baditut disko batzuk bizitzan zehar beti entzuten ditudanak, eta 'kRak' horrelako zerbait izango balitz oso pozik nengoke"

"Momentu politak ere badaude, zuregan ezagutzen ez zenituen alde batzuk deskubritzen dituzunean batez ere"


noticias de noticiasdegipuzkoa