‘Poesiak orduak’, bihar eta asteartean Victoria Eugenian

Leire Bilbao eta Maite Larburuk ‘Etxeko Urak’ poema-liburuaren errezitaldi musikatua eskainiko dute bihar

04.09.2021 | 23:47
Poesia jardunaldien kartela.

DONOSTIA – Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan Poesia Orduak errezitaldiak eskainiko dira bihar eta asteartean (19:30ean), Donostia Kulturak eta Euskal Idazleen Elkarteak antolatuta. Sarrera doakoa izango da lekua bete arte, eta gonbidapenak Victoria Eugenia antzokiko leihatilan jaso ahal izango dira emanaldien egun beretan, 17:00etatik aurrera.

Biharkoan, Leire Bilbao idazleak bere Etxeko Urak poema-liburuaren errezitaldia eskainiko du, musikatzen Maite Larburu lagun izango duelarik. Liburua aurrez ere aurkeztu izan den arren, hauxe izango da lehen emanaldi osoa eta Maite Larbururekin batera eskainiko den lehen aldia.

Leire oso gaztetatik ibili da bertsolaritzarengandik hurbil. Behin txapelketak eta plazak utzi ondoren, gai-jartzaile jarduten du sarritan. Gainera, hainbat komunikabidetan ere lan egin izan du gai horren inguruan.

Larburuk, berriz, biolina ikasi zuen musika klasikoaren esparruan eta antzinako musikan edo mugimendu historikoan espezializatu zen Amsterdamgo kontserbatorioan Nicanor Zabaleta sariaren laguntzarekin.

Azken 15 urteotan, Europa erdialdeko antzinako musika talde garrantzitsuenetako zenbaitekin lan egiteko aukera izan du.

Asteartean, Juan Sebastian Elkanoren itsas bidaian oinarritutako Poema Likidoak errezitatuko ditu Nahia Zubeldiak. Oholtza gainean, Lumi taldea osatzen duten Nahia bera eta Manu Matthys bikotea izango dira.

Ofizioz itzultzailea den Zubeldiak aspaldidanik idazten ditu testuak, bai musika sortu ere, besteak beste, Unama eta Lumi taldeetan. Manu Matthysekin batera osatzen du Lumi elektro-pop bikotea. Taldea 2014an sortu zen Ziburu eta Donibane Lohitzune artean, eta folk musika eta elektronikoa uztartzen dituzte.

noticias de noticiasdegipuzkoa